Enpresak

Metari inoizko isunik handiena jarri diote EBn pribatutasunagatik: 1.200 milioi euro

Konpainiari egotzi diote erabiltzaileen datuak behar bezala ez babestea AEBetara bidaltzean.

Meta konpainiaren logoa, AEBetan. JOHN G. MABANGLO/EFE
aitor biain
2023ko maiatzaren 22a
11:48
Entzun

Facebook, Instagram edo Whatsapp sare sozialen jabeari, Meta konpainiari, inoizko isunik handiena jarri diote Europako Batasunean pribatutasun arrazoiengatik: 1.200 milioi euro. Datuak Babesteko Irlandako Batzordeak jarri dio isuna, erabiltzaileen pribatutasuna ez babesteagatik. Konpainiak Irlanda du Europako egoitza fiskala, eta, beraz, erakude hori arduratzen da EBko pribatutasun araudia betetzen dela ikuskatzeaz. Urtarrilean ere zigortu zuen enpresa, datuen tratuagatik.

Erakunde horren arabera, erabiltzaileen datuak AEBetara bidaltzean konpainiak ez zituen aztertu «oinarrizko eskubideentzako eta askatasunentzako arriskuak» , eta horregatik zigortu du. Isun ekonomiko ezartzeaz gain, erakundeak debekatu egin dio konpainiari erabiltzaileen datuak Europatik AEBetara bidaltzea. Bost hilabete eman dizkio horretarako, eta beste sei hilabete etorkizunean datuak metatzeari utzi eta AEBetan gordeta zeuzkanak ezabatzeko.

Ikusteko dago, dena den, erabaki horrek zer ondorio izango duen. Ez baita lehen aldia AEBetako konpainia teknologiko handi hori datuak oker erabiltzeagatik zigortzen dutena Europako Batasunean. Duela bi urte, Amazoni ere jarri zioten isuna arrazoi beragatik; 746 milioi eurokoa izan zen orduan.

2020an Europako Justizia Auzitegiak hartutako erabakia dago auziaren oinarrian. Luxenburgok bertan behera utzi zuen EBren eta AEBen arteko itun bat. Pribatutasun Ezkutua zuen izena itun horrek, eta AEBen eta EBren arteako erabiltzaileen datuen transferentzia arautzen zuen. Luxenburgok, baina, eten egin zuen, Europako herritarren datuak arriskuan egon zitekeela argudiatuta.

Araudi berria negoziatzen ari dira bi aldeak orduz gero. Martxoan iragarri zuten ados jarri zirela, baina gaur-gaurkoz ez da neurri berririk sartu indarrean. Hain zuzen ere, iazko urtearen hasieran Metak mehatxu egin zuen EBn duen jarduera oro bertan behera utziko zuela baldin eta bi aldeek akordiorik lortzen ez bazuten. Datuak Babesteko Irlandako Batzordeak ohartarazi zion jada zitekeena zela konpainiak erabiltzen dituen lege oinarriak, SCC deiturikoak (kontratu klausula estandarrak), EBko lege orokorra ez betetzea. Duela bost urte jarri zen indarrean, 2018an, datuak babesteko araudi orokorra Europako Batasunean.

Helegitea jarriko du

Metak erantzun du arazoa ez dela konpainiarena bakarrik, eta iragarri du helegitea jarriko diola «justifikaziorik gabeko isun alferreko horri». Izan ere, konpainiak esan du «seinalatua» sentitzen dela, eta argudiatu du Europan diharduten sektoreko beste konpainia batzuen «milaka» tresna legal berdin erabiltzen dituela.

«Erabaki okerra da, justifikaziorik gabea, eta aurrekari arriskutsua ezartzen du EBren eta AEBen artean datuak transferitzen dituzten enpresa kontaezinentzat», azpimarratu du konpainiak. Hori bera nabarmendu du Nick Clegg konpainiako Lege Saileko buruak ere: «Arazoa ez da enpresa baten pribatutasun praktika; oinarrizko lege gatazka bat dago europarren datuak eta pribatutasun eskubideak eskuratzeari buruzko AEBetako gobernuaren arauen artean». Eta erantsi du datuen transferentziari buruzko auzia «uda honetan konpontzea» espero duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.