Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Txinak esan dio Ukrainari denei dagokiela «gerra bukatzeko baldintzak sortzea»

Kievek erantzun dio ez duela onartuko lurraldeak galtzea ekarriko duen proposamenik. Errusiak berriro bonbardatu du Ukrainako hiriburua. Afrikako herrialde batzuen ordezkaritza bat hartuko du Moskuk.

Errusiak goizaldean jaurtitako misiletako baten zati bat, gaur, Kieven.
Errusiak goizaldean jaurtitako misiletako baten zati bat, gaur, Kieven. EFE

Igor Susaeta -

2023ko maiatzak 18 09:21

Ukrainako gatazkari dagokionez ere, bitartekari rola hartu du Txinak, eta Pekinen goi diplomazialari Li Hiu Kieven izan da azkeneko bi egunetan. Han egin du lehen geldialdia, Europako beste hiriburu batzuetara eramango duen biran. Ukrainako Gobernuko agintariekin bildu da, eta, Txinako Atzerri Ministerioak gaur kaleratutako ohar batean adierazi duenez, ohartarazi die alde guztiei dagokiela «gerra bukatzeko baldintzak sortzea».

Kieven arabera, baina, Dmitro Kuleba Atzerri ministroak adierazi zion beharrezkoa dela Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatzea «bake egonkorra eta iraunkorra» berrezartzeko; hau da, Kievek ez duela onartuko lurraldeak galtzea ekarriko duen proposamenik. Aintzat hartu behar da Errusiak Ukrainako lau eskualde anexionatu zituela iazko irailean —Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson— eta horien zati esanguratsu bat kontrolpean duela.

Pekinek otsailean aurkeztu zuen gatazkari irtenbide baketsu bat emateko proposamena. Ukrainak eta Errusiak ez bezala, Mendebaldeak errezeloz hartu du planteamendua; besteak beste, ez diolako Moskuri eskatzen tropak ateratzeko Ukrainatik. Iazko otsailean inbasioa hasi zenez geroztik aurrenekoz, Xi Jinping Txinako presidenteak Volodimir Zelenski Ukrainakoarekin hitz egin zuen telefonoz, duela hiru aste pasa. Kieveko agintariekin batzartu ondoren, hurrengo egunetan Errusiara, Poloniara, Frantziara eta Alemaniara joatekoa da Li goi diplomazialaria.

Eta Afrikako herrialde batzuetako agintariak ere bake proposamen bat aurkeztekoak dira Errusiari eta Ukrainari. Asteartean, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak esan zuen Zelenski eta Vladimir Putin Errusiako presidentea prest daudela «Afrikako liderrak» hartu eta haiekin eztabaidatzeko, eta Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur baieztatu du Afrikako herrialde batzuen ordezkaritza bat Moskura joango dela bake egitasmo bat plazaratzera. Ez du zehaztu bilera noiz izango den, baina aurreratu du uztaila amaitu aurretik egingo dutela.

Leherketa Krimean

Bitartean, Errusiak, atzera, Ukrainako hainbat eskualde bonbardatu ditu goizaldean. Kieveko agintari militarrek adierazi dutenez, itsasotik, lurretik eta airetik 30 gurutzaldi misil jaurti ditu Moskuk, eta Ukrainaren aireko defentsa sistemek 29 erorarazi dituzte. Hiriburuari eraso egin diote maiatzean bederatzigarren aldiz, baita, esaterako, Odesa eskualdeari ere. Hango agintariek jakinarazi dute misil batek zibil bat hil duela.

Bestalde, Errusiako Belgorod eskualdeko gobernadore Viatxeslav Gladkovek jakinarazi duenez, Ukrainako indarrek bi zibil hil dituzte Berezov herrian —Ukrainako mugatik gertu—, misilekin egindako eraso batean. Bi hildakoez gain, ukrainarren oldarraldiak beste persona bat larri zauritu du, eta inguruko erietxe batera eraman behar izan dute, Gladkovek Telegramen baieztatu duenez.

Eta Krimeako penintsulan tren bat errailetatik atera da, trenbidean gertatutako leherketa baten ondorioz. Errusiak 2014az geroztik anexionatutako penintsulako buru militarren esanetan, bagoietako batzuek zerealak zeramatzaten. Ez da biktimarik izan. Ukrainak ez du bere gain hartu gertatutakoa, ezta egiletza gezurtatu ere, baina inteligentzia zerbitzuek adierazi dute Krimean ez dela bakerik izango Errusiako tropek handik alde egin arte. «Armak, munizioa eta besteak beste blindatuak trenbide horietatik garraiatzen dituzte», esan du Andrii Jusov inteligentzia zerbitzuko ordezkariak, Ukrainako telebista kate batean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Belarra eta Diaz elkarrekin, iazko ekainean. ©EFE

Podemos ere Sumarren barruan aurkeztuko da hauteskundeetara

Igor Susaeta

Ione Belarrak nabarmendu du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Diazek, eta «bidezko akordio bat» galdegin du. Koalizioak erregistratzeko epea bukatu baino ordu batzuk lehenago aurkeztu dute. Podemosek zortzi diputatu eskuratzeko aukera izango du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.