Musika

BBK Livek Herrian jaialdia egingo du Lekeition eta Mungian

Lekeition, ekainaren 3an, Lorena Alvarez, Los Hermanos Cubero, eta Tapia eta Leturia taldeak ariko dira, besteak beste; Mungian, ekainaren 10ean, Goxua'n Salsa, Potato eta Sex Museum.

Goxua'n Salsa taldea, artxiboko argazki batean. GOXUA'N SALSA
Andoni Imaz.
2023ko maiatzaren 11
13:09
Entzun

BBK Live jaialdiaren «espiritua» eta «esperientzia» Bilbotik Bizkai osora zabaltzeko asmoz, Herrian izeneko jarduera osagarri bat sustatu dute BBK-k eta Kreatibo Industriak fundazioak. Ekainaren 3rako eta 10erako, doako kontzertuak antolatu dituzte Lekeition eta Mungian, hurrenez hurren. Lorena Alvarez, Los Hermanos Cubero, Hofe x 4:40, Tapia eta Leturia, Ezpalak, Potato eta Sex Museum taldeek joko dute, besteak beste.

Antolatzaileek «esperientzia bakan bat» sortu nahi dute proiektu horrekin: «Jaialdiaren mugak gainditu, eta gizartea aldatzeko eta kultura aberasteko katalizatzaile bat». Herrian jaialdia «irisgarria eta jasangarria» izango da, Gorka Martinez BBK-ko zuzendari orokorraren hitzetan, eta, kontzertuez gain, bestelako ekintza batzuk ere antolatuko dituzte tokian tokiko elkarteekin batera.

Lekeition, ekainaren 3an, talde hauek ariko dira zuzenean: Airu, Lorena Alvarez, Aviador Dro, Bengo, Boye, Doctor Explosion, Los Hermanos Cubero, Hofe x 4:40, Juantxo Skalari, Karmento, Micky & the Buzz, Montana, Nogen, Silitia, eta Tapia eta Leturia.

Mungian, hilaren 10ean, beste hauek: Alaia, Ana Curra, Ben Yart, Bengo, Ezezez, Ezpalak, Goxua’n Salsa, Hofe x 4:40, Kyne, Lendakaris Muertos, Los Niños Jesus, Potato, Los Saxos del Averno eta Sex Museum.

Urteak dira BKK Live jaialdiak Hirian jarduera sortu zuela: egun bateko jaialdia antolatzen dute Bilboko auzo batean. Bilbo Zaharrean, Deustun eta Santutxun egin dute azken urteetan, eta Basurtun egingo dute aurten, ekainaren 17an. 23 talde eta bakarlari ariko dira, hamar orduz, auzoko zenbait tokitan: besteak beste, Airu, Los Chikos del Maiz, Nena Daconte, Mirua eta Raimundo el Canastero.

BBK Live jaialdia bera, berriz, uztailaren 6tik 8ra egingo dute, Kobetamendin, eta kartelburu hauek izango ditu: Florence + the Machine, The Chemical Brothers, Pavement, Phoenix eta Arctic Monkeys.

Last Tour enpresak antolatzen du jaialdia —baita Azkena Rock, Bime eta Donostia festibala ere—. Kreatibo Industriak fundazioa 2020. urtean sortu zuten, «Last Tourren jarduera enpresariala beste proiektu batzuetatik bereizteko; proiektu horiek izaera soziala dute, eta kultura sustatzea da haien asmo nagusia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.