Musika

The Original Blues Brothers Band eta Tia Carroll batu dira Bilboko Blues Jaialdira

Vasti Jackson and The Mississippi Trinity, Shakura's Aida, Anthony Paule Soul Orchestra, Indigo Blues eta Ghalia Volt ere izango dira festibalean, uztailaren 28tik 30era

The Original Blues Brothers Band taldea. BERRIA
mikel lizarralde
2023ko maiatzaren 17a
13:01
Entzun

Bilboko Blues Jaialdiak itxi egin du bere bigarren ekitaldiko programazioa gaur iragarritako artistekin. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, The Original Blues Brothers Band, Tia Carroll, Vasti Jackson and The Mississippi Trinity, Shakura's Aida, Anthony Paule Soul Orchestra, Indigo Blues eta Ghalia Volt gehitu zaizkio aurretik baieztatuta zeuden gainerako musikariei: Rick Estrin & The Nightcats, The Cinelli Brothers, Bette Smith, The Big Flyers, Koko-Jean and The Tonics eta Los Mambo Jambo Arkestra.

Bilboko Blues Jaialdia Bilboko Udalak sustatzen du, eta erabat doakoa izango da. Uztaileko azkeneko asteburuan egingo dute, 28tik 30era, Areatzan. Bezperan, ordea, 27an, Silvia Marso eta Del Toro Blues Band taldearen Blues & Roots antzerki musikalaren emanaldia izango da Guggenheim museoan.

«Oso pozik gaude kartel hau aurkeztu ahal izatearekin; izan ere, berriro ere kalitate handiko banda kopuru handia izango dugu», azaldu du Carlos Malles jaialdiko zuzendariak. «Ahalik eta programa eklektikoena eskaintzen saiatzen gara beti, mota askotako bluesa eta antzeko musika biltzen duena, ikusleek musika genero hori hobeto ezagutu dezaten. Jaialdiak lehen aldian izan zuen harrera berriro ere izatea espero dugu. Gure helburu nagusia jendeak bluesarekin ondo pasatzea da», azpimarratu du.

Jaialdira batu diren taldeen artean The Original Blues Brothers da, ziur aski, entzutetsuena. Dan Akroyd eta John Belushi aktore eta komigileek sortu zuten Saturday Night Live telebistako saiorako, musika beltzari omenaldia egiteko asmoz, eta hainbat soul eta blues musikariz inguratu ziren. Briefcase Full of Blues diskoarekin estreinatu ziren, baina mundu mailako ospeak The Blues Brothers filmak (1980) eman zien. 1982an, Belushi hil zenean, taldeak bere bidea hartu zuen Steve Cropper gitarristaren zuzendaritzapean, eta, orduz geroztik, taldekide aldaketa ugarirekin bada ere, segitu du soula, R&Ba eta bluesa mundu osora zabaltzen. Gaur egun Lou Marini (saxoa) du gidari taldeak, eta 2017koa du azken diskoa: The Last Shade of Blue Before Black.

Tia Carroll (AEB, 1958), bere aldetik, blues & soularen izar handienetakoa bilakatu da 1980ko hamarkadaz geroztik. "Haren estiloak, grinaren eta feeling askoren adibide, Koko Taylor, Aretha Franklin eta Tina Turnerren garaierako maistrak gogorarazten ditu», azaldu dute antolatzaileek.

Aurtengoan, Bilboko Blues Jaialdiak Rick Estrin (AEB, 1949) abeslari eta aho-soinu jotzailea omenduko du, eta musikariak The Nightcats taldearekin joko du Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.