Uholdeak

Urumea aldeko eta Bortzirietako euri jasen kalteak baloratzen ari dira

Aranoko zenbait baserri urik gabe daude oraindik; zerbitzu hori martxan jartzeko lanean dabil udala.

Berako herritarrak uren kalteak garbitzen, larunbatean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 22a
14:50
Entzun

Joan den ostiral gauetik larunbat goizaldera bitarte izan ziren euriteek kalte handiak eragin zituzten Urumealdean eta Bortzirietan (Nafarroa). Zehazki, herri kaltetuenak Arano, Bera eta Lesaka izan ziren. Asteburuan auzolanean aritu dira garbiketa lanak egiten, ahal zen neurrian, behintzat. Uholdeek utzitako lohia eta ura garbitzeko aukera izan badute ere, zenbait luizi ezin izan dituzte konpondu. Joxan Ruiz Aranoko alkateak adierazi duenez, «kalteak baloratzeko garaia» da orain.

Azaldu du etzi, asteazkena, Nafarroako Gobernuak bilera bat eginen duela, eta bertan euri jasek eragindako kalte guztiak aurkeztu beharko dituztela. Gaur hasi dira kalte horiek neurtzen. Asteburuan Aranoko errepide eta bide batzuk itxita egon badira ere, errepide nagusia –NA-4150– atzo 22:00etan ireki zuten, bi puntu jakinetan ordezko bideak jarriz. Izan ere, ezinezkoa da kaltetutako puntu horietatik pasatzea, asteak beharko baitira horiek konpontzeko.

Baserrietara joateko bideak ere atzo ireki zituzten, eta kalteen balorazio lanak egiten hasi ziren. Bide horiek berritzeko «premiazko laguntza» beharko dutela dio Ruizek. Hala ere, orain badute bertze arazo bat: ur zerbitzua. Izan ere, baserri anitz urik gabe gelditu dira, eta alkateak erran du zerbitzu hori «berriz ere martxan jartzeko lanetan» dabiltzala.

Bortzirietako herriek ere asteazkenerako aurkeztu beharko dute kalteei buruzko txostena. Aitor Elexpuru Berako alkateak erran du bi direla herriko puntu kritikoenak: musika eskola parean dago lehenbizikoa, eta Foruen plazako etxe azpian bigarrena. Lesakan, berriz, goiz-goizetik balorazio lanetan dabiltzala erran du Ladis Satrustegi alkateak; epe motzerako ez ezik, berriz ere horrelakorik gertatuko balitz ere prestatuta egoteko ere: «Nafarroako Gobernuko teknikari batzuekin lanean ari gara orain, horrelako lur mugimenduak gertatzen diren kasuetarako soluzioa bilatu nahi dugu».

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa ere lanean ari dela erran du Elexpuruk, baina oraindik ez dutela kaltetutako etxeen edo saltokien kopuru zehatzik. Horrez gain, Bera hondamendi eremu izendatzeko tramitazio lanetan hasiak direla jakinarazi du.

Kalteak

Bera izan da euriteek kalte gehien egin dioten herria. Zia errekako ur goraldiak herriko kale, etxe eta saltokiei eragin zien, baina ez zen industrialdera iritsi. Lesakan, berriz, luizi batek kanal bat itxi zuen, eta ura zenbait etxetara sartu zen. Aranon, ordea, kalteak ez ziren etxe edo saltokietan gertatu, errepideetan baizik. Zehazki, herrira sartzeko errepidean.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramailea Bortzirietan izan zen larunbatean. Adierazi zuenez, aurreikuspen meteorologikoek ez zuten uholde arriskurik iragarri; hortaz, 02:00ak eta 04:00ak bitarte ezarri zen alerta gorria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.