Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Erresuma Batuak irismen luzeko misilak emango dizkio Ukrainari

Londresek esan du 200 kilometrotik gorako irismena duten ehunka drone entregatuko dizkiola Kievi. Gerra hegazkinak ematea sustatuko duen herrialdeen koalizio bat sortzeaz mintzatu dira Zelenski eta Sunak.

Sunak eta Zelenski, gaur, elkarrekin batzartu aurretik.
Sunak eta Zelenski, gaur, elkarrekin batzartu aurretik. EFE

Igor Susaeta -

2023ko maiatzak 15

Duela hilabete batzuk arte, ematen zuen Ukrainari irismen luzeko misilak entregatzea marra gorri bat zela Mendebaldeko herrialdeentzat. Baina Kievi emandako laguntza militarrean aurrerapausoak ematearen aldeko ahotsak ugaritu dira 2023an NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aliatuen eta EB Europako Batasuneko agintarien artean, eta Erresuma Batuak baieztatu du 200 kilometrotik gorako irismena duten «erasorako ehunka drone berri» emango dizkiola Ukrainari. Hala jakinarazi du gaur, ohar baten bidez. Kremlinen bozeramaile Dmitri Peskovek esan du erabaki horrek «txikizio handiagoa» eta «erantzun ekintza gehiago» eragingo dituela.

Mendebaldearen aldetik jasotako laguntza militarra sendotzen ari da Ukraina azken egunetan, Volodimir Zelenski presidentea egiten ari den birarekin. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarekin bildu zen larunbatean, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin atzo, eta, hain zuzen, Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroarekin, gaur. Kiev babesten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute denek.

Nolanahi ere, Ukrainako estatuburuak azaldu du, beste batzuetan egin bezala, aireko defentsa sistemak, erasorako tankeak —500 pasa jaso ditu—, munizioa eta misilak, besteak beste, ez direla nahikoa. Horregatik Kievi gerra hegazkinak ematea sustatuko duen herrialdeen koalizio bat sortzeaz mintzatu dira Zelenski eta Downing Streeteko 10. zenbakiko maizterra; bilera bukatu ondoren Zelenskik azpimarratu duenez, auzi horri buruzko «erabaki oso garrantzitsuak» hartuko dira laster. Sunakek ez dio muzin egiten abioiak entregatzeari. Esan du hori ez dela «erraza», kontuan hartu behar direlako «logistika eta pilotuen formakuntza»; nabarmendu du, halere, Erresuma Batuak «rol oso garrantzitsua» jokatu dezakeela horretan.

«Bultza dezakegu erasotzailearen porrota aurten bertan gertatzea», esan zuen Zelenskik, atzo, Scholzen aurrean, hegazkinen eskaera justifikatzeko. EBko herrialdeetako liderren artean, baina, Scholz da, hain justu, erasorako abioiak bidaltzearen aurka irmoen mintzatu direnetako bat. Eskaerari erantzun beharrean, nabarmendu zuen Alemaniak ekipamendu militar gehiago emango diola —tankeak, ibilgailu blindatuak, aireko defentsa sistemak, droneak...—, eta sail berri horrek 2.700 milioi euroko balioa duela; hau da, inbasioa hasi zenetik orain arte laguntza militarrean Ukrainari entregatutakoaren balio bera du Berlinek onartu berri duenak.

Gerra hegazkinei dagokienez, aintzat hartu behar da Poloniak eta Eslovakiak 28 abioi eman dizkiotela Kievi. Datu hori plazaratu zuen Varsoviak joan den astean. Dena den, zenbait hedabidek Ukrainako armadako soldaduen hitzak jasoz azken asteetan kaleratu dutenez, abioi horiek ez dituzte hobetzen Ukrainako armadak dituenen ezaugarriak, eta gaitasun mugatua dute Errusiaren hegazkinei aurre egiteko.

Kievi abioiak ere emateko aukera mahai gainean dute AEBetako eta EBko herrialde nagusietako gobernuek, bai, baina ez dute argi ikusten. Daukaten beldurretako bat da horrek ekar dezakeela gerra Ukrainako mugetatik haratago eramatea. Hain justu, Pentagonoaren dokumentu batzuen arabera, Zelenskiren asmoa da Errusian egindako erasoak areagotzea. Hori kaleratu zuen atzo The Washington Post egunkariak. Azken asteetan ugaritu egin dira Ukrainako mugatik gertu dauden Errusiako herriei egindako erasoak. Kievek, baina, ukatu egin du berak eginak direla. Jasoko duen ekipamendu militarraren harira, eta horrekin guztiarekin lotuta, Zelenskik azpimarratu zuen ez dietela Errusiako lurrei eraso egingo.

Txinaren bira diplomatikoa

Txinaren goi diplomazialari batek bira bat hasi du Europan, eta Errusiako, Ukrainako, Poloniako, Frantziako eta Alemaniako gobernuetako goi kargudunekin bilduko da datozen egunetan, Ukrainako gerrarentzako «irtenbide politiko bat» hauspotzeko asmoz, Txinaren Atzerri Ministerioak joan den ostiralean jakinarazi zuenez.

Pekinek ez du bidaia diplomatikoari buruzko xehetasunik eman, baina Reuters berri agentziak Ukrainako Gobernuaren iturriak aipatuz kaleratu duenez, Txinako Gobernuaren Auzi Euroasiarretarako ordezkari berezi Li Hiu bihar eta etzi biltzekoa da Kieveko agintariekin.

Otsail amaieran Ukrainako auzia konpontzeko egitasmoa aurkeztu zuenetik, gatazka horrekin loturiko jardun diplomatikoa areagotu du Txinak. Hilabete geroago, Xi Jinping presidentea Vladimir Putin Errusiako bere homologoarekin batzartu zen Moskun, eta duela aste batzuk, apiril bukaeran, Txinako estatuburuak Zelenskirekin hitz egin zuen, telefonoz, eta berretsi zion elkarrizketa eta negoziazioa direla gerra bukatzeko «bide bakarra». Kieven esanetan, bi agintarien arteko elkarrizketa «esanguratsua» izan zen. Mendebaldea, baina, errezeloz hartzen ari da Txinaren rol diplomatikoa, egozten baitio Moskurekin lerratuta egotea. Bi herrialdeak aliatu estrategikoak dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.