Bi gizon atxilotu dituzte Arabako mahastietan etorkinak esplotatzeagatik

«Baldintza deitoragarrietan eta giza duintasunarekin bateraezinak diren baldintzetan» bizi ziren Portugalgo hamabost etorkin askatu dituzte.

Arabako mahastietako artxiboko irudi bat. IñIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 16a
14:48
Entzun

Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu ditu Arabako Errioxan, «lan esplotazioa helburu duen gizakien trafikoagatik». Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzaren arabera, otsailean hasi zuen Guardia Zibilak Worker operazioa, esplotazio saretik ihes egitea lortu zuen pertsona batek bizitakoa salatu ostean. Ikerketa hasi zuten orduan, eta Portugalgo Polizia Judizialarekin batera joan den astean egindako operazioan lortu zuten atxiloketak egitea, baita esplotazio sarearen biktimak askatzea ere. Gasteizko Instrukziozko Lehen Epaitegiaren eskuetan dago kasua, eta epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri die atxilotuei.

Ordezkaritzaren arabera, baldintza «deitoragarrietan» bizi ziren Portugalgo etorkinak, «giza duintasunarekin bateraezinak diren baldintzetan», eta esklabotza modernotzat jo dute haien egoera. Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariak azaldu duen moduan, jatorrizko herrialdean hartu eta lan egingo zuten tokira eramaten zituzten langileak. Asteko egun guztietan egiten zuten lan Arabako mahastietan, eta ia hamabi orduko lanaldiak zituzten; eta haiek menperatzeko, «menpekotasun ekonomikoa» erabiltzen zuten. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren arabera, hilabetez lanean ibili ostean langile batzuek zor ekonomikoa zuten jabeekin, eta horrek esplotazio sarean jarraitzera bultzatzen zituen.

Atxilotuen etxean, miatzean, 9.300 euro aurkitu zituzten, baita bi itxurazko pistola eta ikerketarekin harremana duen dokumentazioa ere. Bestalde, esplotazioari esker lortutako etekinekin erositako bost higiezin ere topatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.