Herrietako tabernak

Jan-edana baino gehiago

Herri txikietan ezinbestekoak dira tabernak, hartu-emanen sustatzaile ere badirelako. Gehienetan, bakarra egoten da, eta, sarri, udalarena izaten da. Badakite zerbitzu publiko bat direna, eta saiatzen dira herriko bestelako gabeziak ere asetzen. Bizirauteko laguntza eskatzen dute.

Ubideko taberna. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko maiatzaren 19a
11:21
Entzun

Trapagarango Larreineta auzoko taberna bakarra Irene izenekoa izan da azken urteetan. Lehenago bazeuden gehiago, baina itxi zituzten. Joan den Aste Santua pasatutakoan, ateak zarratu zituen, ugazabak erretiroa hartu duelako. Auzokoentzat galera handia izan da. Herrigunera ordubete luze dute oinez, 10-15 minutu autoz, eta ordu erdian behin funikularra dute. Mende erdi bat inguruz izan ditu azken tabernak ateak zabalik han. Eta ostalaritza negozio bat baino gehiago izan da. Bizilagunentzako topagune, sukaldean zerbait falta zutenerako larrialdietarako denda, eta, garai batean, baita ile apaindegia ere. Beraz, taberna zarratzean asko galdu dute. Auzo elkarteak konponbide bat eskatu dio Trapagarango Udalari.

Fikan ondo baino hobeto dakite zer den taberna barik geratzea. Gamiz-Fika udalerria osatzen duten herri bietako bat da. 1928an egin zuten bat ordura arte udalerri izandakoek. Bien artean kilometro bi daude. Ia 1.400 biztanle ditu, osotara, eta horietatik hirurehun bat bizi dira Fikako herrigunean. Udalak Errementari izeneko etxea atondu du, Fikako herritarren topaleku izateko eta jarduera soziokulturalak egiteko leku bat izateko. Martxo hasieran inauguratu zuten, eta hil bereko azken egunetik taberna ere badu. Publikoa da, beraz, eta Lander Mellak hartu du hura kudeatzeko ardura, lehiaketa publiko bidez. «Denbora tarte honetan, ikusi dugu taberna bat baino zerbait gehiago dela: herritarrak elkartzeko leku bat da», azpimarratu du Mellak.

Fikarra da hura, eta gogoan du garai batean zenbait taberna izan zituztela herrian. Apurka-apurka zarratuz joan ziren denak. Ordutik Gamizera, Mungiara edo inguruko beste herriren batera joan behar izan dute zerbait hartzera joan gura izan dutenean. Horregatik, harrera ona egin diete herrian. «Lehengoan komentatu zidan herriko batek ez zekiela Fikan hainbeste ume bizi zenik. Orain, umeak plazan egoten dira arratsaldean, eta gurasoak, tabernan». Fikako plaza bakarrean dago Errementari, eta terraza ederra du kanpoko aldean. Fikak Gamizekin partekatzen du medikua; Fikan martitzenetan eta eguenetan egoten da. Mellaren esanetan, igarri dute bi goiz horietan besteetan baino bezero gehiago izaten dituztela. Azken batean, plaza inguruak bizitza berreskuratu du.

Apiril bukaeran, Mungialdeko dantza taldeen topaketa egin zuten Gamizko frontoian, eta Fikako taberna lepo bete zitzaien bazkaltzeko orduan. Mellak uste du oraindik «nobedadea» direla. Egunotan, Asentsio jaiak ospatzen ari dira, eta aurreikuspen onak egin ditu. Halere, tentuz egin du balantzea: «Urtebete barru esango dizut zelan doakigun, eta horrelako negozio bat errentagarria den Fika bezalako herri batean». Azaldu duenez, gastu finkoak antzekoak dira taberna Fikan, Mungian, Gernika-Lumon edo Bilbon eduki. Ostera, bezero gutxiago daude herri txikietan, eta horrek eragina izan dezake diru sarreretan.

Gizaburuagako taberna. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ubideko Herriko Taberna kudeatzen du Miguel de Tenak eta argi du horrelako negozio bat errentagarri izateko «lan asko» egin behar dela. Herrian 164 biztanle baino ez daude erroldatuta. Herriko taberna publikoa da. Duela lau urte lortu zuen negozioaren kudeaketa. Haienaz gain, batzokia dago Ubiden, 140 metro eskasera. De Tenak-eta barikuetan, zapatuetan, domeketan eta astelehenetan baino ez dute zabaltzen, baina lau egun horietan, hamasei orduz. «Gogor lan eginda, ez zara aberastuko, baina, behintzat, bizitzeko beste irabazi dezakezu». Goizetan armosuak ematen dituzte, eta gero bazkariak, meriendak eta afariak. «Herriko familia batek otordu bereziren bat egin gura duenean etxetik kanpo, gurera etortzen dira. Umeen urtebetetze meriendak ere antolatzen ditugu. Hiletak daudenean, familiakoei eta herrikoei eskaintzen zaien mokadukoa hemen prestatzen diegu. ‘Hain egunetan hogei bat lagun etorriko gara’, esaten digute, eta guk prest izaten ditugu kroketak, urdaiazpikoa, gazta…».

Laguntzak eta formakuntza

De Tenak egunkarian irakurri du Soriako (Espainia) alderdi batek —Soria Existek, landa inguruak hustearen aurkako neurriak eskatzen dituen hautagaitza independenteak— berrehun biztanletik beherako herrietako tabernentzako laguntzak eskatu dituela Espainiako Kongresuan. Bizkaian ere politikariek halako zerbait bultzatu beharko luketela uste du De Tenak. «Ez dugu batere laguntza ekonomikorik jasotzen, baina ohiko tabernek eskaintzen ez dituzten zerbitzuak eskaintzen dizkiogu herriari, haiek baino egoera zailagoan». Esaterako, mezulari eta banatzaile askok haienean uzten dituzte herritarrek erositako paketeak. Alboko herriko farmaziakoekin ere elkarlanean aritzen dira: Ubideko pazienteei banatu behar dizkieten botikak tabernan uzten dituzte, tabernakoek ordaintzen dituzte, eta gero pazienteak tabernan jasotzen du eta ordaintzen dizkio tabernariari.

Dena den, diruaz gain, bestelako laguntzak ere behar dituztela azpimarratu du De Tenak. Berbarako, berak publizitateari eta sare sozialei buruzko prestakuntza gura luke jaso. «Tabernako makinetan eta altzarietan inbertitzeko laguntza ondo legoke, baina baita gure negozioa ezagutzera emateko tresnak ere. Jende gutxi gara Ubiden, eta ondo legoke kanpoko jendea ere erakartzea asteburuetan». Adibide bat ipini du: Gorbeialde landa garapeneko elkarteak turismo jasangarriaren inguruko prestakuntza eskaintzen die ostalariei, mendizaleei zer aholku eman jakiteko. Horrelakoak behar dituztela iruditzen zaio.

Gizaburuagako tabernako Rosa Carolina Godoyk ohartarazi du taberna mota hauek zarratuz gero ez dutela soilik tabernariek galtzen, herritarrek ere galtzen dutelako: «Taberna barik geratuko lirateke, eta egoera horretan, hilda legoke herria». Godoyk esan duenez, Gizaburuagako Udalak eta, bereziki, alkateak badute horren kontzientzia: «Santa Katalina eguneko herri bazkaria gurean egiten dute. Bultzada handia da guretzat; bestela, zaila da hil bukaerara iristea. Alkateak industrialdeko enpresa batean egiten du lan, eta, adibidez, hango norbaiten urtebetetzea bada, pintxoak eskatzen dizkigute, edo bisitaren bat badute, hona ekartzen dute bazkaltzera. Badaki hemen kontsumitzen ez badute, guk zarratu egin beharko dugula».

Esaterako, Lemoizko Urizar auzoko taberna publikoa eta bakarra zarratuta dago aspalditik. Udalerriak 1.300 biztanle pasatxo ditu, baina gehien-gehienak Armintza auzoan bizi dira, nahiz eta udaletxea, eskola eta hilerria Urizarren egon. Armintzan zenbait taberna daude, baina udalak ez du lortu Urizarkoarentzako kudeatzailea topatzea, iaz lehiaketa publiko bi egin zituen arren.

Fikako Errementari taberna. ARITZ LOIOLA / FOKU

Egokitzeko beharra

Ia berrehun biztanle ditu Gizaburuagak. Godoyren esanetan, astegunetan industrialdeko beharginak izaten dira bezero nagusiak. Herrikoak gutxi izaten dira; «zazpi edo zortzi, eguneroko bezeroak». Agian, lanetik etxera bidean kafea hartzen dutenak. Herrikoentzat asteburuetan izaten da topagunea: bariku eta zapatu gauetan, kuadrillak joaten zaizkie afaltzera, eta, domeka eguerdietan, mezatara joan direnak.

Sasoiak asko baldintzatzen ditu. «Neguan, 18:00etan zarratzen dugu, 19:00etatik aurrera herria hilik egoten da eta. Egun batzuetan 120 edo 150 euro baino ez ditugu egiten. Pertsona bat sukaldean eta beste bat barran, nahikoa. Udan, ostera, hiru egoten gara sukaldean eta hiru barran», dio Godoyk. Izan ere, bidegorri bat dago, eta Lea ibarreko jende asko ibiltzen da han paseatzen; Lekeitioko eta Aulestiko jendea, besteak beste. «Hau leku atsegina da umeekin egoteko, terrazan egoteko. Eguraldi onarekin jende asko etortzen da bazkaltzera». Herriko frontoia berritzen dabil udala; Godoyk espero du bukatzean jende gehiago joango zaiela.

Diru sarrerak handitzeko eta herriari beste zerbitzu bat emateko, Godoyk dendatxoa du bere tabernan: esnea, azukrea, arrautzak, ogia eta halakoak saltzen ditu. Gertueneko denda Lekeition daukate, zazpi kilometrora. “Batzuek aprobetxatzen dute, baina ez guztiek. Behin autoa hartuta, batzuek nahiago dute Lekeitioraino joan, han eskaintza handiagoa dutelako”.

Fikan, Mellaren familiak baserriko ogia egiten izan du lehendik. Orain, tabernan ere ipini dute salgai. Horrez gainera, arrautzak, gazta eta bestelako jaki batzuk saltzen dituzte. «Herritarrei zerbitzu bat ematea da gure helburua; bestela, Mungiaraino joan behar dute erostera. Taberna publikoen helburua herriari zerbitzua ematea da, batez ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.