Euskozenoa plataforma

Euskozenoa aurkeztu dute, «euskal nortasunaren adierazpen libreak» sustatzeko plataforma

Euskalduntasunaren inguruko hausnarketa saioak antolatu dituzte, eta «interpretazio sortzaileak» adierazi, diziplina askotako artistekin lanean. Iruditeria berriak sortu nahi dituzte, «etorkizun posibleak irudikatzeko».

Izaro Arrutik, Javi Riverok, Ana Gazpiok eta Amaia Lejarretak aurkeztu dute gaur Euskozenoa, Errenteriako Badalaben. GOTZON ARANBURU / FOKU
Andoni Imaz.
2023ko maiatzaren 9a
17:34
Entzun

Plataforma bat da Euskozenoa, plataforma «independente, aske eta ireki» bat, eta «kultura astintzera dator», Ana Gazpio kidearen esanetan. Bilboko Dot kooperatibak jarri du martxan, Errenteriako (Gipuzkoa) Badalab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Euskalduntasunaren inguruan jarduteko proiektuak lantzen ari dira, «euskal nortasunaren adierazpen libreak» azaleratzeko asmoz. Gaur aurkeztu dute orain arte egindako lana, Badalaben egoitzan.

«Uste dugu imajinario berri bat behar dugula euskalduntasunetik etorkizun posibleak irudikatzeko», kontatu du Gazpiok; «erakargarria dena, indarra eta autoestimua ematen dizkiona komunitateari». Esparru zabal bat dute gogoan: «Etorkinak daude, bigarren belaunaldiko euskaldunak, euskaraz ez dakitenak, Euskal Herritik kanpo bizi direnak...». Horiek guztiak kontuan izanik bultzatu dituzte gizartean eragiteko «artefaktuak».

Hitzak proiektuan, hizkuntzaren bilakaera islatu nahi dute, hitz batzuk desagerraraziz (adibidez, jaun ta jabe eta amazulo) eta beste batzuk sartuz (lesbiama, inshallabedi). Munduratzeak izeneko proiektuan, euskal nortasunari buruzko hausnarketa saio kolektiboak antolatu dituzte. Bi saio egin dituzte oraingoz, bata euskal herritarrekin, eta bestea euskal diasporakoekin; larunbatean egingo dute hirugarrena.

Plataformaren barneko hirugarren «artefaktuak» Gorpuzteak sorta da: «Euskal kulturaren protagonista berriak irudikatzeko interpretazio sortzaileak». Bi gorpuzte egin dituzte: batean, El Chivo Peludo artista bisualak etorkizun distopikoak irudikatu ditu; bestean, Javi Rivero sukaldariak argazki berezi bat sortu du diasporarekin egindako saiotik abiatuta.

«Euskalduntasunaren inguruko sorkuntza bat egiteko proposatu zidatenean, berehala joan zitzaidan burua plater edo menu batera», azaldu du Tolosako (Gipuzkoa) Ama jatetxeko sukaldariak. «Baina errazegia zen...». Hausnarketa saioan entzundakoen artean, Riverori arreta piztu zion nola parte hartzaile batek baino gehiagok aipatu zuten mahai baten inguruan izandako egoeraren bat. «Euskal Herrian mahai inguruek garrantzi handia dute, egoera onak eta txarrak konpartitzeko». C. Tangana musikariak egindako Tiny Desk kontzertuko irudia etorri zitzaion burura, eta horrela sortu zen bere proposamena, ez zena plater bat, ezta menu bat ere, baizik eta kontzeptu hori biltzeko argazki bat. Momentu estudioarekin egin dute lan hori, eta prozesu osoa bideo batean jaso du Euskozenoak.

Hurrengo gorpuztea Amaia Lejarreta artistak egingo du. Margolaria da, eta body painting teknika lantzen du. Euskaldunen etorkizunari buruz hausnartuko du bere lanerako, eta Janire Etxabe dantzariarekin batera ariko da elkarlanean «formatu berri batean», Lejarretak azaldu duenez. «Etorkizunik ba ote dugun galdetzen dugunean, ni iraganera joaten naiz, eta hango informazioa eraldatzen dut, etorkizun bihurtzeko. Etorkizuna ibilian egiten da, esperientziaren bitartez».

Naturak garrantzi berezia izango du lan horretan, artistaren arabera: «Lurra oso garrantzitsua da euskaldunentzat, eta sen horrek izugarrizko magnetismoa du. Biok emakume sortzaileak garenez, sorginak garenez, euskal mitologia berreskuratu nahi dugu: gure gorputzetik pasatu, eta birmoldatu».

SOS Arrazakeriarekin saioa

Proiektu horietan guztietan, Euskozenoak Badalab laborategia du bidelagun. Izaro Arruti kideak eman du tokiaren definizio osoa: «Etorkizuneko interakzio fisiko eta digitaletan euskara existituko dela bermatzeko hizkuntza berrikuntza laborategia». Errenteriatik, eta hizkuntza komunitate osoa kontuan izanda, lankidetzak sustatzeko bideak jorratzen dituzte. «Hutsuneak bilatzen ditugu, orain arte egin ez den hori probokatuz, eta martxan dauden gauzak indartzen ditugu». Etorkizunari begiratuta, hiztun komunitatea «birpentsatu» nahi dute, «jarrera probokatzaile batez».

Han egingo dute Euskozenoak bultzatutako hirugarren munduratze saioa, Badalaben egoitzan, datorren larunbatean, SOS Arrazakeria elkartearekin batera. «Espazio seguru bat izango da pertsona horiek hizkuntzarekin eduki dituzten sinesmen, bizipen, min eta poz horiei guztiei tokia egiteko», azaldu du Arrutik. Gainera, saio horretan parte hartuko dutenek aukera izango dute prozesu artistiko bat abiatzeko Dejabu konpainiarekin.

Gaian interesa duten guztiak beraiekin bat egitera deitu ditu Euskozenoak, proiektu bereziren bat sortu nahi izanez gero. «Horretarako tokia dago hemen, eta, batez ere, babesa. Behar diren tresnak emango ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.