Arrantza

Angulen trafikoaren aurkako operazioan atxilotutako enpresari bat espetxeratu dute

Bordeleko (Frantzia) JIRS epaitegiak erabaki du enpresari gipuzkoarra espetxeratzea. Bidaxunen (Nafarroa Beherea) zegoen finkatuta, eta Euskal Herriko hainbat txokotan ditu egoitzak.

Angulak, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 16a
21:02
Entzun

Joan den astean, angulen trafikoaren aurkako operazio bat egin zuten Bidasoaren alde bietan Espainiako eta Frantziako poliziek. Hogei pertsonatik gora atxilotu zituzten, eta, atzo gauean Frederique Porterie Bordeleko prokuradoreak adiearzitakoaren arabera, atxilotuetako bat espetxeratu zuten. El Diario Vasco-k argitaratutakoaren arabera, espetxeratuak San Bisentsen (Landak, Frantzia) zuen enpresa —Agirrebarrena Angulak—, baina beste egoitza batzuk zituen Euskal Herrian, Oiartzunen (Gipuzkoa) adibidez.

Antza denez, gipuzkoarra da espetxeratu duten enpresaria, baina Bidaxunen zegoen finkatuta. Frantziako 20 Minutes-en arabera, antolatutako talde kriminal batean parte hartzea egozten diete espetxeratuari eta beste lau ikerturi, baita etxekoak ez diren animalien edo haien produktuen jabetzagatik, garraioagatik eta transferentziagatik ere.

Frantziako hedabidearen arabera, sare horretako kideek Asiara esportatzen zituzten angulak, bizirik. 2010etik, Europako Batasunak debekatua du bere mugetatik kanpo angulak esportatzea, eta joan den urtean espezie horren kirol arrantza debekatu zuen. Izan ere, azken hiru hamarkadetan %75 murriztu da angularen presentzia Europan, eta galtzeko arriskuan dago.

Joan den urtean Europako Batasunak angularen kirol arrantza debekatu zuenez, Eusko Jaurlaritzak angularitza profesionalizatzeko urratsak egin zituen apirilean. 150 lizentzia profesional banatuko dituzte, eta angularen arrantza kontrolatzea lortu nahi dute horrekin. Joan den urtean, kirol lizentziak soilik banatzen zirenean, 700 eman zituen Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.