'Streaming' plataformak

Spotify euskaraz erabil daiteke gaurtik aurrera

Musika entzuteko plataformak beste 11 hizkuntza gehitu ditu zerrendara: tartean, euskara eta galegoa. Denera 74 hizkuntzatan erabil daiteke. 

Hizkuntza berriak iragartzeko Spotifyk zabaldutako irudia. SPOTIFY
Paulo Ostolaza.
2023ko maiatzaren 15a
14:47
Entzun

«Zure nahasketa nagusiak»; «Erreproduzitutako azkenak»; «Entzun berriro»; «Zure liburutegia». Sakelakoaren ezarpenak euskaraz badituzue, atal horiek eta gehiago topatuko dituzue gaurtik aurrera Spotify streaming plataforma ospetsuan. Bai, euskaraz.

Suediako enpresak iragarri duenez, lehendik erabilgarri zeuden 63 hizkuntzei beste 11 gehitu dizkie gaur, eta plataforma 74 hizkuntzatan erabil daiteke jada. Berri horien artean dira euskara eta galegoa. Hauek dira gainontzekoak: Argentinako gaztelania, Mexikoko gaztelania, txinera tradizionala, Egiptoko arabiera, Saudi Arabiako arabiera, Marokoko arabiera, bosniera, Erresuma Batuko ingelesa eta mazedoniera.

Enpresak azaldu duenez, hizkuntza berri horiei esker, erabiltzaileek «esperientzia pertsonalizatuagoa» izatea lortuko dute, eta entzule gehiagok izango dute Spotify euren ama hizkuntzan erabiltzeko aukera.

Spotify, hasieran, 27 hizkuntzatan erabil zitekeen —tartean, katalana—. 2021. urtean jarri zuten beste 36 hizkuntzatan ere erabiltzeko aukera, eta beste 11 gehitu dituzte gaur.

Hizkuntza aldatzeko arazoak izanez gero, plataformak berak eman ditu hori egiteko azalpenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.