Euskaltzaindiak gutun bat bidali dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari, Euskal Filologia «berariazko jakintza arlotzat manten dezala» eskatzeko. Akademiak gaur eman du gutunaren berri, baina maiatzaren 4an bidali zuela adierazi du, txio baten bidez.
â;ÂÂ;€¼ï¸;ÂÂ;ÂÂÂEuskaltzaindiak Pedro Sánchez Espainiako presidenteari eskatu dio ‘Euskal Filologia’ berariazko jakintza-arlotzat manten dezala.
— Euskaltzaindia (@plazaberri) May 9, 2023
ð;ÂÂ;ŸÂ“œMaiatzaren 4an bidalitako gutun baten bidez.
ð;ÂÂ;ŸÂ‘‰Gutuna osorik, hemen: https://t.co/dumNNsoKYl#ekinetajarrai#euskalfilologiapic.twitter.com/ICuaYonNR3
Gutunean, Andres Urrutia Badiola euskaltzainburuak «kezka» adierazi dio Sanchezi, erakundearen izenean, Espainiako Gobernuak jakintza eremuak arautzeko lantzen ari den dekretuaren inguruan. Izan ere, horren 2. artikuluan, zirriborroak Hizkuntza Modernoak eta filologia hispanikoa, klasikoak eta antzinako mundukoak baino ez ditu aipatzen.
Euskaltzaindia kezkaturik dago, sailkapen hori ezarriz gero legeak aipatzen dituen arlo horien azpian geratuko litzatekeelako Euskal Filologia. «Mendekotasun horrek, baina, ez dauka inolako justifikaziorik, eta ulertezina da, ez baitu onartzen behar bezala ezarritako eta erraz bereizitako errealitate zientifiko eta akademikoa».
Horrez gain, gogoratu dio euskara hizkuntza ofiziala oinarrizko ikasgaia dela humanitate ikasketetan. «Hortaz, aitorpen zientifikoa eta ikusgarritasuna eman behar zaizkio nazioan eta nazioartean, Filologia Hispanikoari, Filologia Klasikoari eta estatuko gainerako hizkuntzei aitortzen zaien modu berean». Hori dela eta, Euskaltzaindiak eskatu du Euskal Filologia artikulu horretan berariazko jakintza arlotzat txertatzeko.
Joan zen astean harrabotsa sortu zuen Espainiako Gobernuko Unibertsitate Ministerioak Unibertsitate Lege berria garatzeko ondu duen errege dekretuaren proiektuak.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak alegazio bat igorri zion joan zen astean Unibertsitate Ministerioari, Euskal Filologia ezagutza eremu «zehatz» moduan txerta zezan. Beste hainbat erakunde eta alderdiren erantzuna eragin zuen zirriborroak.