Ipar Irlanda

Sinn Feinek orain arteko emaitzarik onenak eskuratu ditu Ipar Irlandako udal bozetan

Errepublikanoek 144 zinegotzi izango dituzte hurrengo legealdian, 2019an baino 39 gehiago. DUP da bigarren indarra, 122 eserleku lortuta.

Sinn Feineko presidenteorde Michelle O'Neill, Belfasten, artxiboko argazki batean. MARK MARLOW, EFE
2023ko maiatzaren 22a
11:52
Entzun

Historikotzat jo dituzte askok Sinn Feinek Ipar Irlandako udal hauteskundeetako lortutako emaitzak. Izan ere, duela lau urteko hauteskundeetan baino nabarmen babes handiagoa jaso dute errepublikanoek: 144 zinegotzi, 2019an baino 39 gehiago. Haiek dira lehen indarra orain, bai udaletan, baita legebiltzarrean ere. Hala, Sinn Feineko presidenteorde Michelle O'Neillek eskatu dio DUP Alderdi Demokratiko Unionistari amaitu dezala botere partekatuko gobernuaren gaineko blokeoa. O'Neillen arabera, hautesleek argi utzi dute gobernua lanean nahi dutela.

Hain zuzen ere, DUP izan da hauteskundeotako bigarren indarra, 122 zinegotzirekin, eta duela lau urteko emaitza berberarekin. Alderdi unionistak iazko utzi zuen gobernu partekatua, brexit osteko merkataritza akordioekin ados ez zegoelako. Bide beretik, parlamentua ere blokeatzen ari dira unionistak.

Izan dira emaitza okerragoak izan dituzten alderdiak, besteak beste, UUP Ulstergo Alderdi Unionista, zeinak 54 zinegotzi lortu dituen, duela lau urte baino 21 gutxiago; behera egin du SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristak ere, 59 eserlekutatik 39ra igaroz. Aldiz, urrats bat aurrera egin du Aliantza alderdiak; 67 zinegotzi eskuratu ditu —duela lau urte baino hamalau gehiago—, eta hirugarren indarra bilakatu da, aurreko biei aurrea hartuta.

Hala, emaitza horiek eskuan, Ipar Irlandako Funtzio Publikoko buru Jayne Bradyk —funtzionarioen buruak— eskatu die alderdiei astearen amaieran elkartu daitezela blokeoa amaitzeko elkarrizketak hasteko, argudiatuta hori dela modu bakarra datozen hilabeteetarako aurrekontua adosteko. Ordea, DUPeko diputatu Gavin Robinsonen iritziz, hautesleek «sostengatu» egin dute alderdi unionistaren jarrera, eta horren froga dira udal bozetako emaitzak. «Hartu dugun bideari eutsi behar diogu», berretsi dio Robinsonek BBC kateari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.