Israel - Palestina

Israelek hiru palestinar hil ditu Nablusen

Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, Balatako errefuxiatu gunean sartu dira militarrak bulldozerrekin, eta ez diete anbulantziei sartzen utzi.

Palestinarrak negarrez, Israelek hildako gazteetako baten gorpuaren ondoan. ALAA BADARNEH, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 22a
09:56
Entzun

Israelgo armada Zisjordaniako Nablus hiritik gertuko Balata errefuxiatu gunean sartu da goizaldean. Armadako iturrien arabera Al-Aqsako Martirien Brigadaren aurkako operazio bat egitera sartu dira lurralde okupatuetara —Al-Fatahren adar armatua da taldea—, eta hainbat lagun atxilotu dituzte. Operazioan, ordea, tiroketak izan dira, eta gutxienez hiru palestinar hil dituzte, eta beste sei zauritu, haietako bat larri. 24 eta 32 urte bitarteko hiru gizonezko dira hildakoak. Militarrek soilik bi hildakoren berri eman dute.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen eledun Nabil Abu Rudeinehk gogor salatu du gertatutakoa: «Benetako sarraskia da gaur gauetan Balatako errefuxiatuen kanpalekuan gertatutakoa, Israelek palestinarren aurka daraman gerraren beste atal bat. Nablusek eta inguruko herriak jasaten dituzten militarren eta kolonoen erasoak gerra krimenak dira, eta Israelek ordaindu egin behar du horiengatik». Abu Rudeinehk ohartarazi du AEBen isiltasunak areagotu egiten dituela krimen horiek, eta Joe Biden presidentearen administrazioak esku hartu beharko lukeela.

Antzera mintzatu da PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusi Hussein al-Sheikh ere. Haren esanetan, «erabateko gerra» deklaratu dio Israelek Palestinari, eta «hilketak, suntsiketa, gune sakratuen aurkako erasoak eta kokaguneen eraikuntzak» bultzatzen ditu horretarako: «Israelek palestinarrak sarraskitzen ditu bere biziraupena bermatzeko».

Etxe bat eraitsita

Zisjordanian bertan, baina Ramallah ipar-mendebaldeko Umm Safa herrian, palestinar baten etxebizitza bota du goizaldean Israelgo armadak, argudiatuta militarren baimenik gabe eraikia zela. Herriko alkate Marwan Sabahk Wafa berri agentziari azaldu dionez, 200 metro koadroko etxebizitza bat da eraitsi dutena, oraindik ere amaitu gabe zegoena. Etxeaz gain, inguruko nekazaritza eremuak eta errepidea ere hondatu dituzte.

Inguruko herritarrak protesta egitera irten dira, baina militarrek negar gasa jaurti diete, eta indarrez sakabanatu dituzte.

Zisjordaniako C Eremuak lurraldearen %60 inguru hartzen du, eta hanIsraelek du kontrol militarra eta administratiboa; ondorioz, ez die eraikitzeko baimenik ematen palestinarrei, ez eta beren etxeak berritzekoa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.