Musika

Andy Rourke hil da, The Smiths taldeko baxu jolea

59 urte zituen, eta aspalditik zegoen gaixo

Andy Rourke, 1980ko hamarkadako argazki batean. BERRIA
mikel lizarralde
2023ko maiatzaren 19a
10:35
Entzun

Andy Rourke, The Smiths taldeko baxu jolea izan zena, hil egin dela jakinarazi du talde hartan kide eta lagun izan zuen Johnny Marr gitarristak. Rourkek pankreako minbizia zuen azken urteetan.

Ā«Ezagutu genuenok arima atsegin eta eder gisa gogoratuko dugu Andy, eta musikazaleek, berriz, gaitasun ikaragarriko musikaria izango dute gogoanĀ», adierazi du Marrek Twitterren.

1982tik 1987ra iraun zuen The Smithsek, eta denbora horretan Erresuma Batuko talde ezagunenetako bat bihurtu zen. Urte horietan guztietan, taldekide berek osatu zuten taldea: Morrisey abeslariak, Johnny Marr gitarristak, Andy Rourke baxu joleak eta Mike Joyce bateria jotzaileak, nahiz eta 1986. urtearen hasieran tarte oso labur batez Rourke taldetik apartatu zuten, drogekin zituen arazoengatik. Berehala itzuli zen, ordea.

Taldeak lau disko ofizial argitaratu zituen, The Smiths (1984), Meat is Murder (1985), The Queen is Dead (1986) eta Strangeways, Here We Come (1987), eta baita singleetan eta EPetan barreiatutako kantuen bi bilduma ere: Hatful of Hollow (1984) eta The World Won't LIsten (1987). Zuzeneko disko bat (Rank, 1988) izan zen taldearen azken diskoa, The Smiths deseginda zegoenean atera zutena.

The Smiths desagertu ondoren, Morriseyrekin kolaboratzen segitu zuen abeslariaren bakarkako bidean. Baina beste hainbat artistarekin ere lan egin zuen, batik bat estudioko musikari gisa: The Pretenders, Badly Drawn Boy, Killing Jone, Ian Brown...

2000ko urteetan, berriz, Freebass taldea sortu zuen Mani (The Stone Roses) eta Peter Hoookekin (New Order). Talde ezohikoa izan zen erabat, hiru musikariak baxu joleak baitziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.