Zegama-Aizkorri

Manuel Merillas eta Daniela Oemus nagusitu dira Zegama-Aizkorrin

Espainiarrak Andraiztik behera irauli du gizonezkoen lasterketaren burua, eta Elazzaoui marokoarrarekin buruz buruko estua jokatuta irabazi du Zegaman, parte hartu duen zazpigarren aldian. Alemaniarrak ezustekoa eman du.

2023ko maiatzaren 14a
13:19
Entzun

Euri jasek eta lokaztiek zaildu dute aurtengo Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren 42 kilometroko ibilbidea. Neurria egoki hartu diotenak Manuel Merillas eta Daniela Oemus izan dira; espainiarrak zazpigarren partaidetzan irabazi du Zegama-Aizkorri, eta alemaniarrak bere lehenbiziko garaipen sonatua lortu du 34 urterekin.

Gizonezkoen lasterketari dagokionez, Merillas bigarren pasatu da Andraitz gainean, Elhoussine Elazzaoui marokoarrarekin batera, aurretik Jonathan Albon ingelesa zutela. Baina jaitsieretan ere maisu dela erakutsi du Merillasek, eta, azken kilometroetan segundo batzuk aterata –27 azkenean–, bakarrik iritsi da Zegamako helmuga marrara.

Manuel Merillas, gaur, helmugara iristen.Goierriko Hitza

Hiru izen nagusi izan dira gaur. Lehenbizi, Remi Bonnet frantziarrak (2018ko garailea Zegama-Aizkorrin) hartu du buruzagitza, eta Aizkorri gainean (22. kilometroa) bera igaro da lehenengo, 2:14:42 orduko denboran. Eguraldia dela-eta ibilbidea moztu behar izan du antolakuntzak, ordea. Aizkorriko gailurreria zeharkatu beharrean, gurutzetik behera Arbelarrera zuzenean jaitsarazi dituzte. Eta han irauli da maratoia.

Urbiako zelaietan Jonathan Albon ingelesa igaro da, Elazzaouirekin batera, aurreneko postuan. Pkemoi kenyarra ere artean aurrean zen, hirugarren, eta laugarrenera igota zetorren Merillas, 38 segundora. Albonek ere beherantz galdu du lidertza, Andraiztik Oazurtzara bidean. Atzetik aurrera, indarrak ezin hobeto neurtuta etorri den Merillasek, eta une oro aurrealdeko postuak galdu gabe ibili den Elazzaouiren artean erabaki da txapela.

Orokorrean, Kilian Jornetek iaz jarritako errekorretik (3:36:40) 6 minutura sailkatu da Merillas.

Sailkapen nagusia gizonezkoetan:

1. Manuel Merillas (Espainia), 3:42:01

2. Elhoussine Elazzaoui (Maroko), 3:42:28

3. Jonathan Albon (Britainia Handia), 3:45:01

4. Remi Bonnet (Frantzia), 3:48:19

5. Robert Pkemoi (Kenia), 3:49:25

Emakumezkoetan, ezustekoa

Mendiko lasterketetan ezusteko garaipena lortu du Oemusek. Munduko serieetan lehen ere parte hartua zen arren, eta Zegamara faborito zerrendatik kanpora etorrita zegoen arren, nagusitasun osoz jantzi du emakumeetako txapela.

Erdibiderako hartu du lidergoa, ordura arte erritmoa jartzeaz arduratu den Miao Yao txinatarra gaindituta. Lehen erdi bikaina egin badu ere, hustu egin da bigarrenerako Yao. Oemus hirugarren pasatu da Aratzen, baina Aizkorrin dagoeneko (22. kilometroa) lehenbiziko postuan igaro da. Handik aurrera, 3-4 minuturen aldea mantendu du atzetik zetozenekiko.

Bitxikeria ere utzi du Oemusek. Helmugako marra gainditu duenean, ez zekien irabazlea bera zenik. Erreferentziarik gabe korrika egin du 15. kilometrotik aurrera. Goialdeetako laino itxiak eragotzi du bestelako posizioak ikustea.

Bigarren Caitlin Fielder zeelandaberritarra helmugaratu da, eta hirugarren, Theres Leboeuf. Beste behin, bere zigilua utzi du Oihana Kortazar elgetarrak ere. Zazpigarren izan da helmugan 2011ko eta 2012ko garailea, lehen euskalduna. Txapeldun izandako beste bi korrikalari ere atera dira emakumeetan gaur, Kortazarrez gain: Azahara Garcia de los Salmones (2015eko irabazlea) eta Eli Anne Dvergsdal (2019).

Sailkapen nagusia emakumezkoetan:

1. Daniela Oemus (Alemania), 4:31:54

2. Caitlin Fielder (Zeelanda Berria), 4:34:04

3. Theres Leboeuf (Suitza), 4:37:41

4. Sylvia Nordskar (Norvegia), 4:43:57

5. Blandine L’Hirondel (Frantzia), 4:48:32

Egea, lehen euskal herritarra

Gizonezkoetan, berriz, lehenengo euskal herritarra Aritz Egea urretxuarra izan da, 4:05:18 orduko denborarekin. Bigarren helmugatau den euskalduna Borja Zubizarreta azkoitiarra izan da, Egearengandik oso hurbil (3 segundo soilik), eta taldekidea Domusan.

Aritz Egea: «Helburua gozatzea zen, eta ikaragarri gozatu dut. Jendearekin hunkitu ere egin naiz: urtetik urtera gehiago animatzen nautela iruditzen zait. Egia oso, ondo ulertu gabe zergatik. Maitatua sentitzen naiz».

«Euritakoa eta eskularruak jantzi, eta zaindu dut beroa ez galtzea. Ondo, Zegaman ezin da askoz gehiago eskatu. Gailurreria kentzea logikoa zen, eta eskertzekoa gurekin pentsatu izana. Helmugara iristea sari aparta da. Datorren urtean, ea Domusa lasterketatik tarte handiagoa uzten duten indarberritzeko, eta lehiatzeko moduan etortzen naizen».

«Fisikoki, hasieran ezin estutu, bukaeran 3 kilometroren faltan karranpak izan ditut, eta batzuek pasatu naute. Lehenengo euskalduna: zahartzen ari naiz, baina atzekoek ez naute harrapatzen. Hamargarrena egingo dugu dagoeneko [9. partaidetza izan du aurten], seguru, eta, korrika jarraitzen dudan bitartean, etorriko naiz. Hemen bezalako sentimendurik inon ez dugu izaten, eta zorionak antolatzailei eta publikoari».

538 korrikalari

Lehenbiziko zegamarra, berriz, Beñat Katarain izan da helmugan. 4:20 orduren azpitik iritsi da. Hunkitu egin da Katarain, «sentimenduzko» lasterketa delako berarentzat. Antolakuntzaren lana eta herritarren borondatea txalotu ditu. 18 herritar irten dira gaur Zegama-Aizkorri maratoian lehiatzera.

Goizeko bederatzietan 538 korrikalari irten dira, euri jasaren pean. Aizkorriko gailurreria ezabatu dute antolatzaileek, hasi aurretik. Sentsazio termikoa 3-4 gradukoa zen goian, eta euriak arriskutsu bihurtu du harrartea. Jaitsierak, hala ere, oso irristakor suertatu dira.

Iazko errekor urtean baino gutxiago, baina ikusleek multzoan erantzun dute aurten ere. Santispirituko igoeran eta Aizkorriko tontorrean batez ere, ohiko jende korridoreak sortu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.