Abortua

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onespena eman dio 2010eko Abortuaren Legeari

PPk zuen jarria legearen kontrako helegitea, andrazkoek kasu jakin batzuetan bakarrik aborta dezaketela argudiatuta

Abortatzeko eskubidearen aldeko elkarretaratze bat. JAIZKI FOTANENDA / FOKU
arantxa iraola
2023ko maiatzaren 9a
16:24
Entzun

Espainian abortuak arautzeko 2010ean ondu zuten legearen bidez, zabaldu egin zuten haurdunaldiak borondatez eteteko aukera; lehen hamalau asteen barruan inolako arrazoibiderik eman gabe aborta daiteke ordutik. Aurrez, legean ezarrita zegoen bortxaketen ondoriozko haurdunaldietan, fetuak malformazioak zituenean eta andreen osasuna arriskuan zegoenean baino ezin zitekeela eten haurdunaldia. PPk 2010eko aldaketaren aurka egin zuen urte hartan bertan, eta helegite bat jarri zuen horretarako Auzitegi Konstituzionalean. Gaur jakin da auzitegiak atzera bota duela helegite hori, behin betiko.

PPren helegiteak aurkako zazpi boto jaso ditu Auzitegi Konstituzionalean, eta aldeko lau; era horretan bota dute atzera. Helegitearen aldeko jarrera azaldu duten lau magistratuek epaiaren aurka egin dute, eta boto partikular bat eman dute horretarako. Boto partikular bat ondu du beste magistratuetako batek ere; eman den ebazpenaren mamiarekin bat etorri arren, bere irizpideak zein diren zehaztu nahi izan du.

Hamahiru urte behar izan dira auzitegiak helegite horren kontrako ebazpena emateko. Gaiaren gaineko adostasun falta argudiatu dute maiz auzitegian atzerapenaren kausa moduan. Otsailetik argi zegoen, dena dela, zein izango zen Auzitegi Konstituzionalaren erantzuna. Urtarrilean epaimahaia berritu zuten, eta jakina zen gehienek Abortuaren Legea zegoenean uztearen aldeko jarrera zutela.

Helegitearen alde egin duten magistratuetako batek ponentzia bat aurkeztu zuen justu urte hasieran. 2010eko legearen mamia onartu arren, legearen 17. artikuluaren kontra egin zuen; adierazi duen hor esaten dela soilik idatziz jaso behar dutela informazioa abortatu nahi duten andreek, eta horrekin ez dela aski. Ez zuen aski babes izan, ordea. Inmaculada Montalban magistratua hautatu zuten ondoren helegitearen gaineko ebazpena idazteko; haren soslaia aintzat hartuta, jakina zen 2010eko legearen alde egingo zuela, eta aldeko botoak ere jasoko zituela gero haren ebazpenak. Halaxe gertatu da.

Espainiako Gobernuko ordezkariek poza azaldu dute gaur erabakia dela eta. Isabel Rodriguez ministro eta gobernuaren eledunak, esaterako, esan du Konstituzionalaren ebazpenak argi utzi duela andreek «eskubidea» dutela haurdunaldia eteteko. «Ospatu egin behar dugu epai hau», nabarmendu du.
«Eskubide eta askatasunetan aurrera egite aldera» lanean ari direnentzat erabaki goresgarria dela adierazi du. PPk, berriz, bide bat bakarra du halako aurrerapausoen aurrean, Rodriguezen ustez: «Bertan behera uztea, edota helegiteak jartzea». Pentsatzen du jarrera horiek atzean utzi dituela gizarteak, oro har, eta ebazpenak bat egiten duela, oro har, abortatzeko eskubidearen gainean herritar gehienek duten jarrerarekin.

Aurrerago ordutik

Abortatzeko eskubideak 2010eko legetik izan ditu aldaketak, legealdi honetan onduak. Erreformaren ondorioz, orain 16-17 urteko adingabeek badute modua gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eteteko. Era berean, idatzizko informaziorik ez dute nahitaez jaso behar abortatzera doazen andreek, eta hiru eguneko epe bat ere ez zaie eman behar erabakiaren gainean hausnartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.