AEB-ak

Egunean 10.000 migratzaile atzeman dituzte azken astean AEBetako hegoaldeko mugan

Trumpek ezarritako 42. tituluak indarrean egoteari utziko dio gaur, baina beste neurri batzuk sartuko dira indarrean. Migratzaileei, legez kanpo sartuz gero, bost urtez ukatuko diete asiloa eskatzeko eskubidea.

Mugazainek atzemandako migratzaile talde bat, gaur, Yuman (Arizona, AEBak). ETIENNE LAURENT, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 11
13:52
Entzun

Aspalditik iragarria da gaur indargabetuko dutela Donald Trump presidente zen garaian onartutako 42. titulua. Pandemia oinarri hartuta onartu zuten hura, eta neurriak ahalbidetzen zien migratzaileak unean bertan kanporatu ahal izatea. Osasun larrialdia amaitu izanak, ordea, ez ditu mugak zabalduko. Errepublikanoek ezarritako neurriak indarrean egoteari uztearekin bat sartuko da indarrean 8. titulua, zeinak asilorako bidea ematen duen, baina soilik kasu batzuetan. Arau berriak migratzaileen jatorria hartuko du kontuan asilo eskubidea aitortzeko, hau da, Kuba, Nikaragua, Venezuela, Ukraina eta Afganistango herritarrek aukera izango dute babes humanitarioa eskatzeko, baldin eta frogatzen badute beren herrialdean jazarriak edo torturatuak izan daitezkeela, eta AEBetan «ekonomikoki lagunduko dien norbait» dutela. Hala ere, gehienez 30.000 babes eskaera soilik onartuko dituzte.

Larrialdia bertan behera utziko dela jakiteak, baina, milaka migratzaile erakarri ditu AEBen eta Mexikoren arteko mugara. Datu ofizialen arabera, aste hasieratik egunean 10.000 pertsona atxilotu dituzte batez beste, muga baimenik gabe igarotzeko ahaleginean. Mexikon, berriz, gobernuz kanpoko erakundeek eta gizarte langileek ohartarazi dute ez daukatela nahikoa baliabide mugara gerturatzen diren guztiei aterpea eskaintzeko. Alferrik ohartarazi du AEBetako Segurtasun idazkari Alejandro Mayorkasek muga legez kanpoko igarotzen atzematen dituztenek ezingo dutela bost urtean asilorik eskatu.

Baina zer aukera geratzen zaie orduan AEBetan sartu nahi dutenei?

Hitzordua eskatu. Bada aplikazio bat mugako kontrolguneetan hitzordua eskatzeko, baina soilik Mexiko hirian edo handik iparraldera dago erabilgarri. AEBek, gehienez ere, mila hitzordu ematen dituzte egunean, eta horietako bat lortzea loteria irabaztearekin parekatzen dute migratzaile askok. Zortea dutenek hitzordua lortzen dute, eta, orduan, migrazio arduradunen esku geratzen da eskabidea onartu edo ez erabakitzea. Onartuz gero, eskatzailea AEBetara sar daiteke, baina han beste bide bat hasi beharko du, eta hainbatean behin auzitegietara joan beharko du herrialdean geratzeko behin betiko baimena lortu bitartean; prozedura hainbat urtez luzatu liteke.

Hori, zortea dutenek. Izan ere, aplikazioak huts egiten du maiz, eta ezinezkoa bilakatzen da hitzordua eskatzen ahalegintzea bera ere; edo, aplikazioa blokeatzen ez denean ere, hilabeteak egin ditzakete migratzaileek hitzordu bat lortu ahal izateko.

Muga legez kanpo igaro. Beste irtenbiderik ezean, hori da azken aukera. Horretarako, baina, bide bat baino gehiago daude: askok basamortuak igarotzen dituzte, edota igerian zeharkatu behar dituzte ur eremu zabalak. Gehienek, hala ere, El Paso hiria aukeratzen dute horretarako, Rio Grande ibaia bertatik igarotzen denean beste tokietan baino mantsoagoa delako. Texasko Gobernua —errepublikanoa— horren jakitun dago, eta, horregatik, azken hilabetean mugako segurtasuna gogortu du.

Deportazio azkarrak edo geldoak. Muga legez kanpo igarotzen atzemanez gero, kanporatu egiten dituzte migratzaileak. Baina, orain arte ez bezala, kanporatzeek ez dute zertan berehalakoak izan. Adingabeekin doazen familientzat bidea luzeagoa izango da ziurrenik, eta tarte horretan AEBetan bizi ahal izango dira, eta, agian, baita bertan geratzeko baimenak lortzen ahalegindu ere, deportazio prozesuak urteak iraun baitezake. Aldiz, bakarrik doazenhelduak berehala kanporatu ohi dituzte. Bigarren kasu horretan, migratzaileak argudiatu dezake bere herrialdean jazarria izateko arriskuan dela, baina frogatu egin beharko du hori hala dela, eta, lortu ezean, ezin izango du asilorik eskatu hurrengo bost urteetan.

Bakarrik doazen adingabeak. 42. titulua indarrean zela ere, bakarrik zihoazen adingabeak ez zituzten Mexikora kanporatzen; ondorioz, guraso askok seme-alabak bakarrik uzten zituzten muga zeharkatu zezaten. Baina AEBetako presidente Joe Bidenen asmoa da hori ere mugatzea; izan ere, gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute egun ehunka direla bi estatuen artean harrapatutako adingabeak.

AEBetan daudenak. Muga igarotzeak ez du geratzeko baimenik bermatzen. Migratzailea gai bada frogatzeko bere herrian jazarria izango dela, eta migrazio arduradunek ontzat ematen badituzte haren frogak, asiloa eskatu ahal izango du; frogarik ezean, agian, bestelako baimen bat lor dezake. Gainontzean, deportatu egingo dute. Asiloa eskatzeko aukera izanda ere, hainbat urtez luzatu daiteke prozedura, eta, maiz, ezezkoa izaten da azken erantzuna. Ondorioz, asiloa ukatu zaien migratzaileek AEBetan geratzea erabakitzen dute, nahiz eta jakin ez dutela lege babesik izango, eta edonoiz deportatu ditzaketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.