Telebista

TVEko ‘Conquis’ Julian Iantzik eta Raquel Sanchez Silvak aurkeztuko dute

Kapitainak Patxi Salinas, Joana Pastrana eta Cesc Escola izango dira. 33 lehiakide egongo dira. Hilaren 25ean hasiko dituzte grabaketak, Dominikar Errepublikan.

Raquel Sanchez Silva eta Julian Iantzi. MEDIAPRO
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 19a
10:25
Entzun

Hemeretzigarren denboraldian da ETB2ko El conquistador abentura reality-a, eta TVEk lehen aldiz emango du formatu hori datorren denboraldian. Hilaren 25ean hasiko dituzte grabaketak, Dominikar Errepublikan. ETBrentzat saioa egiten duen lantalde bertsua ariko da TVErentzat: zuzendaria Joxan Goñi izango da, eta ekoizle eragilea, Patxi Alonso. Aurkezleak, berriz, Julian Iantzi eta Raquel Sanchez Silva izango dira.

TVEren bertsioko lehen denboraldiko kapitainak Joana Pastrana boxeolari ohi eta enpresaria, Patxi Salinas Athleticeko jokalari ohia —ETB2ko Conquis-en aritua da zeregin horretan— eta Cesc Escola fitness munduko profesionala izango dira.

Hostoil ekoiztetxea (The Mediapro Studio taldekoa) eta TVE ari dira prestatzen Conquis-en bertsio berria. Horretarako, 250 langileko taldea ariko da Dominikar Errepublikan. Lehiakideak 33 izango dira: hemezortzi gizon eta hamabost emakume. Hautaprobetara 1.500 herritar baino gehiago aurkeztu dira.

Marilgo Prado del Reyko estudioetan programaren aurkezpen bat egin zuten atzo. Bertan, Ana Maria Bordas RTVEko originalen zuzendariak adierazi zuen Espainiako telebistan falta zen formatu bat dela: «Falta zitzaigun abentura eta arrisku formatua zen. Era berean, saioan ikusiko dira elkartasuna, leialtasuna, taldean lan egitea, norbere burua gainditzeko saiakera eta ingurumenaren zaintza».
Maria Eizagirre RTVEko Komunikazio eta Parte hartze zuzendariak, berriz, hau esan du: «Programa desberdin bat da, mendekotasuna sortzen duten horietakoa, eta ilusio handiz ari gara prestatzen».

100.000 euroko saria
ETB2ko bertsioan, abentura reality-aren irabazleak 20.000 euroko saria eramaten du —ogasunera doa sari horren %19, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bidez—. TVEko bertsioaren irabazleak, berriz, 100.000 euroko saria eramango du.

TVEko bertsioan, lehiakideak hiru taldetan banatuko dituzte. Hilabete batez ariko dira lehian, eta, horrenbestez, ekainaren amaieran bukatuko dituzte grabaketak. Haitises parke nazionalean egingo dituzte grabaketa guztiak.

Iantzik hemeretzi urte daramatza saioa ETB2n aurkezten. Hala ere, «gogotsu» dago bertsio berriarekin: «Gure bizitzetako esperientzia berezienetako bat izango da, gozamena sufrimenduaren parekoa baita». Salinas kapitaniak gogoratu du abentura «oso gogorra» egin zitzaiola 2016an: «Baina ilusio handia dut, eta abenturan borroka egiteko gogoz nago».

Hostoilek, iaz, Naufragoak abentura reality-a egin zuen euskaraz ETB1entzat. Ikusle datu txikiak izan zituen.

ETB2ko saioaren hemezortzigarren denboraldiak %24,4ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; finalak %28,8ko ikusle kuota bereganatu zuen.

Denboraldi honetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunen artean %27,7ko ikusle kuota du programak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.