LAN ISTRIPUAK

Hil egin da joan den astean Burlatan lan istripu larria izan zuen gaztea

Joan den ostiralean izan zuen istripua 22 urteko gazteak. Makina altxatzaile batek harrapatu zuen, eta lesio oso larriak zituen toraxean.

Sunbillako lan heriotza bat salatzeko joan den azaroan sindikatuek Iruñean egindako elkarretaratzea. IñIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 18a
17:18
Entzun

Gaur hil da joan den ostiralean Burlatako (Nafarroa) Iturrondo industrialdean lan istripua izan zuen gaztea. 22 urteko langileak Automoviles Torregrosa enpresan egiten zuen lan, eta makina altxatzaile batek harrapatu zuen istripuaren egunean. 11:20an jazo zen istripua, eta larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu ziren. Toraxean zauri oso larriak zituen, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Sei egunen ostean, hil egin da.

CCOO sindikatuak eman du jakitera langile gaztearen heriotza. Nafarroan lan istripuen intzidentzia jaisteko neurriak «beharrezkoak» dira CCOOrentzat, eta baliabide gehiago eskatu ditu lan heriotzak murrizteko. Gobernuek enpresa kulturan erroko aldaketak sustatu behar dituztela adierazi du, eta sindikatuek prebentzioaren alorrean egiten duten lana goratu du. Bestalde, Lan Ikuskaritzan inbertsio handiagoa beharrezkoa dela adierazi du, Lan Arriskuen Prebentziorako Legea betetzen dela bermatzeko.

Horrez gain, enpresek eta jabeek duten lanaren kultura aldatu behar dutela uste du sindikatuak, «prebentzioa» eta «pertsonak» bestelako interesen aurretik jarriz: «Patronala da lan segurtasun alorreko legedia betetzen dela ziurtatu behar duena». Hildakoaren lankideei, familiakoei eta gertukoei doluminak bidali dizkie sindikatuak.

ELAk ere lan heriotza gaitzetsi du, eta aurten Hego Euskal Herrian hemezortzi langile hil direla adierazi du, lau Nafarroan. ELAren ustez, ezbehar tasa handitzeak «lotura zuzena» du prebentzio legedia ez betetzearekin, baita lantokietan zaintzarik eta kontrolik ez izatearekin ere: «Horregatik, ELAk enpresaburuen zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea seinalatzen eta lan ikuskaritzaren transferentzia eskatzen jarraituko du, azken horren langile taldea Europako batez besteko ratioarekin berdintzeko» esanez amaitu du oharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.