EH Bildu

Otegi: «Ez dago ez mailarik, ez gogorik eztabaida politiko jantzirako»

Ekitaldi politikoa egin zuen atzo EH Bilduk Arrasaten. Otegik esan zuen eztabaida politikoa «oso zikina» dela. Iriartek «inertziarekin jarraitzeko politika» gerarazteko beharra erakutsi zuen.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, atzo, Arrasaten. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko maiatzaren 15a
09:36
Entzun

EH Bilduren eta EAJren arteko lehia estuena Gipuzkoan izango da. Horren erakusle izan zen atzokoa, biek agerraldi bana egin baitzuten Arrasaten (Gipuzkoa). Koalizioak Biterin egin zuen berea; Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldungai nagusia eta Maider Borras Arrasateko alkategaia izan ziren bertan.

Otegik hauteskunde kanpainari heldu zion, esanez «lokaztuta» egon dela eta dagoela eztabaida politikoa, aurretik adierazia duen moduan. «Edozer gauza jarriko dute mahai gainean, benetan herriak dituen arazoei buruz ez hitz egiteko», esan zuen. Haatik, Otegiren ustetan, Euskal Herrian ez dago «ez mailarik, ez gogorik eztabaida politiko jantzirako»; hori da herriak «merezi duena».

Eusko Jaurlaritzari mintzatu zitzaion: «Gobernuak ezin duenez bere gestioa kudeatu, oposizioari oposizioa egiten ari zaio». Maddalen Iriartek ere esan zuen aldaketa bat behar dela «inertziarekin jarraitzeko politiken aurka; herri bisioa eta etorkizuneko ikuspegia lehenetsiko dituen politika bat behar dugu». Ahaldungai nagusiak «patrikako, poltsikoko politika» ezetsi zuen.

Gobernuaz ez ezik, ultraeskuinaz ere aritu zen koalizioko burua. «Ezin zaio marko politikoa erosi eta gero esan: ‘Ez genekien ezer’». Hori «arduragabekeriatzat» jo zuen Otegik, eta ultraeskuinari «aurre» egin behar zaiola berretsi. «Ez gara ari kritika politiko suntsitzailea egiten; eskatzen duguna ardura da».

Tokian tokiko politikaz ere aritu ziren atzoko ekitaldian. Inertziarena baino, «bihotzetik egindako politika» aldarrikatu zuen Iriartek, herriak suspertzekoa. «Gipuzkoak Arrasate indartsu bat behar du; EH Bilduk Arrasate indartsu bat behar du».

Maider Borrasek dei egin zien Debagoieneko herritarrei maiatzaren 28ko hauteskundeetan parte hartzeko. 2019an Bergararen alkatetza eskuratu zuen EH Bilduk, eta esan zuen Aretxabaletaren, Eskoriatzaren eta Arrasateren txanda dela «orain». «Nire hitza daukazue, bihotzez, Arrasate izan zen horretara bueltatu, gure identitatea berreskuratu eta denontzat atsegina eta erosoa den herria eraikitzeko konpromisoa badugula nik eta nire lantaldeak, eta, horretarako denok beharrezkoak garenez, gertu-gertu izango zaituztegula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.