Mexiko-AEB

«Kaotikoak» izan dira lehen orduak mugan, 42. titulua bertan behera geratu ostean

AEBetako agenteak migranteak prozesatzen, gaur. ETIENNE LAURENT / EFE
Julen Otaegi Leonet - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko maiatzaren 12a
08:29
Entzun

«Mugak ez daude irekita». Hori ohartarazi du AEBetako Segurtasun idazkari Alejandro Maryokasek, 42. titulua indargabetuta geratu baino minutu bat lehenago. Gauerdian baliogabetu dute arau hori —Euskal Herrian 06:00ak zirenean—, AEBetara sartzen ziren migranteak unean bertan kanporatzeko bidea ematen zuen araua, hain zuzen. Donald Trump presidente zen garaian onartu zuten, pandemia oinarritzat hartuta; Joe Biden egungo presidenteak haren aplikazioa luzatu zuen, gaur arte.

42. titulua paper errea da, baina beste titulu bat sartu da indarrean gauerdian bertan: 8. titulua. Asilorako eskubidea ematen die migratzaileei; dena dela, kasu batzuetan soilik. AEBetan legez kanpo sartuz gero, kasu, bost urtez ukatuko diete asiloa eskatzeko eskubidea. Segurtasun idazkariak esan du herrialdea «prest» dagoela «oinarri legalik gabeko pertsonak humanoki prozesatzeko eta kanporatzeko». «Gure helburua da bide baketsuak eraikitzea jendea AEBetara etortzeko eta ondorio gogorragoak inposatzea bide horiek ez erabiltzea erabakitzen dutenei», gehitu du. 24.000 agente inguru bidali dituzte mugara.

Bidenek berak onartu zuen «kaotikoa» izango zela muga. Datu ofizialen arabera, aste hasieratik egunean 10.000 pertsona atxilotu dituzte batez beste, muga baimenik gabe igarotzeko ahaleginetan. Bien bitartean, gainezka daude migranteak hartzeko zentroak. Asilo eskubidea eskatu duten ehunka laguni joaten utzi diete, hurrengo ikuskatzeak noiz izango diren jakinarazi gabe. Zentro horietan itxaron izan ohi dute hurrengo ikuskatzeak egin bitartean, saihesteko AEBetan legez kanpo egotea. Orain, joaten uztearen helburua da lekua egitea zentro horietan, jende oldea helduko delakoan. Neurriaren kontra ere egin dute estatu batean: Floridan, epaile batek blokeatu egin du asilo eskubidea jasotzeko zain daudenak aske uzteko aukera.

Hala, ehunka pertsona daude, esaterako, muga egiten duen El Paso hirian (Texas, AEB); hori da migrante gehien igarotzen den puntua. Larrialdi egoera ezarri dute Texasko hiru hiritan. Beste aldean, Mexikoko Ciudad Juarez hirian, beste hainbeste ari dira itxaroten. Azken asteetan, dena dela, autoritate estatubatuarrak ohartarazten aritu dira asilo eskaeretako asko ukatu egingo dituztela, titulu berriaren ondorioz.

Kubako, Nikaraguako, Venezuelako, Ukrainako eta Afganistango herritarrek aukera izango dute babes humanitarioa eskatzeko, baldin eta frogatzen badute beren herrialdean jazarriak edo torturatuak izateko arriskua dutela, eta AEBetan «ekonomikoki lagunduko dien norbait» dutela. Hara iritsi aurretik beste herrialde batzuetatik igaro badira ere, beste inon asilo eskubidea eskatu gabe, aurreikusten dute horietako gehienei eskubide hura ukatzea.

Orain arteko titulua bertan behera geratu izanak hautsak harrotu ditu, eta migrazioari aurre egiteko neurriak ez dira falta izan. Ordezkarien Ganberak, zeinak gehiengo errepublikanoa duen, herrialdearen eta Mexikoren arteko mugan horma bat eraikitzeko proiektu lege bat onartu berri du. Mugetara baliabide gehiago bideratzea ere proposatu dute, agente gehiago egon daitezen, baita asilo eskubiderako eskakizunak zurrunagoak egitea ere. Zaila izango da neurri horrek aurrera egitea, Senatuak gehiengo demokrata du eta.

Zer aukera geratzen zaie orduan AEBetan sartu nahi dutenei?

Hitzordua eskatu. Bada aplikazio bat mugako kontrolguneetan hitzordua eskatzeko, baina soilik Mexiko Hirian edo handik iparraldera dago erabilgarri. AEBek, gehienez ere, mila hitzordu ematen dituzte egunean, eta horietako bat lortzea loteria irabaztearekin parekatzen dute migratzaile askok. Zortea dutenek hitzordua lortzen dute, eta, orduan, migrazio arduradunen esku geratzen da eskabidea onartu edo ez erabakitzea. Onartuz gero, eskatzailea AEBetara sar daiteke, baina han beste bide bat hasi beharko du, eta hainbatean behin auzitegietara joan beharko du, herrialdean geratzeko behin betiko baimena lortu bitartean; prozedura hainbat urtez luza liteke.

Hori zortea dutenek. Izan ere, aplikazioak huts egiten du maiz, eta ezinezkoa bilakatzen da hitzordua eskatzen ahalegintzea ere; edo, aplikazioa blokeatzen ez denean ere, migratzaileek hilabeteak eman ditzakete hitzordu bat lortu nahian.

Muga legez kanpo igaro. Beste irtenbiderik ezean, hori da azken aukera. Horretarako, baina, bide bat baino gehiago daude: askok basamortuak igarotzen dituzte, edota igerian zeharkatu behar dituzte ur eremu zabalak. Gehienek, hala ere, El Paso hiria aukeratzen dute horretarako, Rio Grande ibaia bertatik igarotzen denean beste tokietan baino mantsoagoa delako. Texasko Gobernua —errepublikanoa— horren jakitun da, eta, horregatik, azken hilabetean mugako segurtasuna gogortu du.

Deportazio azkarrak edo geldoak. Muga legez kanpo igarotzen atzemanez gero, kanporatu egiten dituzte migratzaileak. Baina, orain arte ez bezala, kanporatzeek ez dute zertan berehalakoak izan. Adingabeekin doazen familientzat bidea luzeagoa izango da ziurrenik, eta tarte horretan AEBetan bizi ahal izango dira, eta, agian, baita bertan geratzeko baimenak lortzen ahalegindu ere, deportazio prozesuak urteak iraun baitezake. Bakarrik doazen helduak, aldiz, berehala kanporatu ohi dituzte. Bigarren kasu horretan, migratzaileak argudiatu dezake bere herrialdean jazarria izateko arriskuan dela, baina frogatu egin beharko du hori hala dela, eta, lortu ezean, ezin izango du asilorik eskatu hurrengo bost urteetan.

Bakarrik doazen adingabeak. 42. titulua indarrean zela ere, bakarrik zihoazen adingabeak ez zituzten Mexikora kanporatzen; ondorioz, guraso askok seme-alabak bakarrik uzten zituzten, muga zeharkatu zezaten. Baina AEBetako presidente Joe Bidenen asmoa da hori ere mugatzea; izan ere, gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute egun ehunka direla bi estatuen artean harrapatutako adingabeak.

AEBetan daudenak. Muga igarotzeak ez du bermatzen AEBetan geratzeko baimenik. Migratzailea gai bada frogatzeko bere herrian jazarria izango dela eta migrazio arduradunek ontzat ematen badituzte haren frogak, asiloa eskatu ahal izango du; frogarik ezean, agian, bestelako baimen bat lor dezake. Gainontzean, deportatu egingo dute. Asiloa eskatzeko aukera izanda ere, hainbat urtez luza daiteke prozedura, eta, maiz, ezezkoa izaten da azken erantzuna. Ondorioz, asiloa ukatu zaien migratzaileek AEBetan geratzea erabakitzen dute, nahiz eta jakin ez dutela lege babesik izango, eta edonoiz deportatu ditzaketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.