SUDAN

Sudango zibilak babesteko konpromisoa hartu dute armadak eta paramilitarrek

Biztanleriaren premiak asetzeko engaiamenduak hamar eguneko su etena adostea du helburu, baina AEBek esan dute akordioa «urrun» dagoela oraindik.

Sudandik ihes egindako herritar batzuk, atzo, Hego Sudango mugan. AMEL PAIN / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 12a
12:25
Entzun

Sudango gerra amaitzeko orain arteko urrats eraginkorrena egin dute armadak eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak. Izan ere, bi aldeek konpromisoa hartu dute zibilak babesteko eta laguntza humanitarioa bermatzeko. Armadako eta RSFko ordezkariek iragan larunbatean hasi zituzten lehen negoziazioak, Jiddan (Saudi Arabia), eta AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Saudi Arabiak adierazpen bateratu batean jakinarazi dute bi aldeek hitzartutako ituna. Engaiamenduak, funtsean, hamar eguneko su etena adostea du helburu, baina Washingtonek aurreratu du akordioa «urrun» dagoela oraindik.

«Nazioarteko zuzenbide humanitarioari eta giza eskubideei jarraituz», armadak eta talde paramilitarrak biztanleriaren premiak asetzeko hainbat konpromiso jaso dituzte sinatutako adierazpenean; laguntza humanitarioaren hornidura ziurtatzea, oinarrizko zerbitzuak lehengoratzea, bi aldeetako indarrak ospitaleetatik erretiratzea eta hildakoak errespetuz ehorzten uztea.

Hitzarmen hori lortu ondoren, Jiddako elkarrizketek hamar eguneko menia eraginkorrari buruzko akordioa erdiestea izango dute helburu, «jarduera horiek egin daitezen». Hain zuzen, segurtasun neurriek barne hartuko dute mekanismo bat AEBek, Saudi Arabiak eta nazioarteak babestutako su etena ikuskatzeko.

Komunikatuaren arabera, «Sudango zibilekin eta eskualdeko eta nazioarteko bazkideekin liskarrak behin betiko eteteko proposatutako elkarrizketei» helduko die joan den larunbatean Saudi Arabiak hasitako negoziazioak. Oharrak, halaber, nabarmentzen du bitartekariek —Washingtonek, Rigak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak— «itxaropena» dutela aurrez aipatutako aldeek elkarrizketetan parte har dezaten.

Saudi Arabiako Atzerri ministro Saud al-Faisalek Twitterren adierazi duenez, Jiddan adostutakoa «lehen urratsa» izan da. Haren esanetan, apirilaren 15ean borrokak piztu zirenetik Sudanek duen krisia «inoiz ez bezalakoa» da. «Elkarrizketak eta zibilen babesarekiko konpromisoaren adierazpena lehen urratsa izan da, eta urrats gehiago egingo dira. Garrantzitsuena adostutakoa betetzea da, eta [Saudi Arabiako] erresumak lan egingo du Sudanen segurtasuna eta egonkortasuna itzuli arte», azpimarratu du.

Bien bitartean, aire erasoak eta artilleria bonbardaketak izan dira gaur goizaldean Khartumgo sarrera inguruan. Zenbait lekukok Al-Jazeera hedabideari adierazi diotenez, gerra hegazkinak ikusi dituzte hiriburua zeharkatzen, baina azken orduko borrokak «lasaiagoak» izan dira aurreko egunetakoekin alderatuta. «Akordioak gerra baretuko duela espero dut, baina artilleriako bonbardaketekin eta aire erasoekin esnatzen ari gara egunero», adierazi dio Mohamed Abdallah 39 urteko sudandarrak Ekialde Hurbileko komunikabideari, Khartum hegoaldean.

Guda piztu zenetik, zenbait su eten hitzartu dituzte bi aldeek, baina elkarri egotzi izan diote menia urratu izana. Horrekin lotuta, Mendebaldeko herrialdeek atzo gaitzetsi egin zituzten bi aldeek zibilen aurka egindako «gehiegikeriak», Genevan (Suitza) egindako giza eskubideei buruzko bileran. NBEk, Afrikako Batasunak eta IGAD Gobernu Arteko Garapenerako Agintaritzak nabarmendu zuten armadak eta talde paramilitarrak jarraibide «argiak» helarazi behar dizkietela herritarrei, eta laguntza modu seguruan emateko eskatu zien.

Giza krisia, agerian

Gatazkak giza krisia eragin du, eta zibilak egoera larrian utzi; besteak beste, sarri eteten dira elektrizitatea eta ura, eta elikagai eskasia dute. Horrez gain, nazioarteko GKE gobernuz kanpoko erakundeek eta tokiko komunikabideek jakinarazi dute osasun sistema ia geratuta dagoela. Hori gutxi ez, eta NBEko erakunde Unicefek gaur salatu du haurren tratamendurako elikagai terapeutikoak ekoizten zituen fabrika bati su eman diotela Khartumen; 14.500 bat elikagai kaxa kiskali dira, Unicefeko eledun James Elderrek Genevan jakinarazi duenez. Eraikin hartan, Sudanen malnutrizio larria pairatzen duten haurrentzako elikagai guztien %60 ekoitzi zituzten iaz.

Hori ikusita, Elderrek adierazi du elikagai terapeutikoen 34.000 bat kaxa bidaliko dituztela Frantziatik Sudanera; 81.000 kaxa gehiago eramatekoak dira hilaren amaiera aldera. Gerra eta gertakari hori gorabehera, haurrei tratamendua ematen dieten programen %80 lanean ari dira oraindik ere Sudanen. AEBetako Estatu Departamentuko goi funtzionario batek, berriz, esan du bi aldeek gaur goizean sinatutako adierazpenak laguntza humanitarioaren jarioa eta ur eta elektrizitate zerbitzua hobetzea erraztuko duela.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera, 600 zibil baino gehiago hil eta 5.127 zauritu dituzte hiru asteotan, batez ere Khartumen, horren inguruan eta Darfurren —errialdearen mendebaldean—; eskualde horretan, hain zuzen, 528 lagun hil dituzte. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, gutxienez 200.000 bat herritarrek pasatu dute muga inguruko zazpi herrialdeetara ihes egiteko; UNHCRk espero du kopuru hori 860.000ra igoko dela asteotan. Horrez gain, jada 700.000 barne desplazatu eragin ditu gerrak, eta erakundeak ohartarazia du giza hondamendi bat gertatuko dela borrokak ez badituzte eteten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.