Barne desplazatuak

Iaz 70 milioi barne desplazatu baino gehiago zeuden munduan

Ikerketa baten arabera, desplazatu kopuruak %20 egin du gora aurreko urtearekin alderatuta. Inoiz erregistratu den daturik handiena da.

Barne desplazatu talde bat Haitiko kanpaleku batean. JOHNSON SABIN, EFE
2023ko maiatzaren 11
17:23
Entzun

Tenperaturen gorakadak larriagotutako hondamendi naturalek eta gatazka armatuek 70 milioi barne desplazatu baino gehiago utzi zituzten iaz Barne Desplazamenduen Behatokiaren (IDMC) eta Errefuxiatuen Norvegiako Kontseiluaren (NRC) txosten baten arabera. 2013tik, zifrak gora egin du etengabe. Urte hartan 33,3 milioikoa zen lekualdatu kopurua. Igoerarik handiena, hala ere, 2018 eta 2022 bitartean izan zen, 41,5 milioitik 70 milioi baina gehiagora. Zehazki, 2022ko abenduaren 31n 62,5 milioi ziren gatazkek eta biolentziak eragindako desplazatuak, 65 herrialde eta lurraldetan banatuta. Hondamendi naturalen eraginez, berriz, 8,7 milioi pertsonak utzi behar izan zuten etxea, 88 herrialde eta lurraldetan.

Dokumentuan zehazten denez, joan den urtean 60,9 milioi barne mugimendu edo lekualdatze izan ziren, 2021ean baino %60 gehiago. Horretan ere, datuak errekor berria ezarri du. Banaketa geografikoa hau da:%28,2 Europan eta erdialdeko Asian; %27,1 Saharaz hegoaldeko Afrikan, %20,6 Asia hegoaldean, 18.5% Asia ekialdean eta Pazifikoan, %4,3 Amerikan eta gainerako %1,3 Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean.

2022an, 32,6 milioi pertsonak utzi behar izan zuten etxea hondamendien ondorioz, eta gainontzeko 28,3 milioi kaltetuek, gatazken eta biolentziaren eraginez. Datuak %45 eta %17 handiagoak dira, hurrenez hurren, 2021. urtearekin alderatuta.

Gertaera natural bortitzen inpaktua bereziki gogorra izan zen iaz Asia hegoaldean (mugimenduen %99,7), Asia ekialdean eta Pazifikoan (%89,36) eta Ameriketan (%79,3). Hondamendiek eragindako barne desplazamenduen %98 fenomeno meteorologikoek eragin zituzten, hala nola uholdeek, ekaitzek eta lehorteek. Gainontzeko %2 gertaera geofisikoen ondorioz izan ziren, lurrikararen eraginez bereziki.

Iaz bortizkeriaren ondorioz lekualdatu zirenen portzentaje altuenak Europan eta erdialdeko Asian (%99,37), Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean (%61,24) eta Saharaz hegoaldeko Afrikan (%54,78) topa daitezke. Mundu osoko gatazken ondoriozko barne mugimenduen %60 Ukrainan gertatu ziren, non herritarrek behin eta berriz ihes egin beharra izan zuten azkar mugitzen zen guda lerrotik.

Elikadura segurtasuna

Gatazka armatuek, hondamendiek eta barne desplazamenduek «areagotu» egin dute munduko elikagaien segurtasunik eza, txostenaren arabera. Bertan zehazten denez, egoera jadanik «kezkagarria» zen COVID-19ak eragindako susperraldi «motel» eta «desorekatuaren» ondorioz.

GKEek diotenez, elikagaien segurtasunari eta barne lekualdatzeei buruz eskuragarri dauden datuak «ez dira zehatzak», baina agerian jartzen dute bi fenomenoak gainjartzen direla. Elikadura segurtasunari buruzko ebaluazioak egin ziren herrialdeen hiru laurdenek barne desplazatuak zituzten. 2022an, adibidez, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Nigerian, Afganistanen, Etiopian eta Yemenen zeuden elikadura segurtasun falta akutua zuten pertsona gehien. Aldi berean, 26 milioi barne desplazatu baino gehiago ere bazituzten, mundu osoaren heren bat baino gehiago.

Ukraina eta Errusia daude munduko ongarri eta zereal ekoizle handienen artean. Dokumentuaren egileek azpimarratzen dutenez, haien arteko gatazkak munduko hornidura kateetan eta elikagaien prezioetan «eragina» izan du. Horrek elikagaien segurtasunik eza «handitu» du barne desplazamendua ere arazo bat den hainbat herrialdetan.

Txostenean zehazten denez, eskudirutan ematen den baldintzarik gabeko laguntza «ezinbestekoa» da desplazamenduak eta elikadura segurtasunik ezak kalte egindakoen berehalako premiei erantzuteko. Egileen esanetan, ordea, berehalako laguntza humanitarioaz gain, «beharrezkoa» da ekintza prebentiboetan eta arriskuak murrizteko neurrietan inbertitzea lekualdatutako komunitateen erresilientzia handitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.