Albistea entzun

Araba

Arabako lautadan biosfera erreserba bat sortzea proposatu du EH Bilduk

Gasteiz eta Araba «erreferente» bilakatu nahi ditu klima aldaketaren aurkako borrokan.

EH Bilduko hautagaien agerraldia, gaur, Gasteizen
EH Bilduko hautagaien agerraldia, gaur, Gasteizen EH Bildu Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko maiatzak 16 07:50

Krisi klimatikoari aurre egiteko asmoz, EH Bilduk udal eta foru erakundeetatik bultzatuko dituen hainbat neurriren berri eman dituzte gaur Rocio Vitero Gasteizko alkategaiak eta Felix Gonzalez Arabako Batzar Nagusietako hautagaiak. Besteren artean, konpromisoa hartu dute «irizpide ekosozialetan» oinarritutako trantsizioa azkartzeko eta biodibertsitatea errespetatzeko, eta hori lortzeko proposatu dute Arabako lautada Unescoren biosferaren erreserba izendatzea.

EH Bilduko hautagaien ustez, biosferaren erreserbak ongi diseinatuta eta kudeatuta daudenean «tresna baliagarriak» dira lurralde bat iraunkortasunaren ikuspegitik egituratzeko. «Arabako lautadan erreserba bat egoteak orain sakabanatuta dauden naturguneak lotuko ditu eta balioa emango die, eta erreserba apartekoa izango da, Gasteiz bezalako tamaina erdiko hiri bat barruan hartuko duelako», azaldu du Gonzalezek.

EH Bilduren iritziz, Zadorraren goi arroak betetzen ditu biosferaren erreserba izendatzeko beharrezko baldintza guztiak. Koalizioak proposatu duen eremua Zadorra ibaiaren arroaren goiko aldeari dagokio: 950 kilometro koadroko azalera hartuko luke denera, eta hamalau udalerri eta 275.000 biztanle bilduko lituzke bere baitan. Gasteizko mendiak, Arrato mendilerroa, Gorbeia eta Aizkorri-Aratz parke naturalak, Urkiolako eta Entziako mendilerroak eta Iturrietako mendien esparrua hartuko luke biosferak.

«Unescok inoiz Araban egindako lehen aitortza izango litzateke, eta mundu mailan ezaugarri horiek dituen gutxienetarikoa, bere baitan Gasteiz egongo litzatekeelako», Gonzalezek azaldu duenez. Biosfera erreserbak hiru gune izango lituzke, EH Bilduk egindako planaren arabera. «Eremu nagusian», periferia eta eremu babestuak leudeke. «Eremu tanpoia», berriz, gune nagusiaren ondoko zonaldeek osatuko lukete. «Trantsizio eremua», azkenik, lurraldearen gainerako zatiak beteko luke.

Koalizioak proposatu du erreserbaren kudeaketa patronatu baten bidez egitea, eta bertan bermatua egotea udal guztien eta interesa duten eragileen parte hartzea eta erabakitzeko gaitasuna.

Karbonoan neutroa
Udal mailan, berriz, 2030. urterako karbonoan neutroa izateko helburuari eutsi dio Viterok, iritzita Gasteizek «erreferente» izan behar duela klima aldaketaren aurkako borrokan. Gasteizko alkategaiak gogora ekarri du duela lau urte koalizioak hiriburua karbonoan neutroa izateko plan bat aurkeztu zuela, eta hainbat neurri martxan jartzeko konpromisoa duela. Gasteizen energia berriztagarrien hedapena «modu parte hartzailean» planifikatzeko konpromisoa da horietako bat: «Jendaurreko informazio eta eztabaida prozesu baten bidez egin nahi dugu. Interesa duten eragile guztiei parte hartzeko gonbita egingo zaie, baita talde politikoei eta herritar guztiei ere, akordio politiko eta sozial ahalik eta zabalena lortze aldera». Horrekin batera, udalerriko lurzoru antropizatuetan–tartean Noryesteko presagaineko proiektu ohiaren lurzoruetan eta Ariñez eta Gometxa arteko Jundizko sarbidean– tamaina ertaineko eguzki baratzak ezartzeko aukera aztertuko dute.

Horrez gain, Viterok azaldu du udalerriko auzo eta herrietan energia komunitateak garatu eta trantsizio komunitarioa sustatzeko bulegoak ireki nahi dituztela. Udal aholkularitza energetikoak ere martxan jarri nahi dituzte, norbanakoak eta enpresak laguntzeko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.