Lan itunak

Adegiren eta ELAren arteko «aliantza» gaitzetsi du LABek

Aliantza hori gabe Gipuzkoako metalgintzan akordio hobeago bat lortu litekeela uste du sindikatu abertzaleak.

LABek gaur goizean Donostiako egoitzan egindako prentsaurrekoa. MAIALEN ANDRES / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 12a
12:46
Entzun

Gipuzkoako metalgintzan Adegik, ELAk eta UGTk aurreakordioa sinatu ostean, ELAk Gipuzkoako patronalarekin duen «aliantza» eta «elkarlana» salatu ditu LABek. Izan ere, sindikatu abertzalearen ustez, patronalaren lehen proposamena onartu dute sindikatu biek, eta «mobilizazioari uko» egitea egotzi die. LABen ustez, patronalaren eta ELAren arteko aliantza hori egongo ez balitz, akordio hobea lortu zitekeen Gipuzkoako metaleko langileentzat. Sindikatuak gaur eman ditu akordioaren inguruko azalpenak, Donostiako egoitzan.

«ELA eta koherentzia ez datoz bat: batzuetan balio ez duenak beste batzuetan balio die», adierazi du Usua Lasak, LABeko Gipuzkoako Industria arduradunak. Hori da, hain zuzen ere, ELAk gainontzeko sindikatuei leporatzen diena. Akordioa sinatu ostean, euskal sindikatuak hainbat taula argitaratu zituen, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako metaleko hitzarmenak alderatuz. Bertan ikusten da Gipuzkoako metalgintzan lortu dela soldata igoera handiena, eta bereziki nabarmendu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako itunen arteko ezberdintasuna: «Eibarren (Gipuzkoa) edo Ermuan (Bizkaia) lehen mailako ofizial gisa lanean diharduten langileen arteko aldea 6.000 euro baino handiagoa izango da». Horri buruz, Lasak adierazi du LABek ez duela asmorik halako konparazioetan sartzeko, eta nabarmendu du sindikatuen funtzioa langileei tresnak ematea dela, ahalik eta hitzarmen onenak lortzeko, haien aburuz Gipuzkoan gertatu ez dena.

Ikusi gehiago:Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiari elkarrizketa: «Grebek herri hobe bat eraikitzen dute»

Arabako eta Bizkaiko hitzarmenen negoziazioetan LAB «erabakigarria» izan dela adierazi du Kris Gete LABeko Industria Federazioko arduradunak, eta gehitu du bi borroka horiek «aurrekariak» izan zirela Gipuzkoako itunaren negoziaziorako. Akordio horien ostean, baina, gatazka eta borroka saihestea egotzi dio ELAri: «Adegik ondo irakurri du Arabako eta Bizkaiko borrokek utzitako mezua. Gatazka ekidin nahi izan du, eta ELA topatu du bidean. Aliantza horrek Adegiri egiten dio mesede».

Ikusi gehiago:Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiari elkarrizketa: «LABek ez du izan patronalaren bultzadarik; hori esan dezakeen sindikatu bakarra gara»

ELAren eta Adegiren arteko «aliantza» horren beste hainbat adibide mahaigaineratu ditu sindikatu abertzaleak. ELAk Gipuzkoan grebak sustatzen dituela onartu du Lasak, baina gehitu du Adegi «patronal nagusia ez den sektoreetan» izan ohi direla: «ELAk uko egin dio mobilizazioari elikadura sektorean, ostatuen hitzarmenean ere greba saihestu dute, eta Gozogintza eta Okindegiko hitzarmenak greba deialdirik gabe sinatu dituzte».

Azkenik, UGTrekiko ELAk duen jarrera ere nabarmendu du Lasak. Dio UGT beste negoziazio mahai askotan kanpoan utzi duela ELAk, baina oraingoan onartu egin duela Gipuzkoako metalgintzako mahaian UGTren parte hartzea, «nahiz eta ordezkaritzaren %10era ez iritsi».

Grebak eztabaidagai

Azkenaldiko ELAren eta LABen arteko xextra horretan, greben inguruko auzia lehen lerroetan dago. Azkenaldian, ELA berebiziko ahalegina egiten ari da bistarazteko greba gehien deitzen dituen sindikatua dela, baina LABek nabarmendu du ELAk Gipuzkoako metalean mobilizazioa eta borroka saihestu dituela: «ELAk bazekien hitzarmen hau sinatuko zuela», adierazi du gaur Lasak. Hala ere, ELAk adierazi du sindikatu guztiei proposatu ziela sei eguneko greba borrokaldia, baina ezezkoa jaso zutela.

ELAren bertsio hori gezurtatu egin du Lasak: «Negoziazio prozesu honetan, ez dugu inoiz jaso beste sindikatu baten mobilizazio eskaintzarik. Dakidan bakarra da mobilizazio eta greba proposamen guztiak LABek egin dituela, LABek bakarrik. Egin diren bilera intersindikal guztiak gure ekimenez egin dira, bai lehena, bai bigarrena eta bai hirugarrena ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.