Gipuzkoako metalgintzako ituna berritu dute Adegik, ELAk eta UGTk

2023an, %5 handituko dituzte soldata taulak; 2024an, KPIaren igoera eta beste %0,7; eta 2025ean eta 2026an, KPIa adina. Urteko lanaldia bi ordu murriztea adostu dute, 2024tik aurrera.

Gipuzkoako metaintzako hitzarmen duin baten alde sindikatuek apirilean egindako protesta. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 11
11:01
Entzun

Adegi patronala eta ELA eta UGT sindikatuak akordio batera iritsi dira gaur Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena berritzeko. 2022ko amaieran osatu zituzten sindikatuek plataforma propioak negoziazio mahaian jarduteko, eta, zortzi bilera egin eta gero, patronalak mahaiko bi sindikaturekin lortu du akordioa, ELArekin (%47,8) eta UGTrekin (%4,3). Azken xehetasunak adostu behar izan dituzte, baina akordioa joan den astean patronalak proposatutakoaren oso antzekoa da. 45.000 langile inguru daude hitzarmen horrekin lanean Gipuzkoan.

ELAk hitzarmena berritzearen tantoa bereganatu du, «Hego Euskal Herriko soldata igoera handienak eta eskubide berriak dituen hitzarmena» lortu dituela iritzi baitio. Haien esanetan, Araba, Bizkai eta Nafarroako metaleko itunekin alderatuta, Gipuzkoakoak soldata igoera «handiagoak» jasotzen ditu, eta nabarmendu du KPIa bermatua duen herrialde bakarra dela. Gipuzkoako eta Bizkaiko lehen mailako ofizialen soldatetan urtean 6.000 euroko aldea dagoela dio.

UGTk ere ontzat jo du hitzarmena, eta sindikatuaren azken eskaria hitzarmenean gehitu dela adierazi du: urteko lanaldiaren bi orduko murrizketa 2024tik aurrera aplikatzea. UGTren arabera, aldaketa hori funtsezkoa izan da hitzarmen berria sinatzeko, astelehenean sindikatuaren asanbladan hala erabaki baitzen: lanaldiaren murrizketa 2024an ez bazen aplikatzen, UGTk ez zuen sinatuko. Horrez gain, sindikatuarentzat itun berriak «nabarmen» hobetzen du 2020koa. Orduan, UGTk ez zuen hitzarmena sinatu, baina oraingoan, sindikatuak 2020an ere eskatzen zituen kontzeptu batzuk sartu direnez, baiezkoa eman dio itunari.

Adegirentzat ere akordioa ona da, bai enpresentzat eta baita langileentzat ere, eta nabarmendu du «gatazkarik» gabe baina «negoziazio eta lan gogorraren ostean» lortu dutela adostasunera iristea: «Azpimarratu nahi dugu akordioak soldata txikienak dituzten langileak babesten dituela, soldata igoera handienak izango baitituzte. Nabarmendu nahi dugu negoziazio honek azaleratu egin dituela akordioaren kulturaren onurak».

Azken asteetan patronalaren proposamenaren aldeko jarrera izan dute ELAk eta UGTk, baina mahaiko beste bi sindikatuek, LABek (%35,8) eta CCOOk (%12,2), iritzi ezberdina izan dute mahai gainean zegoenarekiko. LABek lehen bileratik egotzi dio Adegiri proposamen integralik ez eramatea mahaira, eta, joan den asteko bileran, zazpigarrenean, «lehenengoz» eraman zuen proposamen oso bat. Hori zen, hain zuzen ere, lehen urratsa LABentzat negoziatzen hasteko, baina azkenean sindikatu abertzalearen onespenik gabe sinatu dute ituna.

LABen iritziz, KPIaren igoeraren adinako soldata igoerak ez dira bermatuak izango, soldata errealetan (gutxieneko soldatetatik gora daudenak) KPIaren %85 bermatuko baita soilik. Hori dela eta, ituna sinatu aurretik, sei greba egun proposatu zituen LABek maiatzerako eta ekainerako.

CCOOk ere ez zuen begi onez ikusi patronalaren proposamena, «gutxieneko mugimendu» bat egin zuela uste baitzuen; «ausarta» izatea eskatu zion Adegiri. Horren aurrean, mobilizazio fase batekin hastearekin mehatxu egin zuen CCOOk, baina azkenean ez da inora joango, gehiengoa duten sindikatuek sinatu egin baitute ituna.

SOLDATA IGOERAK

Oinarrizko soldaten taulak KPIaren arabera igoko dituzte. 2022a %5,6ko inflazioarekin itxi zuen Hego Euskal Herriak —%5,7 Espainiak—, eta langileei igoera hori adina igoko diete soldata, bi urtean. 2023an, %5 handituko diete soldata, eta datorren urtean aurtengo KPIa eta beste %0,7 igoko dizkiete. Hurrengo bi urteetan, 2025ean eta 2026an, KPIa adina moldatuko dituzte soldatak.

Hala ere, oinarrizko soldata baino gehiago irabazten dutenek ez dute inflazioa adinako soldata igoera izango, horren %85 baizik. Hori izan da sindikatuen artean zatiketa eragin duten puntu nagusietako bat. ELA eta UGTrentzat, langileen KPIa bermatuta dago, baina CCOOk eta LABek uste dute langileen erosahalmena apaldu egingo dela, hain zuzen ere, askori KPIaren igoeraren %85 bakarrik handituko dietelako soldata. Hala, soldata horiek %4,25 igoko dira aurten, KPI+%0,7aren %85 2024an, eta KPIaren %85 2025ean eta 2026an.

LANALDIA ETA LIZENTZIAK

2024tik aurrera urteko lanaldia bi ordu murriztea adostu dute sindikatuek eta patronalak. Hala, jardunaldi zatitua duten langileek 1.695 ordu egingo dute lan urtean, eta lanaldi jarraitua dutenek, berriz, 1.680 ordu. Bestalde, guraso bakarreko familietako kide diren langileek urtean zortzi orduko lizentzia berezia izango dute seme-alabak mediku kontsultetara laguntzeko.

BAJAK

Soldata osoa irabaziko dute lanarekin zerikusia duen gaixotasunen bat duten langileek eta laneko istripu bat izaten dutenek. Hala ere, in itinere istripuak, etxetik lanera edo lanetik etxera bidean jazotakoak, ez dira talde horretan sartuko.

BESTELAKOAK

Kontratazioari dagokionez, ekoizpenaren gorabeheren arabera egindako kontratuak gehienez urtebetez luzatu ahal izango dira, eta azpikontratatutako langileek subrogaziorako eskubidea izango dute. Beraz, azpikontratatuako enpresan aldaketarik balego, langileak eskubidea izango du bertan lan egiten jarraitzeko.

Trantsitua egiten ari diren langile transexualak nortasun berriaren arabera aitortu beharko dituzte enpresek administrazio tramiteak hasi eta gero, nahiz eta prozedura hori bera oraindik ez amaitu. Gainera, sexu jazarpenaren aurkako protokolo bat egiteko proposamena jasotzen du itunak.

Euskara bultzatzeko neurri bat ere badu hitzarmen berriak. Hala, 50 langiletik gorako enpresetako langileen ordezkaritzak hala eskatuz gero, euskara normalizatzeko pausoak eman beharko ditu zuzendaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.