Israel - Palestina

Arabiarren aurkako oihuak eta mehatxuak nagusi Israelen Banderen Martxan

Arratsaldean milaka judu elkartu dira Jerusalem hiriaren «bat egitea» gogoratzeko egin den ekitaldian. Jordaniak salatu du Israelek ez duela eskumenik Jerusalemgo hiri zaharrean, eta Banderen Martxak ez lukeela handik igaro behar.

Hainbat lagun eskuin muturrak antolatutako Banderen Martxa hasteko zain, Damaskoko atean, Jerusalemgo hiri zaharrean. ATEF SAFADI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 18a
14:18
Entzun

Martxa hasi aurretik ere, tentsio giroa nabarmena zen Jerusalemen. Goizean goizetik ehunka judu bildu dira Meskiten Zelaigunean —han dago Al-Aqsako meskita ere—, eta haietako batzuk ahalegindu dira Israelgo banderekin sartzen ere, baina Poliziak kanporatu egin ditu. Aurreko egunetan, erakunde sionistek dei egin diete kideei ahalik eta jende gehien bil dezaten eremu hartan. Deialdiari erantzun diete herritar israeldarrek, baita Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuko hainbat kidek ere, tartean eskuin muturreko ordezkariak, besteak beste Garapen ministro Yitzhak Wasserlauf.

Jerusalemgo Banderen Martxak gogoratzen du nola 1967ko Sei Eguneko Gerrak Jerusalem ekialdea eta mendebaldea «batu» zituen —Jerusalem ekialdea Zisjordaniaren zatitzat jotzen du Nazio Batuen Erakundeak, baina Israelek okupatua du—. 1980an, Tel Avivek lege bat onartu zuen hiriaren ekialdea eta mendebaldea «betiereko eta banaezinezko hiriburu» izendatuz. Aurten, istiluak eragozteko argudioarekin, Israelek 3.000 polizia jarri ditu Jerusalem eta Meskiten Zelaigunea zaintzen. Baina horrek ez du eragotzi ehunka judu sionista hiri zaharrean sartzea arabiarren aurkako leloak oihukatuz, ez eta ere kolono juduek hiri zaharreko palestinarrei erasotzea. Israelgo Poliziak, berriz, bi ultraeskuindar sionista atxilotu ditu gaur arratsaldean, ustez kazetarien aurka oldartzeagatik.

Ikusi gehiago:Hiru mende laurdeneko Nakba

Protestak ere izan dira, hala ere. Jerusalem Askatu mugimenduko hainbat ekintzailek hirira daraman errepidea moztu dute martxara doazen kolonoei pasatzea galarazteko. «Okupazioa eta nagusitasuna goraipatzeko martxa bat da. Urtero ikusten dugu nola etortzen diren suak piztera, palestinarrak iraintzera eta haiek hiltzeko oihukatzera», salatu du mugimenduak ohar batean. Ez dira bakarrak izan. Erakunde palestinarrek eskatu diete beren kideei joan daitezela Meskiten Zelaigunea «babestera». Baina militarrek debekatu egin diete zelaigunerako sarbidea 50 urtetik beherako arabiarrei. Aldiz, Gaza eta Israel arteko mugara martxaren aurka protesta egitera joandako palestinarrak negar gasarekin sakabanatu dituzte, eta Israelgo Finantza ministro Yisrael Katzek ohartarazi dio Hamasi martxaren aurka egitera «ausartzen» bada «Jihad Islamikoko beren lagunen etorkizun bera» izango duela.

Otoitzera joan nahi zuten palestinarrak ez dira izan atzera egitera behartutako bakarrak. Martxa hasi baino bi ordu lehenago, Israelgo segurtasun indarrek itxiarazi egin dituzte Jerusalemgo hiri zaharreko palestinarren saltoki eta jatetxeak, segurtasunaren izenean. Horrez gain, dozenaka kontrolgune ezarri dituzte, Israelen bizi diren arabiarrei hiritik mugitzea oztopatzeko. «Gutxienez 1.400 saltoki itxiarazi dituzte Jerusalemgo hiri zaharrean. Horrez gain, errepide asko moztu egin dituzte; ondorioz, lanera joan behar zuten palestinarrak ezin izan dira lantokietara heldu, eta hiria gune militar bilakatu dute», azaldu dio Al-Jazeera telebistari PANen Jerusalemgo buruzagi Adnan Ghaithek.

Martxa «zentzugabe eta probokatzailea» dela salatu du PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohammed Xtayyehk, eta gehitu du «gezurrezko egitateak zabaltzea» duela helburu. «Palestinarrek jarraituko dute okupazio politikei aurre egiten, prezioa edozein dela ere», aldarrikatu du Xtayyehk.

Nazioartetik ere izan da salaketarik. Jordaniako Gobernuak gogorarazi dio Israeli hark ez duela eskumenik Jerusalemgo hiri zaharrean, eta Banderen Martxak ez lukeela handik igaro beharko. Atzerri ministro Sinan Makhalik komunikatu batean ohartarazi duenez, kolono israeldarren «ekintza erasokorrek» urratu egiten dute nazioarteko legedia, baita hiriaren statu quo-a ere.

Palestinako bandera, debekatuta

Eskuin muturrak proposatua da debekua. Haren arabera, urtebete arteko kartzela zigorra jaso dezakete hiru pertsona baino gehiagoko elkarretaratzeetan Palestinako bandera erakusten badute, legeak «erakunde etsai» gisa identifikatzen baitu herrialdea. Israelgo Parlamentuak atzo onartu zuen lege proiektua, behin-behinean, eta oraindik beste hiru bozketari egin behar die aurre.

Palestinako bandera maiz ikusi ohi da Israelen bizi diren arabiarren bilkuretan, baita Netanyahuren gobernuarekin kritiko diren ezkerreko mugimenduenetan ere. Gaur egun, bandera erakustea ez da delitu, berez; baina Poliziak debekatu dezake, baldin eta hura erakusteak «bakea urratuko badu». Neurria, ordea, unean bertan hartu dezake toki bakoitzeko poliziaburuak.

Legeak, dena den, ez dio soilik Palestinako banderari erreferentzia egiten. Proposamenak hauxe jasotzen du zehazki: hiru pertsona edo gehiago jendaurrean batzen badira, eta «erakunde edo estatu etsai bateko bandera», Israelen adiskide ez den erakunde edo estatu bateko bandera, edo bere eremuan Israelgo bandera baimentzen ez duen herrialde bateko ikurrak erakusten badituzte, debekatutako bilkuratzat hartuko da. Ondorioz, bilkura desegina izan liteke, eta parte hartzaileak, atxilotuak.

Lege hori salatu egin du Adalah erakundeak, Israelen bizi den arabiar gutxiengoaren eskubideak defendatzen dituen taldeak. Haren esanetan, legea muturrekoa da, debekua eremu publiko guztira zabaltzen duelako, ez soilik instituzio edo erakunde ofizialetara, eta delitu kriminal gisara identifikatzen duelako hura erakustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.