Klima larrialdia

Bost urtean 1,5 graduren langa gaindituko dela ohartarazi dute

Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, oso litekeena da datozen bost urteetako bat historiako beroena izatea, El Niño fenomenoak eta klima larrialdiak bultzatutako tenperatura igoeraren ondorioz.

'El Niño' fenomenoa nabaritzen hasia da Panamako Azuero mendietan. BIENVENIDO VELASCO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 17a
13:22
Entzun

Datozen bost urteetako klima aurreikuspenei buruzko txostena plazaratu berri du Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek. Haren arabera, urteko batez besteko tenperaturak 1,5 graduko igoeraren langa gaindituko du, aldi baterako bada ere. Igoera horretan eragina izango du gizakiak bultzatutako klima larrialdiak, baina baita El Niño fenomenoak ere.

Egindako neurketen arabera, %66ko aukerak daude aipatutako langa 2023 eta 2027 bitartean gutxienez urte batean urratzeko. Aldi berean, %98ko aukerak daude bost urte horietako bat edo epe osoa izateko inoiz erregistratutako beroenak. «Honek guztiak ez du esan nahi modu iraunkor batean gaindituko dugunik Parisko Akordioan aurreikusitako 1,5 graduren langa, baina oso litekeena da datozen urteetan muga hori gero eta maizago gainditzea. Honek guztiak eragina izango du pertsonen osasunean, elikadura segurtasunean, eta uren eta ingurumenaren kudeaketan», ohartarazi du Taalasek.

Igoera kontinente guztietan nabarituko dela ohartarazi du erakundeak, baina bereziki Artikoan izango dela nabarmena. Ipar poloan anomalia termikoa beste tokietako halako hiru izan liteke. Zientzialarien aurreikuspenen arabera, une jakin batzuetan industria aurreko tenperatura baino 1,8 gradu altuagoa izan liteke igoera. Orain arteko erregistroak aintzat hartuta, 2016a izan zen urterik beroena —El Niño fenomenoak muturreko tenperaturak eragin zituen urte hartan—.

Muturreko fenomenoak ere ugaritu egingo dira datozen bost urteetan. Sahelen, Europa iparraldean, Alaskan eta Siberia iparraldean maizago izango dira eurite gogorrak. Aldiz, lehorteak ugariagoak izango dira Amazonian, Amerika erdialdean, Indonesian eta Australian.

Parisko Akordioan, nazioarteak adostu zuen neurriak hartzea munduko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago igo ez dadin, gainontzean kalteak konponezinak liratekeelako. Orain arte ez da inoiz gainditu langa hori; batez besteko igoerarik handiena 1,28 gradukoa izan da.

Taalasek azaldu duenez, datozen hilabeteetan hasiko da nabaritzen El Niño fenomenoa, ipar hemisferioan uda denean eta hegoaldean, negua.

Bero boladak Europan

Karbono dioxido isuriek ere tenperaturen gorakada eragingo dute Europan, baina, horrekin batera, eurite handiak etorriko dira. «Prezipitazioen igoera lotuta dago Atlantiko iparraldeko urak berotzearekin; hori gertatzen denean, ur kopuru handiagoa lurruntzen da, eta, aire hori Europara heltzen denean, prezipitazioak ekartzen ditu. Beraz, bero handiagoa espero da, baina kontu handiz ibili behar da uda garaiko euriteekin», azaldu du Leon Hermanson zientzialariak.

Hermansonen esanetan, muturreko fenomenoak izango dira tenperatura igoeraren ondoriorik kezkagarrienak; besteak beste, lehorteak eta uholdeak, eta horiei lotutako pertsonen desplazamenduak. Izan ere, gaur egun oraindik zientzialariak ez dira gai halako fenomenoak aurreikusteko. «Iaz lehorte gogor bat eta bero boladak jasan behar izan zituzten Txinak, Europak eta Amerika iparraldeak, ahaztu gabe Afrika jasaten ari den idortea eta Pakistango uholdeak. Tamalez, egun ditugun eredu klimatikoekin, ez gara halako gertakariak aurreikusteko gai», azaldu du Taalasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.