Udal eta foru hauteskundeak

EAJk alde handiarekin irabaziko luke Araban eta Bizkaian, eta lehia estuarekin Gipuzkoan, EITB Focusen arabera

EAJ gehiengo osoa lortzetik hurre egongo litzateke Bizkaian, baina EH Bildu puntu eta erdira du Gipuzkoan. Nafarroan, UPNren, PPren eta Voxen batura gehiengo osotik urrun geratuko litzateke.

Hauteskunde kartelak Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Javi West Larrañaga.
2023ko maiatzaren 20a
14:18
Entzun

EITB Focusek gaur argitaratutako inkestaren arabera, 2019ko udal eta foru hauteskundeetako kopuru berberak izango ez badira ere, azken emaitza berdintsua izango litzateke. EAJ izango litzateke lehen indarra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gobernua osatu ahalko luke hiruretan baldin eta orain PSE-EErekin duen elkarlan akordioari eutsiko balio.

Nafarroan ere aldaketa gutxi iragarri ditu. UPNren, PPren eta Voxen batura gehiengo osotik urrun egongo litzateke, eta PSNk gobernatu ahalko luke, egungo koaliziokideek eta EH Bilduk onartuz gero. Navarra Sumak 20 hautetsi lortu zituen 2019an, eta, apurketaren eraginez, bizpahiru galduko lituzkete. UPNk 12-13 erdietsiko lituzke, eta PPk 5. Ciudadanosek ez luke behar adina boto lortuko Nafarroako Parlamentuan sartzeko. Haren ordez, berriz, Voxek 1 edo 2 lortuko dituela dio inkestak. Gainerako alderdiek antzera segituko dute, baina Geroa Baik jesarleku bat edo bi galduko lituzke, eta EH Bilduk beste horrenbeste irabazi.

Abertzaleak, gora

Gizaker enpresak egindako inkestaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJk eta EH Bilduk gora egingo lukete boto kopuruari eta jesarlekuei dagokienez, eta PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, behera. PPk eutsi egingo lioke orain daukan aulki kopuruari.

EAJ 25 eta 26 hautetsi artean legoke Bizkaian. 26 lortuz gero, gehiengo osoa izango du Batzar Nagusietan. Araban oso antzerakoak lirateke emaitzak: EAJk eta EH Bilduk bat gora, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek bat behera. Gipuzkoan espero da lehia. Inkestaren arabera, Gipuzkoan botoen %36,9 eskuratuko ditu EAJk, eta %35,3 EH Bilduk, baina inkestaren errore marjina %1,91koa da. Emandako kalkuluen arabera, EAJk 21-22 lortuko lituzke; eta EH Bilduk, berriz, 19-20.

PSE-EEk hautetsi bat galduko luke Araban –10 ditu orain– eta bi Gipuzkoan –9 ditu–. Bizkaian berdin eutsiko lioke (8). Elkarrekin Podemos 4tik 2ra jaitsiko litzateke Gipuzkoan, eta 6tik 4ra Bizkaian. Araban kolokan legoke bere 4 jesarlekuetako bat.

Nafarroan, zerrendaburuen balorazioa jaso du inkestak. Uxue Barkos da horien artean baloraziorik onena duen politikaria (5.2). Maria Txibite eta Begoña Alfaro berdinduta daude (5.0), eta Laura Aznal oso hurre (4.9). Nahiko beherago daude Javier Garcia (4.1) eta Javier Esparza (4.0).

Horrez gain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Gizakerrek inkestatuei galdetu die ea zein alderdi politikorekin datozen bat gehien ideologikoki. Araban, EAJ eta EH Bildu ia berdinduta leudeke (%22,4 eta %20,4); Bizkaian, EAJ nagusi, EH Bildurekiko alde handiarekin (%26,8 eta %12,9); eta, Gipuzkoan, EH Bildu gainetik (%26,5 eta EAJk %22,2).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.