Kolonbia

Gobernuarekiko bake elkarrizketak «krisian» daudela ohartarazi du ELNk

Petrok esan du ez dagoela «gatazka ideologiko edo politikorik, legez kanpoko ekonomien aurkako borroka baizik». Bogotak ukatu egin du krisirik dagoela, eta esan du elkarrizketek aurrera jarraitzen dutela.

ELNren ordkaritza Habanan, Pabo Beltran buru duela. ERNESTO MASTRASCUSA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 16a
11:05
Entzun

Ez dago argi zertan diren maiatz hasieran Habanan abiatutako bake elkarrizketak. Asteburuan piztu zen krisia ELN Nazioa Askatzeko Armadaren eta Kolonbiako Gobernuaren artean, Gustavo Petro presidenteak egindako adierazpen batzuen ondorioz. Asteburuan armadarekin egindako ekitaldi batean, hauxe esan zuen estatuburuak: «Dagoeneko ez dago gatazka ideologiko edo politikorik, legez kanpoko ekonomiaren aurkako borroka baizik». Horrez gain, agerraldian Petrok adierazi zuen ELNren bake ordezkaritzak ez duela aginterik gainontzeko kideengan, eta taldean ez dagoela «barne batasunik». Adierazpenok gerrillaren haserrea eragin zuten, eta haiekiko eta elkarrizketekiko «errespetu falta» egotzi zioten Petrori. ELNko iturri baten arabera, «etenda» daude elkarrizketak atzotik, eta gertatutakoaren gaineko ebaluazio bat egingo dute bi aldeek; ondoren jarraituko dute aldez aurretik hitzartutako agendarekin.

Sareetan zabaldutako bideo batean, gerrillako komandante Pablo Beltranek jakinarazi du «krisian» daudela elkarrizketak. Bideoan, Beltranek salatu du Petroren adierazpenak ez datozela bat bere ordezkaritzak negoziazio mahaira eramandako proposamen eta jarrerekin: «Mahaiak gauza bat esaten badu eta presidenteak beste bat, gu erdian geratzen gara, eta horregatik eskatzen dugu azalpen bat. Egia da egon direla adierazpen publiko batzuk nolabait ere gobernuaren jarrera argitu dutenak, baina oinarrian dagoen arazoa ez dute konpondu».

Bake prozesuan aurrera egiteko ELNren eskaera nagusietako bat da gerrillari «talde armatu antolatuaren» izendapena kentzea; izan ere, Beltranek berak BERRIAri eskainitako elkarrizketan azaldu zuenez, Kolonbiako legediak zehazten du talde kriminalak «menperatu» egin behar direla, eta, aldiz, talde politiko-militarrekin elkarrizketak has daitezkeela. Horrez gain, ELNko presoak ere ez dituzte preso politikotzat hartzen. Gerrillako buruak salatu du bake elkarrizketen aurka daudenen diskurtsoa indartzen duela Petrok esandakoak, iradokitzen duelako ezin dela ELNrekin hitz egin. Beltranek argi du: «Gauzak diren moduan izendatu behar dira, eta hori egiten bada ez da berriz halakorik gertatuko».

Gobernuak, ordea, ukatu egin du krisirik dagoela, eta ohar bat plazaratu du nabarmenduz elkarrizketek bere horretan jarraitzen dutela. Idatzian berresten dute negoziazioek «izaera politikoa» dutela, eta Bogotak eutsi egiten diela Mexikon sinatutako akordioei. «Gobernu gisa, aitortzen dugu ELNren ordezkaritzaren legitimitatea, agenda eta nazioarteko begiraleen lana», irakur liteke oharrean. Bide beretik, baina, gogorarazten dio gerrillari su etena eskatzen dutela herritarrek, eta hori dela elkarrizketa hauen lehen helburua.

Gerrillak berak ere nabarmendu izan du menia baten beharra, baina ohartaraziz bi aldeek bete behar dutela, ez soilik ELNk. «Petro heldu da gobernura, eta lider sozialen aurkako erasoak ez dira amaitu; Petro babesten duten liderrak hiltzen dituzte oraindik ere, lehen bezala. Gobernu aurrerakoi bat dugu, eta, hala ere, jendea hiltzen dute oraindik. Erregimen zaharrak herri mugimenduen aurka egiten du gaur egun ere, eta horrek gobernuaren erantzun bat behar du».

Ez da lehena

Hau ez da negoziazioek gainditu behar duten lehen oztopoa. Antzeko zerbait gertatu zen iazko urte amaieran ere, Bogotak iragarri zuen alde biko su eten bat hitzartu zuela ELNrekin, baina gerora atzera egin behar izan zuen, gerrillak berak ohar batean halakorik sinatu izana ukatu zuenean. Ordu hartan, gerrillak egotzi zion gobernuari alde bakarreko erabaki bat «inposatu» nahi izatea.

Gerora, udaberrian, beste behin kolokan egon ziren elkarrizketak, gobernuak egotzi zionean ELNri bederatzi militar hil izana martxo amaieran egindako eraso batean. Gobernuak erasoa baliatu zuen su eten bat adostu beharra berresteko, eta gerrillari presio egiteko. ELN bera ere menia baten aldekoa da, betiere negoziatua eta aldebikoa bada. Alde horretatik, Beltranek adierazi du menia bat adostuko balitz ELNk hura betetzeko «konpromiso osoa» lukeela: «Oihanean dagoen azken gerrillariak ere beteko du».

Bien bitartean, ordea, gerrillaren aurkako operazioek aurrera jarraitzen dute, eta jarraituko dute. Luis Mauricio Ospina armadaburuaren esanetan, negoziazioak hasi zirenetik militarren aurkako 90 eraso gertatu dira. Beraz, ohartarazi duenez, presidentetzak kontrakorik agintzen ez duen bitartean, «konstituzioan jasotakoaren aurka egiten duen edozein talde armaturekin bezala» jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.