Araba

EP-IUk zerbitzu publikoak indartuko ditu landa eremuan

Lurralde «desorekak» saihesteko eskatu dute Garbiñe Ruizek eta David Rodriguezek. Herrietan hezkuntza publikoa «suntsitzen» ari direla salatu dute.

Elkarrekin Podemos-IUko hautagaiak, gaur, Dulantzin. ELKARREKIN PODEMOS-IU
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 18a
17:39
Entzun

Arabako lautadan dago Dulantzi, Gasteiztik 14 kilometrora, eta 3.000 biztanle inguru bizi da bertan. Landa eremuko toki askotan dituzten «premia» berberak dituzte herrian: «Garraio publiko egoki eta on bat behar du, osasun zerbitzu hurbilagoak eta hornituagoak, ikastetxe publiko berri bat gazteek herrian bertan ikasteko aukera izan dezaten...». Garbiñe Ruiz Elkarrekin Podemos-IUren Gasteizko alkategaiak ongi ezagutzen ditu Dulantziko herritarrek dituzten beharrak, hango udal kiroldegian lan egin baitzuen politikara salto egin aurretik. Koalizioak lautadako herria aukeratu du gaur goizeko ekitaldi nagusia egiteko, eta han mintzatu da Ruiz: «Landa eremuko herrietan bizi direnen bizi baldintzak hobetu nahi ditugu, eta hori soilik zerbitzu publikoak indartuz lortuko da».

Landa eremuko Arabaren indarra lelopean, mitina egin du EP-IUk Dulantzin, Martxoaren 8ko plazan. Ruizekin batera, oholtza gainean izan dira David Rodriguez Arabako ahaldungaia, Esther San Martin Arabako Batzar Nagusietarako hautagaia, Jose Manuel San Juan Dulantziko alkategaia, eta zerrendako beste kide batzuk.

Landa ingurunean oinarrizko zerbitzu publikoak sendotzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute hizlariek, eta «publikoa» zaintzera deitu dute, lurralde barruko «desberdintasunak, desorekak eta kohesiorik eza» saihesteko. Ruizen hitzetan, herrietan bizi direnen bizi baldintzak «hobetzeko» proposamen «errealak» aurkezten dituen alderdi politiko bakarra da koalizioa, eta baita zerbitzu publikoak «anbiguotasunik gabe» defendatzen duen bakarra ere.

Hezkuntza publikoaren alde
Herritako bizi kalitateari eusteko eta «garapen pertsonalerako» aukerak eskaintzeko, administrazio publikoek zerbitzu publikoak bermatu beharko lituzketela azpimarratu du Rodriguezek. Haren ustez, «funtsezkoa» da landa eremuan bizi direnek hirietan bizi direnek bezainbeste aukera izatea. Izan ere, salatu du EAJren eta PSE-EEren foru gobernuak «bi abiadurako» Araba bat sortu duela, eta horren ondorioz «lehen eta bigarren mailako» herritarrek osatutako gizartea eraiki dela, zeinetan batzuen eta besteen arteko «distantzia» gero eta handiagoa egiten ari den.

Horiek hala, lurralde desoreka amaitzea premiazkoa dela ohartarazi du Rodriguezek, Arabako herritar denek aukera berberak izan ditzaten. «Herrietan bizi garenok ezinbestekoa dugu gure oinarrizko zerbitzuak kalitatez eta 30 minutu baino gutxiagoan eskura izatea. Horrela murriztuko dugu lurralde desoreka».

Hezkuntza publikoaren aldeko defentsa sutsua egin du Arabako ahaldungaiak, halaber. «Landa hezkuntza publikoa eta kalitatezkoa» aldarrikatu, eta Dulantzin bigarren hezkuntzako ikastetxe publiko bat eraikitzeko galdegin zion Eusko Jaurlaritzari, 12 urte betetzen dituzten gazteek herritik kanpo joan behar ez dezaten ikastera. Salatu du Arabako herrietan hezkuntza publikoa «suntsitzen» ari direla, segregazioaren bitartez «ghettoak» sortuta eta zentroak baliabidez hustuz. «Ikastolei, itunpeko ikastetxeei eta ikastetxe erlijiosoei, ostera, ez zaie ezertxo ere falta», gaitzetsi zuen.

Bestalde, Dulantziko alkategai Jose Manuel San Juanek landa eremuko osasun zerbitzuen egoera «nekezaz» ohartarazi du. Azaldu du herrietan duten baliabide faltagatik eta osasun zentroen ordutegi murriztuengatik arreta jasotzeko zailtasunak dituztela, eta hirietan bizi direnen «eskubide eta aukera berberak» aldarrikatu ditu herrietarako.

Hiriaren aldean, herriak hezkuntzan, aisialdian, zaintzan eta osasunean atzean daudela salatu du, eta beharrezkotzat jo du erakundeek zerbitzu publikoak lehenestea. Besteak beste, Arabako kuadrilla guztiek anbulantzia medikalizatua izan beharko luketela esan du, «arta egokia» jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.