Migrazioa

Bidenek esan du Mexikoko mugan «kaosa» izango dela migrazio politika aldatzean

Ostegunean bertan behera geratuko da 42. titulua, etorkinak iritsi ahala kanporatzeko AEBetako araua. Washingtonek jende oldea espero du, eta bi herrialdeen arteko «koordinazioa» iragarri du.

Migratzaile batzuk, atzo, Mexikoren eta AEBen arteko mugan, azken horretan sartzeko zain daudela. JORGE FUENTELSAZ / EFE
ander perez zala
2023ko maiatzaren 10a
12:50
Entzun

Egunak dira milaka migratzaile AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan biltzen ari direla. 2020ko martxoan, Donald Trumpek, koronabirusaren pandemia zela eta, erabaki zuen indarrean sartzea etorkinak iritsi ahala kanporatzeko araua, gatazka eta eztabaida handia eragin duen 42. titulua. Hain justu, neurri hori bertan behera geratuko da bihar gauerdian, eta migratzaileek aldaketa hori baliatu nahi dute AEBetan sartzen saiatzeko. Joe Biden herrialde horretako presidenteak uste du «kaosa» piztuko dela hegoaldeko mugan datozen egunetan, gaurko agerraldi batean azaldu duenez.

Etxe Zuriak lan handia aurreikusi du, eta horregatik mintzatu zen Biden atzo Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obradorrekin, telefonoz. Bi gobernuek «koordinazioa» iragarri dute jende olde horri begira, eta, egunotako adierazpenak entzunda, badirudi etorkinek muga militarizatu bati egin beharko diotela aurre AEBen aldean. Texasko gobernadore Greg Abbottek atzo esan zuen Guardia Nazionalaren indar bereziak bidali dituela hara, eta helikoptero bat eremua zaintzen ari dela; hilaren hasieran, berriz, AEBetako estatuburuak jakinarazi zuen 1.500 soldadu ere mugan izango direla.

42. tituluaren bidez, Washingtonek eskumena izan du toki eta herrialde jakinetako migratzaileak herrialdetik kanporatzeko, irizten bazion «osasun arriskuek gora egin» zezaketela; hau da, besteak beste, asilo eskariak ez onartzeko aukera izan du, eta etorkinak iritsi ahala botatzeko. Orain, arau hori indargabeturik geratuko den honetan, migratzaileek, adibidez, asilo eskaerei ekin nahi diete berriz ere, eta erantzuna jakin arte AEBetan geratzeko eskubidea izango dute —prozedurek urteak iraun dezakete—.

Etxe Zuriak ohartarazi du 42. titulua bertan behera geratzeak ez duela esan nahi muga irekita egongo denik. Hori bai, esan du erantzun «ordenatua eta humanoa» emango dutela datozen egunetan, hori nola egingo duten zehaztu gabe; Bidenek eta Lopez Obradorrek, atzoko bilkuran, helburutzat jarri zuten mugan bilduta dauden migratzaileen kopurua «txikitzea».

Soldaduak bidaltzeaz gain, Washingtonek indarrean jarriko du berriz 8. titulua —pandemiaren aurretik indarrean zegoena—, zeinak, esaterako, asiloa ahalbidetzen duen, eskatzaileak frogatzen badu jatorrizko herrialdera itzulita jazarria edo torturatua izango dela. Kontrara, zigor ekonomikoak aurreikusten ditu muga baimenik gabe gurutzatzen dutenentzat —46 eta 228 euro bitartekoa—, baita espetxealdiak ere, sei hilabete eta bi urte bitartekoak.

Aldi berean, Etxe Zuriaren asmoa da AEBetan sartzeko «bide legalak» sustatzea migratzaileen artean, Karine Jean Pierre bozeramaileak gaur azaldu duenez; eta, horrekin batera, «diplomazia» baliatzea etorkinak konbentzitzeko herrialdean legez kanpo ez sartzeaz. Halere, Washington prest dago eskura dituen «baliabide eta tresna guztiak» erabiltzeko. Iturri ofizialen arabera, azkeneko hiru urteotan ia hiru milioi papergabe kanporatu dituzte AEBetatik, 42. titulua erabilita.

El Pasoko egoera

Bien bitartean, El Pason (Texas), milaka migratzailek egunotan lortu dute bi herrialdeen arteko muga pasatzea, eta, azkenean, agintarien presioaren ondorioz, beren burua entregatu dute Mugako Patruilarenean. Esan diete dokumentazioa lortzeko aukera gehiago izango dutela, eta, hortaz, ilara luze bat egin dute, mugako hormari itsatsita.

Etorkin gehienak Venezuelakoak dira, eta EFE berri agentziari adierazi diotenez, «gauzak legez» egin nahi dituzte. Hori bai, 42. tituluak ordu batzuez indarrean jarraituko du, eta, beraz, inork ez die bermatzen paperik jaso eta AEBetan segitu ahalko dutenik.

Ehunka migratzaile El Pason (Texas), atzo, dokumentazioa jasotzeko ilara batean. Jesus Rosales / EFE

Urte eta erdi falta da AEBetako presidentetzarako hauteskundeetarako, eta gutxiago Alderdi Demokratak eta Alderdi Errepublikanoak primarioak egiteko. Hilabeteotan, errepublikanoek agerian utzi dute migrazioa izango dela beren kanpainaren ardatzetako bat, eta, horregatik, Bidenek geroz eta presio handiagoa izango du datozen egunetan. Besteak beste, alderdi horretako politikariek esana baitute 42. titulua mantentzea modu bat dela «legez kanpoko immigrazioa» kontrolatzeko.

Izango du auzi horren oroitzapenik AEBetako presidenteak, kargura iritsi eta hilabete gutxira migrazioaren aferari aurre egin behar izan baitzion, herrialdean sartu ziren ehunka familia banandu egin baitzituzten; kasu askotan, gurasoak eta haien seme-alabak. Horrek haserre handia eragin zuen herrialdean eta nazioartean. Gobernuz kanpoko erakundeek egoera hori salatu zuten, baita haurren kanporatzeak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.