Bilbo

Aburtok hitzeman du euskararen «erabilera soziala» bultzatuko duela

«Bilbo eta Bizkai elebidunak» lortzeko ekintzak aurkeztu ditu EAJren alkategaiak. Otaduik gazte euskaldun «erreferenteak» saretu nahi ditu.

Otadui, Aburto eta Atutxa, gaur, Bilbon. FOKU
jon olano
2023ko maiatzaren 16a
16:35
Entzun

Euskararen arloko bi erronka identifikatu ditu EAJk Bilbon datorren legealdiari begira: hirian euskararen «erabilera soziala» indartzea eta euskararen erabilera sustatzea udalaren barruko komunikazio hizkuntza gisa, «hizkuntza bera bultzatzeko, eta administrazioarekin euskaraz jardun nahi duten herritarrei kalitatezko zerbitzuak emateko».

Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta EAJko alkategaiak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietarako presidente eta EAJren lehendakarigaiak agerraldi bat egin dute Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean, euskararen arloan hartu nahi dituzten neurrien berri emateko. Horien artean daude Bilboko Euskararen Aholku Batzordea indartzea, euskara sustatzen duten tokiko eragileekiko «etengabeko koordinazioa eta babesa» ematea, Bilboko euskaltegietan matrikulazioa sustatzeko kanpainak egitea, eta euskararen aldeko gizarte, erakunde eta parte-hartze egitasmoetan «modu aktiboan» parte hartzea.

Era berean, euskarazko kultur adierazpideak sustatu nahi dituzte, hizkuntza saltokietan, ostalaritzan, kirolean, aisialdian eta hiriko bestelako esparru eta dinamika sozialetan sustatzeko kanpainak eta programak bultzatu, eta udal zerbitzuek erabiltzen dituzten aplikazio, webgune eta tresna teknologikoetan euskararen erabilera indartu.

«Euskara gure nortasunaren ezaugarri nagusietakoa da. Jatorriekin lotu, eta kokapen berezi-berezia ematen digu gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan», esan du Aburtok, eta «Bilbo eta Bizkai elebidunaren alde» egitera deitu du.

Bestalde, Otaduik azaldu du «euskararen normalizaziorako lehenetsi beharreko esparruetan» sustatuko dituztela jarduera planak eta ekintzak. Bide horretan, esaterako, «nazioartean erreferentetzat jotzen diren gazte euskaldunen sarea sortu eta dinamizatu» nahi dute. Horrez gain, euskararen erabilera «horren indartsu» ez dagoen eskualdeetan, enpresek eta entitateek «era guztietako programetan» parte hartzea sustatuko dute, «bakoitzak bere eragin esparruan euskararen erabilera susta dezan».

Otaduiren hitzetan, EAJ «ahalegina» egiten ari da «euskara eta euskararen munduak etorkinengana hurreratzeko, beren enpatia eta garapen pertsonal eta soziala ahalbidetuz». Halaber, «euskarazko kulturaren sorkuntza sustatu eta prestigiatuko» dutela hitzeman du, sorkuntza hori delakoan Bizkaiaren «nortasunaren adierazle bikaina».

Euskaldunak, %30

Joan den martxoan aurkeztu zituzten zazpigarren Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak, eta, txostenean jasotako datuen arabera, Bizkaian herritarren %30 dira euskaldunak, eta beste %19 euskaldun hartzaileak. Horrez gain, erabilerari dagokionez, %14,5 dira euskaraz erderaz bezainbeste edo gehiago egiten dutenak; portzentaje hori bost puntu handitu da 30 urtean, 1991n lehen Inkesta Soziolinguistikoa argitaratu zenetik. Kontrara, beti erderaz egiten dutenak %67,5 dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.