Lan gatazka

Bizkaiko ostalaritzan lanuzteak egingo dituzte ekainaren 1ean, «hitzarmen duina» eskatzeko

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek hiru orduko hiru lanuzte iragarri dituzte. Manifestazioa ere egingo dute, 20:00etan hasita.

Sindikatuek Bizkaiko ostalaritzaren patronalaren atarian egindako protesta. UGT
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 22a
19:21
Entzun

Bizkaiko ostalaritzako langileak lanuzteak egiten hasiko dira ekainaren lehenean, hitzarmen berriaren negoziazioa desblokeatzeko. Hiru lanuzte egingo dituzte: 07:00etatik 10:00etara lehena, 12:00etatik 15:00etara bigarrena, eta 19:00etatik 22:00etara azkena. Azken tarte horretan, 20:00etan, manifestazioa egingo dute, Bilboko Ledesma kaletik abiatuta. Bizkaiko ostalaritza patronalaren egoitzako atarian iragarri dituzte lanuzteak eta mobilizazioa, Bilboko Kale Nagusian. 25.000 langile inguruk egiten dute lan hitzarmen horren baldintzapean.

Sindikatuen esanetan, 2020ko urtarriletik ez dute izan soldata igoerarik. Adierazi dute sektoreko langileak pandemia ordaintzen ari direla oraindik: «[pandemia hasi zenetik] ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente osoak jasan ditugu, nahiz eta ez diren konponbide bat izan sektorearentzat. Ondoren, ABEE partzialak izan genituen, eta, horrekin, gure lan baldintzak guztiz malgutu ziren».

Esan dute KPI kontsumo prezioen indizea %12 handitu dela soldata azkenekoz igo zietenetik, eta gehitu dute soldata berberak dituztela oraindik: «Sektoreko prezioak %15 igo dira, eta gure soldatak %0». Sektoreko enpresariei egotzi diete irabazi marjinak handitzea «langile klasearen bizkar».

Urrian ere grebak eta lanuzteak egin zituzten, eta, orduan, ELA sindikatuak idatzitako ohar batean adierazi zuten sektoreko langileek soldatak igotzea ez ezik bestelako neurriak ere nahi dituztela; lanaldia kontrolatzeko mekanismoak, esaterako. Izan ere, ostalaritzan ohikoak dira lanaldi luzeak izatea eta lanordu gehigarriak egitea, baita egutegi malgua izatea eta ordutegia egunez egun aldatzea ere. Hori dela eta, Gipuzkoako ostalaritzaren hitzarmenean –duela gutxi berritu dute– lanaldia kontrolatzeko mekanismo bat jaso zuten: bost langiletik gorako enpresetan telematikoki fitxatzeko sistemak ezartzea. Nafarroan ere hitzarmena berritzeko borrokan daude sindikatuak eta langileak, eta antzeko neurriak eskatzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.