Ekuador

Ekuadorko Parlamentuak erabaki du presidentea kargugabetzeko epaiketa egitea

Bi aste barru izango da Lassoren aurkako epaiketa, eta 92 boto beharko dituzte hura erruduntzat jo eta presidente kargutik kentzeko. Funts publikoak bidegabe erabiltzea egozten diote.

Ekuadorko Parlamentua, atzo, Lassoren epaiketa politikoaren bozketa egin zutenean. JOSé JACOME / EFE
maddi iztueta olano
2023ko maiatzaren 10a
13:16
Entzun

Abian da Ekuadorko presidente Guillermo Lassoren epaiketa politikoa. Euskal Herriko ordu txikietan hartu zuen erabakia Ekuadorko Parlamentuak, atzo. Epaiketa politikoaren alde bozkatu zuten 88 diputatuk, aurka 23k, eta abstenitu egin ziren bost. Parlamentuko presidente Virgilio Saquicelak bost eguneko epea du orain presidentearen aurkako osoko bilkurara deitzeko.

Epaiketa noiz izango den zehazteko dagoen arren, aurreratu dute hil honetako 20aren eta 22aren artean izango dela. Gutxienez 92 diputaturen babesa beharko dute Lasso erruduntzat jo eta presidente kargutik kentzeko —137 diputatuk bozkatuko dute guztira—.

Bien bitartean, epaiketara joango dela baieztatu du Lassok, bere betebeharra delako «herriaren aurrean aurpegia ematea». Halere, presidenteak eskumena du parlamentua desegin —behin bakarrik egin dezake hori, haren agintaldiaren lehen hiru urteen barruan— eta hauteskunde orokorretara deitzeko. Eta, hain justu, horrekin egin du mehatxu.

Presidentearen aldekoen arabera, legez kanpokoa izan zen atzoko saioa. Izan ere, Ekuadorko Fiskalizazio Batzordeak txosten bat argitaratu zuen joan den larunbatean, zeinak zehaztu zuen ez dagoela nahikoa ebidentziarik presidentea zigortzeko. Baina batzorde hori eta parlamentuko kontrol politikoko batzordea osatzen duten legegileek txostena baliogabetu zuten —txostenaren alde bozkatu zuten lauk, eta aurka bostek—.

Dena den, oraingoa ez da Lasso kargutik kentzeko lehenengo saiakera. Iazko ekainean, haren aurkako zentsura mozio bat aurkeztu zuten zenbait diputatuk, baina ez zituzten eskuratu hura kargugabetzeko adina boto. Mugimendu indigenek bizitza garestitzearen aurkako protesta andana egin zituzten garai hartan.

6,1 milioi dolarreko kaltea

Funts publikoak bidegabe erabiltzea: horixe leporatzen diote 67 urteko presidenteari. Oposizioaren arabera, Flopec Ekuadorko petrolio enpresak petrolioa garraiatzen duten zenbait konpainia pribatutako langileei ordaintzeko baliatu zituen funts horiek, eta herrialdeari 6,1 milioi dolarreko kaltea eragin zion horrela.

Bada, ekintza horien berri izatea egozten diete Lassori eta haren ordezkari Hernan Luqueri. Presidentearen defentsak esan du, ordea, kontratu horiek 2018an sinatu zituztela; Lassok kargua hartu baino bi urte lehenago —2021eko maiatzean izendatu zuten presidente—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.