Greba Osakidetzan

Osakidetzako grebak erantzun «oso zabala» izan duela esan dute sindikatuek

Manifestazioak egin dituzte 'Osakidetza salba dezagun' lelopean. Salatu dutenez, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren «utzikeriarengatik» jo dute lanuztera. Zerbitzu minimoak «gehiegizkoak» direla salatu dute.

Osakidetzako langileak gaur protestan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo
2023ko maiatzaren 18a
10:21
Entzun

Protesta eguna dute gaurkoa Osakidetzako langileek, eta goizean kalera atera dira hainbat lantokitan. Gaur eta bihar daude grebara deituta 37.000 behargin. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta SME sindikatuek egin dute deia, Osakidetzaren «desegitea» salatzeko, eta langileentzako baldintza «duinak» eskatzeko. ELA sindikatuaren arabera, erantzuna «oso zabala» izan da: «%50era iristen da grebarekin bat egin dezaketen langileen artean». Osakidetzaren arabera, ordea, langileen %10ek egin dute greba; arratsaldean ehunekoa pixka bat handiagoa izan dela esan dute: %11,5.

Portzentajeen arteko aldeari erreparatzeko, gutxieneko zerbitzuak kontuan hartu behar direla esan dute sindikatuek. Izan ere, Jaurlaritzak ezarritako zerbitzuen arabera, jaiegunetako martxan jardungo dute erietxeek eta osasun zentroek, baina arreta jarraituko zentroetan eta larrialdietan ez da aldaketarik izango ematen den artan. Ezarri diren gutxieneko zerbitzuak salatu ditu Esther Saavedrak (ELA): «Gehiegizkoak izan dira, eta milaka langile greba eskubiderik gabe geratu dira». ELAk adierazi duenez, greba bereziki garrantzitsua izan ari da lehen arretan. «Horrek erakusten du zer-nolako larritasuna daukaten arreta maila horretako langileek». Era berean, gainerako arreta mailek ere «gogor egin dute bat» lanuzteekin. Besteak beste, ELAk esan du Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroetan ez dela autobusik atera donazioak egiteko, eta laborategia itxita dagoela.

«Lantaldea nazkatuta eta nekatuta dago; eta ikusten ari dira beren eskubideak urratzen ari direla», ohartarazi du Amaia Mayorrek (SATSE). Horregatik atera dira kalera. Eguneko lehen manifestazioak gaur goizean abiatu dira, Osakidetza salba dezagun goiburupean; Basurtuko erietxetik eta Donostia ospitaletik. Gasteizen ere, Txagorritxuko erietxe parean elkarretaratzea egin dute. Eguerdian lehen mailako arretako zentroen atarietan batu dira langileak. Bihar, berriz, manifestazio handiak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Eguerdian abiatuko dira hirurak, Jesusen Bihotza plazatik, Boulevardetik eta Buruileria plazatik, hurrenez hurren.

Txagorritxuko erietxe parean elkartu dira grebalariak 9:30 aldera; gero, kanpo kontsulten eraikineko sarrerara sartu dira, eta eserialdi batekin amaitu dute protesta. Azaldu dute «nazkatuta» daudela osasun sistemaren egoerarekin, murrizketekin eta negoziazioak blokeaturik egotearekin, besteak beste.

Osakidetzako langileek 12:30ean ekin diote manifestazioari Gasteizen. Santiago ospitalearen parean batu da jende oldea protestara, eta handik abiatu da kalez kale. Langile eta baliabide gehiago galdegin dituzte, baita Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa ere. Bidean zirela, errepidearen erdian eseri dira hamar minutu inguruz, eta hau oihukatu dute: «Kriminala da osasungintzan murrizketak egitea». Olagibel osasun zentroan amaitzekoak dira gaurko manifestazioa. Aldarriak, ordea, badirau: «Hemen gaude publikoaren alde».

</div>

«Osakidetzak aspalditik ez ditu bermatzen langileen eskubideak, eta ez ditu bete lortutako akordioak», salatu du Mayorrek. Saavedrak, berriz, nabarmendu du Osakidetzak dituen arazoak «egiturazkoak eta «pandemia aurrekoak» direla. Sindikatuen eskarien artean, horra: langileek 2010etik hona galdu duten erosahalmena berreskuratzea, soldata osagarriak eguneratzea, langileen behin-behinekotasuna %8ra apaltzeko plan bat egitea, lehen mailako arretan inbertsioa handitzea, eta 2018-2019ko urteetan egin zen lan eskaintza publikoa ebaztea.

Iñigo Garduñoren (CCOO) arabera, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Osakidetzaren jarrerak eraman ditu grebara: «Haien utzikeriak behartu gaitu deialdi hau egitera eta, gainera, oinarrizko gauzak aldarrikatzera». Mahai sektoriala benetako negoziazio esparru izan dadin aldarrikatu du Garduñok. Izan ere, Saavedrak gogoratu du azkeneko greba iaz egin zutela eta, ordutik, negoziazio mahaia «erabat blokeatuta» dagoela. «Osakidetzak aitzakia gisa erabiltzen ditu une oro pandemia eta langileen eskasia, beste egoera batean aplikatzen oso zailak izango liratekeen neurriak hartzeko; hala nola EAG etengabeko arreta guneak medikurik gabe irekita egotea». Sindikatuek «negoziazioen bidera» itzultzeko eskatu dute, osasun sistemaren arazo «estrukturalei» konponbidea emateko.

Bestalde, Jasone Perezek (UGT) azpimarratu du langileek eta herritarrek ezin dutela «gehiago jasan» Jaurlaritzak eta Osakidetzako zuzendaritzak aspalditik erakutsi duten «axolagabekeria» langileei eta erabiltzaileei eragiten dieten arazoen inguruan. Besteak beste, profesionalik eza, lan karga handiak, lantaldea zahartzea eta soldata diskriminazioa. Arazo horiek guztiek osasun sistemaren kalitatea «murrizten» dute: «Osakidetzak lantaldea baloratzen badu, sortu zenetik 40 urte bete diren kanpainan adierazten duen bezala, kontuan hartu beharko lituzke gure beharrak».

Osasun sistemaren pribatizazioa ere jomugan izan dute. Saavedrak esan du gero eta handiagoa dela Osasun Sailak osasungintza pribatura eta azpikontratetara bideratzen duen diru kopurua: «2023an, 122 milioi bideratu dituzte enpresa pribatuetara». Jessica Gondrak (LAB) gehitu du osasun sistema publikoaren defentsan borrokan jarraituko dutela, «estrategia pribatizatzailea» eta «lehen arretaren desegitea» gelditzeko helburuz.

Osasun Sailaren erantzuna

Gotzone Sagardui osasun sailburuak, berriz, ukatu egin du sindikatuek esandakoa, eta adierazi du Osakidetza ez dela desegiten ari. Haren esanetan, gastuari eta inbertsioari buruzko datuek «guztiz kontrakoa» erakusten dute. Eta sindikatuei egotzi die «datu bakar bat» ere ez aurkeztu izana, «Osakidetza desegitearen diskurtsoa» justifikatzeko.

Era berean, Sagarduik aitortu du arazo bat egon badagoela, baina esan du arazoaren jatorria ez dagoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Espainiako eta Europako osasun zerbitzu guztiei eragiten diela azaldu du: «Familia medikuntzako profesionalen falta, anbulatorioei eta larrialdiei eragiten diena». Haren esanetan, konponbideak «luzera begira» iritsiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.