Ikerketa

Angulen trafikoaren aurkako operazio bat egin dute Gipuzkoan eta Nafarroa Beherean

Oiartzunen, Getarian eta Bidaxunen miaketak egin dituzte, eta, EITBren arabera, gutxienez hogei pertsona atxilotu dituzte

Angulak salgai, arraindegi baten. LUIS TEJIDO / EFE
2023ko maiatzaren 10a
17:52
Entzun

Angulen legez kanpoko trafikoaren aurkako operazioa egin dute gaur Guardia Zibilak, Jendarmeriak eta Europolek Gipuzkoan eta Nafarroa Beherean. EITBren arabera, gutxienez hogei pertsona atxilotu dituzte.

Goizean hasi da operazioa. Gipuzkoan, Oiartzunen arrain produktuak banatzen dituen enpresa bat miatu dute, eta beste bat Getarian. Azken horretan hainbat pertsona atxilotu dituzte, EFE agentziaren arabera. Angula biziz beteriko kamioi bat atera dute gutxienez Oiartzungo enpresatik, iturri berak adierazi duenez. Gipuzkoako Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako teknikarien zaintzapean, Nafarroako biltegi batera eraman dituzte, bizirik mantentzeko.

Beste enpresa bat miatu dute Bidaxunen (Nafarroa Beherea), eta hor ere zenbait pertsona atxilotu dituzte.

Ikerketako iturrien arabera, OLAF Iruzurraren Aurkako Europako Agentziako agenteak aritu dira operazioan.

Angularitza profesionalizatu

Europako Batasunak debekatu egin zuen angularen kirol arrantza joan zen abenduan, eta jarduera profesionalera mugatu zuen legezko harrapaketa. Apirilaren amaieran zabaldu zutenez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Anguleroen Elkarteak akordio bat lortu zuten sektorea profesionalizatzeko.

Horren bidez, angula harrapatzeko 150 lizentzia profesional sortuko dituztela iragarri zuten. Horrek asko mugatuko du arrantza, aurreko sasoian Jaurlaritzak aisialdiko arrantzarako 700 lizentzia eman baitzituen.

Azaroan hasiko da hurrengo sasoia, eta, urtarrilera arte arrantzatu ahalko dute angula, baina, oraingoan, esan bezala, bakarrik profesionalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.