Homofobia

Zizurkilgo Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak Villabonako erasoa gaitzetsi dute

Larunbat gauean bikote bat jipoitu zuten, haien jatorriarengatik eta sexu orientazioagatik.

LGTIBfobiaren kontrako elkarretaratzea, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 16a
10:21
Entzun

Bikote homosexual batek salaketa bat jarri du, joan den asteburuan Villabonan (Gipuzkoa) jipoitu egin zituztelako. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak dio gertatutakoa ikertzen ari dela. Bitartean, Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Arartekoak gertatutakoa gaitzetsi dute. Udalak babes osoa eskaini die biktimei, eta adierazi du Villabonako Udalarekin lanean ari dela gertatutakoa argitzeko. Aldundiak elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi izan dizkie erasoa jasan duten bi pertsonei, bai eta haien senide eta lagunei ere.

Biktimek adierazi dutenaren arabera, jatorriarengatik eta sexu orientazioagatik eraso zieten. Taberna batetik atera zirenean gertatu zen: hamabost gazte inguru oihuka hasi zitzaizkien, eta haiengandik urruntzen saiatu ziren; bietako baten izebari muturreko bat eman ziotenean, emakumea laguntzera joan ziren, eta orduan hasi ziren jipoiak. Polizia iritsi zen arte ez ziren gelditu.

Mutiletako batek konortea galdu zuen, eta atzo arte ospitaleratuta egon zen. Horregatik erabaki zuten salaketa atzo jartzea, erasoa larunbat gauean gauean izan bazen ere. Biktimek adierazi dute «beldur» direla, erasotzaileek badakitelako salaketa jarri dutela. Adierazi dutenez, beraiek ez zuten deus ere egin jipoia jasotzeko; «bat-batean» gertatu zen.

Erasoaren ondorio nabarmenenak dituen mutilak zauri bat du buruaren atzealdean. Sudurra ere berriz osatu behar izan zioten, guztiz txikituta utzi baitzioten; eskumuturra puskatu zioten, eta ahoan ere hamabost puntu ditu. Bertze mutilak, berriz, hematomak eta ebakiak ditu, gehienbat. Izebak, berriz, hematoma bat du begian, muturrekoarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.