Joxan Oizek irabazi du VII. (H)ilbeltza beka

Joxan Oiz.
Miren Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 12a
15:08
Entzun

XIX. mendearen hasierako Donostian gertatzen da Joxan Oizek (H)ilbeltza bekarako aurkeztutako Zorigaiztoko lana. Jazoera historikoa eta kritika soziala; biak ala biak uztartu ditu proiektuan, eta, hain zuzen ere, horixe saritu dio epaimahaiak, besteak beste: «Nobela on baten abiapuntu izan daiteke hori». Joseba Otondo Baztango alkateak, Eneko Barberena (H)ilbeltzako ordezkariak eta Garazi Arrula Txalapartako ordezkariak osatu dute epaimahaia. Hizkera landu izana erabili dute Oizen lana aukeratzeko irizpideen artean. Izan ere, haien hitzetan, «horrek indartu egiten du proiektua».

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskarazko nobela beltza sustatzea da bekaren helburua, eta, aldi berean, baita sormen eta itzulpen lana saritzea ere. «Baztanek aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura», adierazi dute, antolatzaileek euskarazko nobela beltzaren erreferentziazko eskualdetzat baitaukate Baztan.

Horrenbestez, irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du. Erdia orain emango zaio, eta gainerako 3.000 euroak, berriz, eleberria amaitzen duenean; Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du liburua, datorren urtean.

Aurreko aldiak

Euskal Nobela Beltzaren Astearen harira sortu zen beka. Eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, urte batean sormen lan bati ematen diote beka, eta hurrengoan, berriz, itzulpena bati. Sormen lan bati eman zioten, esaterako, lehendabiziko aldian. Miel A. Elustondo izan zen irabazlea eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019. urtearen hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu, eta 2020an aurkeztu zuen Josu Barambonesek. Hurrengo sormen beka Miren Gorrotxategik irabazi zuen, eta Sotoan gordeak izenburupean argitaratu zuen liburua. 2022ko urtarrilean kaleratu zen Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia.

Bosgarren beka Eneko Barberenak irabazi zuen, Suak erreko ez balu lanarekin. Beñat Irastorzak itzulitako Fred Vargasen Debout les morts saritu zuen iaz, azkenik, eta ondo bidean, urtea amaitu aurretik argitaratuko du Txalapartak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.