Lan gatazkak

Bizkaiko zahar etxeetako langileen baldintzak «goitik behera» aldatzeko exijitu du ELAk

59. greba eguna izan dute gaur, eta manifestazioa egin dute Bilbon. Mitxel Lakuntzak adierazi duenez, «egungo zaintza eredua» aldatu behar da, eta langileei «aitortza politikoa» eman. LABek aste osoko greba hasi du.

Bizkaiko zahar etxeetako langileek manifestazioa egin dute gaur Bilbon, ELAk deituta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko maiatzaren 15a
16:00
Entzun

Bizkaiko zahar etxeetako langileek 59. greba eguna izan dute gaur, ELA sindikatuak deituta. Euren aldarrikapenak Bilbon zehar zabaldu dituzte, Gu gabe ez dago zaintzarik, Bizkaiko erresidentziak borrokan lelopean egin duten manifestazioan. Bizkaiko Foru Aldundian hasi eta Ugaskon amaitu dute protesta, Gizarte Ongizateko egoitzaren aurrean. Langileen asmoa egoitzan sartzea izan da, baina, heldu direnerako, Ertzaintza sarreran zegoen. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere hartu du parte manifestazioan; pankarta atzean joan da langileekin batera, Euskadi plazaraino. Adierazi duenez, langileen baldintzak «goitik behera» aldatu behar dira.

«Zaintza eredua aldatu behar da; eta negozio izateari utzi behar dio», nabarmendu du. Eta gehitu du eredu «azpikontratatuarekin» amaitu behar dela: «Eredu horrek ez die egoiliarrei eman beharreko zerbitzua eskaintzen». Izan ere, Lakuntzak adierazi du gaur egun Bizkaiko egoitzen %80 azpikontratatuak direla: «Bizkaian oro har 156 erresidentzia daude, eta horietatik hamabi besterik ez dira publikoak; hau da, %80 horietan, helburua dirua ateratzea da, eta ez zerbitzu publiko bat eskaintzea». Are gehiago, egoitza horietako langileek egoitza publikoetakoek baino %40 gutxiago kobratzen dutela adierazi du.

Lakuntzak gogoratu du sektoreko langile gehienak emakumeak direla: «Gaur egungo ereduak emakumeak prekarizatzen eta esplotatzen ditu». Egoeraren aurrean, argi utzi du sindikatuaren aldarrikapenak zeintzuk diren: «ELAk jardunaldi osoko kontratuak aldarrikatzen ditu». Izan ere, langileen %40k kontratu partzialak dituzte, «jakinda ere zer-nolako ratioak dauden». Soldata igoerak eta kontratu iraunkorrak ere eskatu ditu idazkari nagusiak, eta lehen egunetik ordezkapenak egitea. Era berean, «aitortza politikoa» exijitu du: «Erresidentziako langileek ez dute instituzioen aitortza politikorik, eta hemen arduradun zuzen bat dago: Bizkaiko Foru Aldundia». Horregatik, aldundiari helarazi dio haren erantzukizuna dela «gatazka hori konpontzea».

ELA sindikatuak «borrokan» jarraituko du. Izan ere, bihar beste manifestazio bat egingo dute. 11:00etan Bizkaiko Foru Aldunditik aterako dira, eta Eusko Jaurlaritzara abiatuko dira. Gutxieneko zerbitzuak handitzea salatuko dute: %80ko zerbitzu minimoak ezarri dizkiete. Maiatzaren 25era arte greban jarraituko dute. Azken greba zikloa hamahiru egunekoa izan zen; apirilaren 21etik maiatzaren 3ra arte egin zuten.

LAB ere greban

LAB sindikatuak ere beste greba ziklo bat hasi du gaur Bizkaiko zahar etxeetan; 12:00etan bildu dira Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Aste osoko grebari hasiera eman diote horrela. Asteazkenetik larunbatera baraualdia egingo dute. Eta maiatzaren 20an, hau da, azken egunean, manifestazioa egingo dute Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.