Lufthansaren 6.000 milioi euroko erreskatearen aurka egin du Europako justiziak

Epaitegiaren arabera, Europako Batzordeak «hainbat akats» egin zituen Alemaniako gobernuaren 6.000 milioi euroko erreskatea ahalbidetzean.

Lufthansa airelinearen postu bat Frankurteko (Alemania) aireportuan. RONALD WITTEK / EFE
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 10a
16:01
Entzun

Ryanair eta Condor hegazkin konpainien helegitea babestu du Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak, eta indargabetu egin du Alemaniako gobernuak 2020an Lufthansa konpainiari eman zion 6.000 milioi euroko diru laguntza. Koronabirusaren krisiagatik, turismo eta aisialdi mugimenduak debekatuta egon ziren, eta asko egin zuen behera aireportuetako jardunak. Hala, 2020ko ekainean, Europako Batzordeak baiezkoa eman zion Alemaniako gobernuari Lufthansa 6.000 milioi eurorekin birkapitalizatzeko.

Zehazki, epaiaren arabera, Bruselak huts egin zuen Lufthansak bere bidez finantzaketa lortu ezin zuela ebatzi zuenean. Hala, justiziak uste du erreskate horrekin lehia arauak hautsi direla, Ryanairrek eta Condorrek salatu zuten moduan. Bestalde, adierazi dute Bruselak ez zuela neurririk hartu enpresak Alemaniako gobernuaren partizipazioak ahalik eta lasterren erosteko.

Irlandako Ryanair aire konpainiak, helegitea aurkeztu zuten enpresetako batek, «pozik» hartu du Europako justiziaren epaia, nahiz eta Lufthansak helegitea jar dezakeen oraindik. Enpresa horrentzat, Alemaniako gobernuak Lufthansari emandako laguntzak «baztertzaileak» ziren: «Zenbait gobernu nazional, hala nola Alemaniakoa, Suediakoa eta Danimarkakoa, diru-laguntza plan diskriminatzaileak onartzen hasi ziren presaka beren hegazkin konpainia nagusientzat, alde batera utzita Europako Batasuneko ekonomiari eta konektagarritasunari onura egiten dioten gainontzeko konpainiak».

Hala, Ryanairrek uste du gaurko epaia «garaipen» bat dela Europako Batasuneko barne merkatuarentzat, eta gaineratu du Europako Batzordeak «erreskate masiboekiko» izan duen jarrera epaitzen dutela. Izan ere, enpresarentzat, batzordeak Europako ekonomiarik indartsuenen aire konpainiak lagundu ditu bereziki jarrera horrekin.

Ekonomia Egonkortzeko Funtsa

Pandemiaren lehen hilabeteetan, Alemaniako ekonomiari bultzada emateko plana onartu zuen Angela Merkel kantziler ohiak 2020ko ekainaren 12an, Ekonomia Egonkortzeko Funtsa, eta handik egun gutxira Bruselaren onespena jaso zuen. Guztira 500.000 milioi euroren diru laguntzak onartu ziren: 400.000 milioi euro enpresen zorrak ordaintzeko, eta 100.000 milioi euro maileguentzat eta kapital inbertsioentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.