Aurreikuspen ekonomikoa

Aurreikuspen ekonomikoak hobeak diren arren, zuhurtziaz begiratzen die Europak

EB Europako Batasuna eta eurogunea %1,1 haziko dira aurten, baina azpiko inflazioak «oso gainetik» jarraituko duela ohartarazi du batzordeak.

Europako Ekonomia komisario Paolo Gentiloni gaur goizeko agerraldian, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
maddi iztueta olano
2023ko maiatzaren 15a
12:27
Entzun

«Europak atzeraldi ekonomikoa saihestu du». Horixe nabarmendu du Paolo Gentiloni EB Europako Batasuneko Ekonomia komisarioak goizean egindako agerraldian. Udaberriko EBren aurreikuspen ekonomikoak iragarri ditu, eta espero baino hobeak dira. Bruselaren arabera, EB eta eurogunea %1 haziko dira aurten, eta goranzko joerari eutsiko diote hurrengo bi urteetan: %1,7 haziko da 2024an, eta %1,6 2025ean.

Energia prezioen beherakadak —azken hilabeteetan merkatu egin dira gasa eta elektrizitatea— eta lan merkatuaren «egonkortasunak» egin dute posible euroguneko hazkunde ekonomikoa. Halaber, «energia krisiaren kudeaketa egokia» eta Europako herrialdeen arteko «lankidetza» goraipatu ditu komisarioak. Bruselaren arabera, datozen hilabeteotan gora egingo dute kontsumo prezioek; hots, %5,8 garestituko dira, neguko aurreikuspenetan iragarritakoa baino bi dezima gehiago. Eta horrek sustatuko du, batez ere, EBren igoera ekonomiko «moderatua».

Bestalde, herrialde gehienetan BPGarekiko zorrak behera egitea aurreikusten du Bruselak. Gaur-gaurkoz, BPGaren %84 zor du batez beste EBk, baina urte amaierarako sei dezima jaistea espero da; %83,4ra. Espainiak BPGaren %113,2 zor du, baina, batzordeko agintarien arabera, %110,6ra eta %109,1era jaitsiko da 2024an eta 2025ean; hurrenez hurren.

Urtea are oparoagoa izango da Espainian. Izan ere, %1,9 haziko da herrialdeko BPG barne produktu gordina; Herbehereen (%1,8), Italiaren (%1,2) eta Frantziaren (%0,7) aurretik. Inflazioak ere lasaiago arnasa hartzen utziko du datozen hilabeteetan. Neguan aurreikusitakoa baino txikiagoa izango da; hots, urte amaierarako %4aren bueltan izatea espero da, eta 2024rako, berriz, %2,7ra jaistea.

Dena den, euroguneko herrialdeen artean, Irlanda haziko da gehien: %5,5 aurten, eta %5 2024an. Txanponaren beste aldean daude Suedia eta Estonia; izan ere, urtea zenbaki negatiboekin amaitzea espero da. Komisarioak nabarmendu du «alde handia» dagoela zenbait herrialderen abagune ekonomikoaren artean, eta alde horiek «lausotzea eta berdintzea» izango dela, hain justu, Europaren erronka handienetako bat.

Azpiko inflazioa, goitik

Aurreikuspenak onak diren arren, «ez dago konplazentziarako tarterik». Joan den martxoan, azpiko inflazioaren inoizko tasa handiena erregistratu zuen Europak: %7,6koa, hain justu. Eta, batzordeko agintariek ohartarazi dutenez, behar lukeenarenaren «oso gainetik» jarraituko du datozen bi urteetan; %6,7aren %3,2aren bueltan, hurrenez hurren.

Bada, urteko lehen hiruhilekoan %0,1 «soilik» hazi da eurogunea, eta Gentilonik gaineratu du «ziurtasunik ezak» inguratzen duela Europa. Ukrainako gerra jo du «itzal» horren erantzuletzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.