Grezia

Mitsotakisek uko egin dio koalizio bat osatzeari, eta indarra hartu du bozak errepikatzeko aukerak

Greziako jarduneko lehen ministroaren alderdiak 146 aulki lortu ditu, gehiengo osotik gertu. Ezkerrak kolpe handia hartu du: Syrizak hamabost eserleku galdu ditu, 71rekin geratzeraino, eta MERA25 parlamentutik kanpo geratu da.

Kyriakos Mitsotakis jarduneko lehen ministroa, gaur, Katerina Sakellaropulu presidenteari eskua ematear, bien arteko bilkuraren aurretik, Atenasen. YANNIS KOLESIDIS / EFE
ander perez zala
2023ko maiatzaren 21a
21:49
Entzun

Greziako Parlamenturako hauteskundeetan zenbait sorpresa izan dira. Batetik, Kyriakos Mitsotakis jarduneko lehen ministroaren ND Demokrazia Berria eskuindarra espero baino askoz hobeto aritu da, eta gehiengo osoaren atarian geratu da. Bigarrenik, Syriza ezkertiarrak porrot egin du, 11 puntu jaitsi baita, eta NDtik oso urrun geratu; horrek, ezinbestean, gobernatzeko aukerarik gabe utzi du ezkerreko blokea; are gehiago kontuan harturik Giannis Varufakis Finantza ministro ohiaren MERA25 alderdia ganberatik kanpo geratu dela. Arreta, hortaz, Mitsotakisengan jarri da: kanpainan ohartarazi zuen bakarrik gobernatu nahi duela, eta horregatik egin dio uko, gaur bertan, koalizio gobernu bat osatzen saiatzeari. Agintari kontserbadoreak berriz egin nahi baititu bozak, gehiengo osoa lortzeko.

Gakoa zera da: hauteskundeak errepikatuz gero, garaileak 50 diputatuko saria jasoko lukeela. Hori lortu nahi du Mitsotakisek, eta horregatik aritu zen ideia horretaz atzo gauean ere, behin-behineko emaitzen berri izan zuenean. Berriz ere aipatu zuen harentzat ezinbestekoa den «gehiengo sendoa», eta, nahiz eta Irtenbide Greziarra ultranazionalistarekin elkartuta gehiengo oso hori bermatuta lukeen, agintari kontserbadoreak agerian utzi zuen bakarrik gobernatzea lehenetsiko duela.

Edonola ere, Greziako presidente Katerina Sakellaropuluk protokoloa bete behar izan du, eta horregatik egin dio eskaria jarduneko gobernuburuari, gaur. Ezezkoa jasota, Syrizari egokituko zaio koalizio bat osatzen saiatzea —eta gero, Pasoki—, baina, ezkerreko blokeak gehiengo osorik ez duenez, ez dago arrakastarako ia tarterik. Kasu horretan, bozak «ziurrenik ekainaren 25ean» egingo lituzkete, Mitsotakisek esan bezala; Greziako hedabideek uztailaren 2a ere aipatu dute.

NDk aulkien erdiak baino gehiago bildu zituen 2019ko bozetan, baina garai hartan hauteskunde legeak saria ematen ziolako boto gehien biltzen zuen alderdiari. Atzokoetarako, aulki kopuru gehigarri hori kendu zuen Syrizak, eta, halere, jarduneko lehen ministroaren indar politikoa espero baino hobeto aritu da; ez, ordea, gehiengo osoa bermatzeko bezainbeste. Hori bai, boto emaileek mezu argia bidali dute: nahiago dutela egonkortasuna, nahiz eta Mitsotakisen agintaldian zenbait eskandalu izan diren —espioitzarena eta tren istripuarena, kasurako—.

Eta ideia horretan sakondu du, hain justu, Syrizak hogei puntu galdu izanak duela lau urteko hauteskundeekin konparatuz gero. Praktikan, hamabost eserleku gutxiago dira, 71rekin geratzeraino. Hori bai, oposizioko lehen indarra izango da aurrerantzean ere; edonola ere, Alexis Tsipras alderdiko buruak atzo gauean aitortu zuen emaitzak «oso negatiboak» direla. «Beharrezkoak diren aldaketa guztiak egin behar ditugu berehala, hurrengo hauteskunde borroka erabakigarrian baldintza hoberenetan borrokatzeko». Adierazpen horretan ere ageri da, zeharka, hauteskundeak berriz egingo delako ideia.

Ezkerrarentzat, Syrizaren beherakada ez ezik, kolpe gogorra izan da MERA25 parlamentutik ateratzea ere, Pasok-KINAL aliantzaren eta KKE Greziako Alderdi Komunistaren gorakadek ez baitituzte orekatu galera horiek, ezta inkestek gehiengo osoa lortzeko ezkerrari ematen zizkioten aukera handiak islatu ere.

Ikerketarako eskaria

Greziaren gobernabideari buruzko eztabaida bete-betean, Europako Batzordeko Barne Aferetarako komisario Ylva Johanssonek gaur jakinarazi du eskari formal bat egin dutela migrazioarekin zerikusia duen afera bat ikertzeko.

Joan den ostiralean, The New York Times-ek bideo bat argitaratu zuen, eta horretan ageri da, egunkari horren arabera, Greziako kostazain batzuek nola kanporatzen dituzten asilo eskatzaile batzuk, eta, gerora, nola abandonatzen dituzten itsasoan.

Praktikan, hori gertatu zela frogatuko balitz —apiril erdialdeko data jarri diote gertakariari—, gertaera hori Greziako, Europako Batasuneko eta nazioarteko zuzenbideen urraketa bat litzateke. Horregatik, Johanssonek eskatu du «ikerketa independente eta oso bat» egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.