Albistea entzun

PAKISTAN

Pakistango ministro ohiaren atxiloketak liskarrak eragin ditu herrialdean

Islamabadeko auzitegi batek zortzi eguneko badaezpadako atxiloaldia ezarri dio Imran Khani, ustelkeria egotzita. Agintarien arabera, ia mila lagun atxilotu dituzte, eta gutxienez lau pertsona hil dira. Ministro ohiaren PTI alderdiak protestan jarraitzera deitu du.

SOHAIL SHAHZAD / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko maiatzak 10 09:39

Pakistango ustelkeriaren aurkako indarrek Imran Khan ministro ohia atxilotu zuten atzo, Auzitegi Gorenean. Bada, atxilotu eta ordu gutxira, auzitegiak zortzi eguneko atxiloaldi prebentiboa ezarri dio gaur PTI Pakistango Justiziaren Aldeko Mugimendua alderdiko presidenteari. Khanen atxiloketak haserre olatua eragin du herrialde osoan, eta estatuko indarren eta manifestarien artean liskar gogorrak egon dira. Agintariek emandako azken datuen arabera, ia mila lagun atxilotu dituzte Punjaben, Pakistango probintziarik jendetsuenean. Horrez gain, gutxienez lau pertsona hil dira Khyber-Pakhtunkhwa eskualdean, eta 130 bat polizia zauritu. Liskar horien harira, gobernuak armadari eskatu dio ezar dezala «legea eta ordena» Punjaben, Khyber-Pakhtunkhwan eta Balutxistanen.

Tokiko komunikabideen arabera, Khan Islamabadeko auzitegi batean dute atxilo. Fiskaltzak hamalau eguneko behin-behineko espetxealdia eskatu du harentzat, baina oposizioko buruaren defentsak eskari horren aurka egin du. Qadir Trust auziarekin lotutako delitu batengatik atxilotu dute ministro ohia. Joan den ekainean, koalizio gobernu berriak salatu zuen Khanek eta haren emazteak, Malik Riaz pakistandar enpresariaren bitartez, ustez lursailak eskuratu zituztela unibertsitate bat jartzeko, 160 milioi euroren truke. Agintariek ehun delitu baino gehiago leporatu dizkiote, sedizioa eta ustelkeria barne.

Rangers unitateko 50 bat kidek hartu zuten parte Khanen atxiloketan; ministro ohia eta haren segurtasun taldea inguratu ondoren, oposizioko burua ibilgailu beltz batean sartu zuten. PTI alderdiak salatu duenez, operazio hartan Rangerseko indarrek indarkeria erabili zuten, eta zenbait lagun zauritu zituzten; torturak jasan zituztela ere salatu dute. Khanen defentsak esan du ministro ohiaren atxiloketa «erabat legez kanpokoa» izan dela, eta operazioa aztertzeko eskatu dio auzitegiari.

Xah Mahmood Qurexi PTIko goi buruzagiak adierazi duenez, alderdiko zuzendaritza «ahalegin berezia» egiten ari da Khanekin biltzeko. «Kalera ateratzeko dei egiten diegu PTIko kideei, langileei, jarraitzaileei eta Pakistango herriari, konstituzioaren aurkako jokabide horren aurka protesta baketsuak egiteko», esan du Qurexik, Twitterren. «Beti borrokatuko gara [lehen gobernadore nagusia izandako Muhammad Ali] Jinnahen Pakistanen alde».

Protestak baretzeko

Liskarrik bortitzenak Punjab probintzian daude, Pakistan ekialdean. Rawalpindi hirian, esaterako, hainbat manifestari armadaren egoitzara sartu dira indarrez, tokiko hedabideek jasotakoaren arabera. Gobernuko bozeramailearen esanetan, manifestariek Poliziaren 25 bat ibilgailu eta erakunde publikoetako hamalau eraikin hondatu dituzte.

Horiek horrela, armadako indarrak eskualde horretara bidaltzeko agindu du Barne Ministerioak, «probintzia osoan ordena mantentzeko» asmoz. Handik gutxira, Khyber Pakhtunkhwako eta Balutxistango gobernuek ere eskaera bera egin diote armadari, «ordena eta bakea» lehengoratzeko. Protestak baretzeko, salbuespen neurri batzuk ere ezarri dituzte Islamabaden eta Punjaben; besteak beste, herritarren bilkurak eta mugitzeko askatasuna murriztu dituzte.

Legea errespetatzeko deia

Pakistanen ez ezik, nazioartean ere erreakzio ugari eragin ditu Khanen atxiloketak. AEB Ameriketako Estatu Batuak eta NBE Nazio Batuen Erakundea «kezkatuta» azaldu dira herrialdean piztutako liskarren ondorioz, eta legea errespetatzeko deia egin dute. «Ziur egon nahi dugu Pakistanen gertatzen den edozer zuzenbide estatuaren eta konstituzioaren araberakoa dela», esan du AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek.

Antzeko adierazpena egin du NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere, Farhan Haq erakundeko bozeramailearen bitartez: «Arduratuta gaude Pakistango figura politikoak zintzotasunez tratatuko ote dituzten edo ez, eta prozesu judizial justua izango den edo ez. Gure kezkak aintzat hartuko dituztelakoan gaude».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ainu etniako hainbat kide dantza tradizional bat egiten, Kimitsu mendietako egoitza batean, Tokiotik 60 kilometrora, artxiboko argazki batean. ©E. K. BROWN / EFE

Hokkaidoko indigenen susperraldia

Josep Solano

Ainu herriak gutxienez bi mila urte daramatza Japonia iparraldeko eta Asia ekialdeko uharteetan; baina Tokioko gobernuak orain aitortu du komunitateak «hizkuntza, erlijio eta kultura propioak» dituela.

Volodimir Zelenski, herenegun, agerraldi batean. ©EFE

Zelenskiren arabera, Ukrainako indarrak kontraerasorako prest dira

Igor Susaeta

Ukrainako presidenteak adierazi du uste duela «arrakastatsua» izango dela. Beste hiru lagun hil dituzte Errusiako Belgorod eskualdean

Protestak Tbilisin, hegaldiak berrezarri zituztenean. ©ZURAB KURTSIKIDZE / EFE
Ezbeharra Balasore hiriko geltokian, drone batetik hartutako irudian. / ©Indiako Hondamendien Bulegoa - EFE

Gutxienez 288 pertsona hil eta 800 zauritu dira Indian, tren istripu batean

Jon Ordoñez Garmendia

Trena bat bidetik atera da eta beste tren batek jo du ondoren. Mende honetan Indian izan den tren istripu larriena izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...