Musika

Niña Coyote eta Chico Tornadok jaso dute MIN sarietako euskarazko disko onenaren Etxepare saria

Bikoteak sari hori jaso duen hirugarren aldia da. Atzo banatu zituzten sariak, Palman (Balearrak, Herrialde Katalanak).

Niña Coyote eta Chico Tornado. GALDER IZAGIRRE
mikel lizarralde
2023ko maiatzaren 18a
12:16
Entzun

Niña Coyote eta Chico Tornadok irabazi dute musika independentearen MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua saria. Palmako auditoriumean egin zuten sari banaketa, atzo gauean. Etxepare Euskal Institutuaren saria eskuratzeko hautagai finalistak ere bertaratu ziren ekitaldira: Merina Gris, Olaia Inziarte, Vulk eta Zea Mays, hain zuzen.

Epaimahaiak Niña Coyote eta Chico Tornado Vs Don Condor eta Ñora Alacrán (2022) lanagatik egin die aitortza taldea osatzen duten Ursula Strong eta Koldo Soreti.Azken album honetan, gitarretan oinarritutako rock-and-rollari cumbia ere gehitu diote, eta, hala, taldearen bi alderdi musikal azaleratu dituzte bertan. Diskoan askotariko musika tresnak erabili dituzte (baxua, gitarra, akordeoia, zintzarria, guiroa, ur makila). Mexikar eragina duten doinuak eta musika elektronikoa uztartzen ditu diskoak. Paula Mateus abeslariak eman zien saria.

Euskarazko disko onenaren Etxepare Euskal Institutua saria eskuratzeko, Arima Soul, Bulego, Eñaut Elorrieta, Esti Markez, ETS (En Tol Sarmiento), Ezpalak, Goxua´n Salsa, Ilargi, Ines Osinaga eta Mikel Urdangarin ere lehiatu dira. Aipatutako artistak, publikoaren bozketaren ostean, finalerdietara iritsi ziren. Ostean, epaimahaiak artista finalistak aukeratu zituen: Merina Gris, Olaia Inziarte, Vulk, Zea Mays eta Niña Coyote eta Chico Tornado. Eta azken horiek gailendu dira sariketan.

MIN sariak 2009. urtean sortu zituzten, Espainiako estatuko «sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei» ikusgarritasuna emateko. Etxepare Euskal Institutuak 2014. urteaz geroztik babesten du euskarazko album onenaren saria MIN sarietan, «euskaraz egindako musikari estatu mailan ikusgarritasuna emateko helburuz». 2022, 2021 eta 2020an sarituak izan ziren, hurrenez hurren, Verde Prato, Zetak eta Niña Coyote eta Chico Tornado. Hirugarren aldiz irabazi du euskarazko album onenaren saria talde donostiarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.