Ekuador

Ekuadorko presidenteak parlamentua desegin du

Lassok argudiatu du herrialdea «krisi politiko larri batean» dagoela, diputatuak haren kontrako epaiketa politikoa egiten ari ziren honetan. Hauteskundeak «berehala» egitea nahi du.

Guillermo Laso Ekuadorko presidentea, atzo, parlamentuan, bere burua defendatzen. JOSE JACOME / EFE
ander perez zala
2023ko maiatzaren 17a
14:38
Entzun

Ekuadorko presidente Guillermo Lassok herritarren babesa izan zuen hauteskundeetan. Horregatik, bere burua behartuta ikusi du, esan duenez, «erabaki egokiak eta beharrezkoak» hartzera, eta, beraz, «erantzun bat ematera» herrialdea bizitzen ari den «krisi politiko larriari». Hau da, diputatuak haren kargugabetzeari buruzko epaiketa politikoa egiten ari ziren honetan, Lassok erabaki du parlamentua desegitea, eta hauteskundeak «berehala» egiteko eskatu du.

Correistek eta sozialdemokratek gidatzen dute oposizioa, eta presidentearen kontrako salaketa aurkeztuko zuten Asanblearen atzoko saioan. Ustelkeria egozten diote presidenteari, ustez jakitun zegoelako Flopec petrolioa ustiatzeko estatu enpresak eta Amazonas Tanker konpainia pribatuak kontratu irregularrak egin zituztela; alegia, leporatzen diote ez zuela ezer ere egin kontratu horiek estatuari eragin dizkioten kalteak eragozteko.

Oraindik ez zegoen argi Lassoren kontrako prozesuak arrakasta izango zuen, oposizioko alderdien batasunaren menpe baitzegoen —bi herenen babesa behar zuten—. Halere, presidenteak hasiera-hasieratik egin zuen mehatxu parlamentua desegitearekin, eta, azkenean, epaiketa politikoa abiatu berritan eman du pausoa. «Erabaki demokratiko bat da, konstituzionala delako eta herriari itzultzen diolako bere etorkizunaz erabakitzeko boterea», argudiatu du estatuburuak.

Bezperan, Lasso parlamentuan izan zen bere burua defendatzeko, eta diputatuei esan zien errugabea dela. Haren arabera, ez dago «ez frogarik, ez testigantza adierazgarririk» erruduna dela ziurtatzeko: «Hemen dagoena zera da: nire errugabetasun argi eta eztabaidaezina frogatzen duten informazioak». Eta, horri jarraituz, gaurko agerraldian esan du «botere legislatiboa gobernua desegonkortu» nahian ari dela. Asanblea desegiteak, hortaz, berekin dakar epaiketa politikoa bertan behera geratzea.

Ekuadorko Hauteskunde Batzorde Nazionalak zazpi egun ditu bozetara deitzeko, eta horiek 90 egun igaro baino lehen egin beharko dituzte. Asanblea berria —eta presidentea— aukeratu artean, estatuburuak ekonomia arloko neurriak hartzen jarraitu ahal izango du, dekretu bidez; hori bai, Auzitegi Konstituzionalak neurri horiek aztertu beharko ditu.

Lehen aldia da diktadura osteko (1976-1979) garaian presidente batek parlamentua desegitea erabaki duela. Lassok 2021eko maiatzeko hauteskundeak irabazi zituen, bigarren itzulian babesen %52,36 bilduta. Hilabete batzuk lehenago, urte hartako otsailean, bere alderdi Creok hamabi eserleku lortu zituen parlamenturako bozetan —132 aulki ditu ganberak—. Estatuburuak berriz aurkezteko aukera du, baina gaurko agerraldian ez du ezer esan horren inguruan.

Correarentzat, «legez kanpokoa» da

Rafael Correa presidentea ohiarentzat (2007-2017), Lassok harturiko erabakia «legez kanpokoa» da. Epaiketa politikoari erreferentzia eginez, Twitter sare sozialaren bidez salatu du estatuburuak pauso hori eman duela ezin izan dituelako «bere burua salbatzeko Asanbleako nahikoa kide erosi».

Pachakutik alderdi indigenak, berriz, «konstituzioaren aurkakotzat» jo du Lassok parlamentua desegin izana. Mugimendu horretako koordinatzaile Marlo Santik salatu du presidentearen erabakiak zigorgabetasunean uzten duela «meatzaritza eta petrolioa bezalako baliabide naturalen ustiapenean dagoen ustelkeria».

Nazionalitate Indigenen Konfederazioak, bestalde, esan du Ekuadorko egoera «Guillermo Lassoren diktadura agertoki bat» dela, eta bere jarraitzaileei dei egin die «batasunari eustera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.