Pedagokikoki PAI ingelesez ikasteko programaren baliagarritasunari buruzko zalantzak badaude ere, Yolanda Barcinaren agintaldian hasitako bidean sakondu nahi du UPNk. PAIk programa bat izateari uztea eta hezkuntza eredu bilakatzea proposatu du Javier Esparza presidentegaiak, hezkuntzari buruzko agerraldian.
Liceo Monjardin ikastetxearen aurrean egindako agerraldian Esparzak aurkeztutako neurri nagusietako bat da. Ingelesezko eredu bat sortuta, «PAI programa ikastetxe publiko guztietan ezartzeko betebeharra egongo da, eta, modu horretan, familia guztiek aukera izango dute ingelesa ikasteko ikastetxe publiko batean».
Euskararen irakaskuntzari erreparatu gabe, Esparzak iragarri du PAI programa duten ikastetxeetan matrikulatzeko erraztasunak emango dituztela gobernura helduz gero: «PAI programa ez duten herrietan, doako jangeletarako eta garraiorako laguntzak emango dizkiegu familiei, ingelesa ikasi ahalko duten beste herrietara joan daitezen».
Ingelesa ikasteko orduak ugaritzeko asmoa dute, halaber. «Modu horretan ikasle guztiek ikasketak amaitzean B1 maila izan dezaten gutxienez».
Askatasunean «murrizketa»
Iragan berri den legealdiari begira, salatu du familiek seme-alabentzako hezkuntza eredua aukeratzeko duten askatasuna «murriztu» nahi izan duela Carlos Gimenoren Hezkuntza Departamentuak. «Eskoletan doktrinamendu ahalegin argi bat egin da, eta gure seme-alabak nola hezi behar ditugun ezarri nahi digute. Skolae programaren adibidea hor dago. Funtsean, pentsamendu bakarra ezartzen ahalegindu dira».
Hori ikusita, UPNk ohartarazi du «doktrinamendu hori amaituko» duela. «Itunpeko ikastetxeen eta publikoen artean eskaintza bidezkoa eta orekatua izatea bermatuko dugu».
Ildo berean, Esparzak ohartarazi du ikasliburuen edukiaren gaineko kontrola ezarriko dutela. «Doktrinamendurik ez egotea bermatuko dugu testuliburuen gaineko kontrolak ezarriz. Bermatuko dugu Nafarroako errealitate instituzionalari buruzko gezurrik ez esatea».
Beste kontuen artean, esan du 0-3 adinerako haur eskolak doakoak izatea bultzatuko dutela. Halaber, beken eredua aldatu nahi dutela gaineratu du.
Esparzaren arabera, Nafarroan ikastetxe batzuek besteek baino emaitza okerragoak lortzen dituzte, eta hori tokiko errealitate sozioekonomikoari lotuta egon daiteke. Haren esanetan, «ikastetxe horiei lehentasunezko arreta eman behar zaie».
Gainera, landa eremuko ikastetxeei «egonkortasuna» eman nahi diete. «Profesionalei aitortu behar zaie esfortzu hori, eta baldintzak hobetu, haurrei egonkortasuna emateko, eta eskubide berberak dituztelako».