Zibererasoa

Euskalteli datuak lapurtu dizkio hacker talde batek, eta xantaia egin

Euskalteli 100 gigabyte informazio blokeatu dizkio hacker taldeak, eta haren filial Mundo-R-ri, berriz, 3 terabyte.

Euskaltelen lantegia, Derion (Bizkaia), artxiboko irudi batean. LUIS TEJDO / EFE
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 17a
11:11
Entzun

Euskaltelen alta eta erregistroen sistemak pirata informatikoen eraso bat jasan zuen ustez joan den astean. Hala argitaratu du hacker taldeak dark web deituriko sarean dagoen blog batean, LockBit 3.0 Leak Data blogean; hainbat hedabide espezializatuk eman dute zibererasoaren berri, Xatakak eta Genbetak, esaterako. Zibererasoaren berri emateaz gain, blog horretan datu baseen pantaila argazkiak jarri dituzte. Antza denez, Euskalteli 100 gigabyte informazio blokeatu dizkiote, eta Mundo-R-ri —Euskaltelen mendeko enpresa bat da—, berriz, 3 terabyte.

Ikusi gehiago: Zer dago datuen ziberbahiketen atzean?

Espezializatutako hedabideek adierazi dutenaren arabera, ransomware eraso bat izan da. Malware —programa gaizto— baten bidez egiten den eraso bat da: enpresako langileei galarazi egiten die beren datu baseetan sartzea, eta dirua eskatzen dute desblokeatzearen eta informazioa ez zabaltzearen truke. Astelehenean egin zituzten erasoak, eta atzerako kontaketa bat jarri zuten aipatutako blogean: enpresek hiru aste dituzte ordaintzeko.

El Correo-ren arabera, Euskaltelek dio «arazo tekniko» batzuk antzeman dituztela, baina diote zerbitzu guztiek «normaltasun osoz» funtzionatzen dutela. Antza denez, erasoa joan den ostegunean gertatu zen, baina, segurtasun kopiei esker, igandean zerbitzua berrezartzea lortu zuen Euskaltelek. Zerbitzua berrabiarazi ostean, astelehenean, hackerrek ustez xantaia egin zuten, eta ekainaren 5ean bukatuko da ordaintzeko epea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.