Albistea entzun

EH Bilduk uste du «erakunde askotan jauzi handia» egingo duela

«Herriz herri arnasten» ari da koalizio abertzalea «ilusioa eta baikortasuna». Ortuzarrek Otegiri erantzun dio «elkarbizitza lokatzera» eramateko saioaren adierazpena dela eta: «Lokatzan sartu nahi ez, eta eskuak sartu ditu sorbaldaraino».

Bakartxo Ruiz eta Uai Urruzuno, gaur.
Bakartxo Ruiz eta Uai Urruzuno, gaur. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko maiatzak 9

EH Bilduk 4.197 pertsona baino gehiago ditu hauteskunde zerrendetan, «herri eta hiri bizigarriagoak eta demokratikoagoak egiteko konpromisoa hartuta». Koalizioak azaldu du gizon baino emakume gehiago daudela hautagai gisa, eta, horietatik, «asko» direla gazteak. Politikarekiko «desafekzioa» dagoen arren, EH Bilduren proiektuarekin «konprometitzeko prest» daudela esan du koalizioak. Halaber, 7.500 ahaldun interbentore izango ditu EH Bilduk hauteskunde egunean. Kanpainan 1.700 ekitaldi baino gehiago egingo dituzte, era berean. «283 udal hauteskunde-zerrenda aurkeztea lortu dugu, aurreko hauteskundeetan baino hamahiru gehiago».

Bakartxo Ruizek eta Unai Urruzunok EH Bilduren hauteskunde kanpainaren nondik norakoak plazaratu dituzte gaur. Kanpainari «anbizio osoz» egingo diotela aurre nabarmendu dute. «Badakigu egiten, beste batzuetan egin dugu, eta berriro egingo dugu», esan dute. Lantegietan, kaleetan, herri mugimenduetan, «bidegabekeriei aurre egiten» dabilen jendeak osatu ei ditu koalizioaren zerrendak, «euskara, berdintasuna, ekologismoa edota justizia soziala sustatzen urte luzeak daramatzan jendeak». Ruizek esan du «herriz herri arnasten» ari dela koalizio abertzalea «ilusioa eta baikortasuna».

EH Bilduko bozeramaileek garbi esan dute maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak «oso garrantzitsuak» direla koalizioarentzat. «Hauteskunde ziklo bati hasiera emango diogulako, non hurrengo urteetarako jokaleku politikoa jokatuko dugun», azaldu dute. Euskal Herrian koalizioa lehen indar munizipalista dela gogoratu dute, eta «erakunde askotan jauzi handia» egin dezaketela uste dute. Gipuzkoa begiz jota dauka EH Bilduk, eta Nafarroa ere bai; «ez da ulertzen eskuina Nafarroako gobernutik eta udal askotatik kanporatu izana, Euskal Herria Bilduk izan duen indar eta zeregin erabakigarririk gabe».

Egoera horren aurrean «eskuinaren urduritasuna nabaria» dela uste du koalizioak. Dagoeneko «etorkizuneko Euskal Herria eraikitzen» ari dela ziurtatu dute EH Bilduko bozeramaileek, eta maiatzaren 28a «beste urrats bat» izango dela prozesu horretan.

Ortuzar eta lokatza

EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzar ere aritu da kanpainaren inguruan, Radio Euskadin, eta garbi utzi du PSE-EErekin aliantzak berritzeko prest dagoela, nahiz eta ez dakien «telefonoa hartuko ote duten», PSE «apur bat bihurri» ikusten duelako. Edonola ere, Ortuzarrek uste du EAJk ez dituela azken emaitzak hobetuko, «oso zaila delako emaitza zoragarri horiek hobetzea». Batera edo bestera, «hemen gehiengoak osatzeko aukera» dagoela esan du; «zergatik ez ditugu gehiengo horiek berrituko?».

Ortuzarrek helarazi du EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik PSE-EEri «eskua luzatu» diola, eta ez EAJri. «Bilduk gu ordezkatu nahi gaitu; gu kanporatu, eta, horretarako PSOE behar du, eta hauteskundeak irabazi, baina hori ez da gertatuko». Otegiren adierazpenei erantzunez, «betikoa», agintari jeltzalearen ustez, «batzuetan ona da»; aldaketa baino hobea dela azpimarratu du, «aldaketa hori txarra denean». Gipuzkoan, orain bi legegintzaldi egon zen aldaketa; Bilduk foru gobernua hartu zuenean, EAJko presidentearen arabera, «izugarri okerrera» egin zen. «Argi aldaketekin», ohartarazi du.

Era berean, Ortuzarrek Otegiri erantzun dio, hark «lokatza» aipatu zuelako atzo, alderdi batzuek ETAri erreparatzen diotelako aldiro-aldiro, «kudeaketaz ezin direlako aritu». «Lokatzan sartu nahi ez, eta eskuak sartu ditu, eta sorbaldaraino», esan du Ortuzarrek. Oroimenaren webguneen auzia gogoratu du ETA kanpainan aipatu behar izana arrazoitzeko. «Horretaz ere ezin badugu hitz egin... Jakina, ez dute gustuko, baina oso erraza dute: Urriaren 18ko adierazpena osa dezatela, eta bukatu da».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...